Igor Elordui Etxebarria
Hesia urraturik libratu huen kanta, lotura guztietatik, gorputzaren mugetatik, aske sentitu nahirik” dio Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kantaren estrofa batek. Gauza jakina da kantua Fernando Aire Xalbador bertsolariaren omenez egin zuela Letek, hura hil eta gutxira. Beraz, zerikusi gutxi daukate Xalbadorren hesi, lotura eta mugek aipatuko ditudan beste hesi, lotura eta mugekin. Baina badago bietan, ostera, guztiaren gainetik dagoen gurari bat: aske sentitzeko nahia.
Egunotan, Larrabetzun, hainbat ekintza egingo dira faxistak herrian sartu zireneko 82. urteurrena dela eta. Apurtu ere Larrabetzuko Gaztelumendi mendian apurtu baitzuten frankistek Bilbo babestu gura zuen Burdin Hesia 1937ko ekainean. Behin hori eginda, egun gutxira hartu zuten Bilbo, duela 82 urteko ekainaren 19an. Eta hesi bat apurtzearekin batera beste hesi bat ezarri zuten gerra irabazi zutenek Euskal Herrian: urte luzez (ai, hainbeste urtez!) gerra hura galdu zutenak kateatu, jazarri eta zigortu zituen hesi latz bat; gerra galdu izanaren kontzientzia ere kasik desagerrarazi duen hesia; bizi izandako zorigaitz guztiak gogoratzeko, are gutxiago kontatzeko, ezintasuna, de jure eta de facto, ekarri zuen hesia.
Horregatik da hain inportantea Larrabetzun (eta beste leku batzuetan) azken urteetan egiten ari diren lana, oroimen historikoaren aldeko lana, Alzheimer politikoaren aurkako borroka. Egunotan, hauxe topatuko du, besteak beste, Larrabetzura hurreratzen denak: gaur bertan, arratsaldeko 19:00etan Indusketak Burdin Hesian (Gaztelumendiko, Laukizko eta Gamiz-Fikako indusketen nondik norakoen azalpena). Bihar, zapatuz, omenaldia asturiar milizianoei eta gudariei: kalejira, ekitaldia, bazkaria… Datorren astean, asteazkenez, hilak 26: Eusko Gudariak kantaren lehen grabazioak 80 urte hitzaldi-entzunaldia, Iñaki Berazategirekin. Hortik egunetik barikura arte, hau da, 26tik 28ra, Gerra Zibilari buruzko komikien erakusketa Hori Bai gaztetxean. Amaitzeko, hau ere Hori Bain, Lucio Urtubia anarkistari buruzko Gerezi Garaia komikiaren aurkezpena, egilearekin berarekin, Mikel Santos Belatzekin.
Inoiz esan ezin diren estalitako egien oihurik bortitzena… Non hago, zer larretan… Egia esan, elkarren antz gutxi Xalbadorrek eta nire aittitte Patxok, euskalduntasuna eta buru gaineko txapela ez bada. Baina biekin gogoratu naiz gaur, hesia urraturik. Aittitte Patxo, Ezkerra ezizenez eta izatez, boluntario joan zen gerrara, etxean emaztea eta zazpi seme-alaba utzita, Errepublikaren eta Euskadiren alde borroka egitera. Idatz nezake hemen itzelezko balentriak egin zituela, hau eta beste; baina ez, balentriak amama Karmenek egin zituen, halabeharrez. Gure aitak dioena egia bada, ganoraz tiro egiten jakin barik joan zen eta ganoraz tiro egiten jakin barik itzuli zen, urte batzuk geroago, preso zegoen Santoñako kartzelatik. Horrek, edozelan, nire berarenganako mirespena areagotu baino ez du egiten, ausardia eta konbentzimendua behar baitira gerrara horrela joateko.