Eguzkiaren lorea, gizakien etxeak gordetzen dituena

Eguzkiaren lorea, gizakien etxeak gordetzen dituena

Peru Azpillaga Diez

Gizakiak sarri erabili izan du mitologia ulertzen ez dituen gauzei azalpena ematen saiatzeko: munduaren sorrera, eguraldia, zerua, eguzkia eta ilargia… Ezagutza heltzen ez zen tokietara heltzeko, mota guztietako azalpen eta istorioak sortu izan dira jakin-minaren sabel aseezina betetzeko ahaleginean. Izan ere, izaki eta kontakizun mitologikoak izan dira maiz gizakiak biziaren zentzua azaltzeko topatutako bideak.

Hala, istorio eta kondaira askotan aurki daitezke garai batean azalpenik ez zuten fenomenoei topatutako zergatiak. Fenomeno horien guztien artean, besteak beste, eguzkiak eta ilargiak denbora luzez obsesionatu izan dituzte gizakiak; kultura eta gizarte askoren oinarri bihurtzeraino. Pertsonen bizitzetan betidanik izan duten garrantzia dela eta, jainkotzat hartuak izan dira hainbat herrialdetan, eta, Euskal Herrian ere, berebiziko pisua izan dute tradizioetan.

Gehienak galdu egin dira, baina badira oraindik indarrean dirauten ohiturak, eta, horien artean, bada Euskal Herri osoan zabalduta dagoenik. Esaterako, Lapurdin eta Bizkaian, erraz topa daiteke eguzki lore bat edozein etxetako atarian eskegita. Esaten denez, espiritu txarrak aldentzen ditu eguzki loreak, eta, hain zuzen ere, bada euskal mitologian usadio horren arrazoia azaltzen duen kondaira bat.

Iluntasuna urratzeko lorea

Esaten denez, orain dela milaka eta milaka urte, gizakia munduan zehar zabaltzen hasi zenean, ez zen ez eguzkirik ez ilargirik existitzen. Hortaz, gizakia ilunperik sakonenean bizi zen, lurraren azpitik ateratzen ziren itxura askotako mamuek izuturik: herensugeak, jentilak, zaldi hegalariak, sorginak…

Ikaratuta eta aurrera egin ezinik, gizakiak laguntza eskatu zion Amalurrari, etsita. Amalurra, baina, oso lanpetuta zebilen, eta ez zion jaramonik egin gizakiaren eskariari. Denbora igaro zen, eta gizakiak behin eta berriz egin zion erregu Amalurrari, arren babes zitzala nahierara ibiltzen ziren munstro ikaragarri horietatik.

Azkenean, Amalurrak gizakien eskaria gogoan hartu, eta zera esan zien: “Seme-alaba nireak, Ilargia izeneko izaki argitsu bat sortuko dut zuek babesteko”. Eta, hala, Lurrak Ilargia sortu zuen. Hasieran, astro berriaren argiak izu-izu eginda utzi zituen gizakiak, kobazulotik irteteko ausardiarik gabe. Baina, handik gutxira, egoera berrira ohitu, eta haren argitan ibiltzen hasi ziren.

Jenioak eta sorginak ere zeruan agertutako argi berriarekin izutu egin ziren hasieran, gizakiak bezala, baina berehala ohitu ziren, eta gizakiak erasotzen hasi ziren berriz ere. Arazoak indarrean jarraitzen zuela ikusirik, beste behin joan zitzaion gizakia Lurrari erreguka: “Esker mila, Amalur, Ilargia emateagatik, baina zerbait indartsuagoa behar dugu; lurpeko jenioak erasoka ditugu berriz ere”.

Lurrak, orduan, gizakiaren eskaera onartu, eta Eguzki izeneko izaki are argiago bat sortu zuen. “Eguzkiak eguna egingo du, eta Ilargiak gaua”, azaldu zien. Hainbestekoa zen Eguzkiaren indarra, ezen gizakiei urteak kostatu baitzitzaien haren argitasun eta berotasunera ohitzea. Kontrara, ordea, lur azpiko jenioek ezin izan zioten Eguzkiaren indarrari aurre egin, eta, egun horretaz geroztik, gauez baino ez dira ateratzen. Ilargia atera bezain laster, ordea, gizakien ehizari ekiten zioten jenio maltzurrek, eta, horregatik, gizakiek hirugarrenez jo zuten Amalurrarengana, erreguka. “Hau izango da lagunduko dizuedan azkenengo aldia”, erantzun zien. “Lore bat sortuko dut, hain ederra ezen gaueko mamuek ikustean Eguzkia dela pentsatu eta bakean utziko zaituzteten”. Hala, eguzki lorea sortu zuen Amalurrak, egun ere gizakien etxeak gaizkitik babesten dituen lorea.