Bizkaitik ere Miarritzeko G7koen kontra mobilizatzeko deia egin dute

Bizkaitik ere Miarritzeko G7koen kontra mobilizatzeko deia egin dute

Peru Azpillaga

G7koen goi bilkurak munduko zazpi potentzia ekonomiko nagusiak Txina eta Errusia kenduta bilduko ditu Miarritzen abuztuaren 24tik 26ra bitartean. Hala, Euskal Herrian izango da lehendabiziko aldiz munduko herrialderik boteretsuenen artean dauden zazpi herrialdeetako ordezkarien arteko bilera. Izan ere, G7koen gailurrak Kanada, Italia, Ameriketako Estatu Batuak, Japonia, Erresuma Batua, Alemania eta Frantzia bilduko ditu, datozen urteetako neurriak adosteko.

Bilkura horri aurre egiteko, Euskal Herri osoko eragile sozial, sindikal zein herri mugimenduek G7 Ez plataforma sortu dute, G7koen presentzia errefusatzeko eta aldaketa sozialaren aldarriari “hauspoa” emateko. Bizkaian ere, eratu egin da G7koen aurkako plataforma, eta, hainbat eragile sozial, politiko eta sindikal baturik, goi bilkuraren aurka mobilizatzeko deia egin dute.

“G7koen erabakiek eragin zuzena dute gure eguneroko bizitzan”, azaldu du Mikel Alvarezek, Bizkaiko G7 Ez plataformaren izenean mintzatuz. “Izan ere, nazioarteko esferan hartzen diren erabaki politiko eta ekonomiko guztiek gerora Euskal Herrian batzuk ezartzen saiatzen diren politika eta dinamikak norabidetzen dituzte”, argudiatu du.

Argitara eman dutenez, aurten, Frantziak hartuko du G7koen taldeko gidaritza, eta horregatik erabaki dute goi bilkura Miarritzen antolatzea. Zazpi herrialdeen arteko batzarrean, mahai gainean egongo diren gaien artean, besteak beste, desberdintasunak, ingurumenaren egoera edota Afrikako kontinenteko errealitatea izango dira protagonista. “Argi dago horren atzean dagoen helburua ez dela gehiengo sozialaren bizi baldintzak hobetzea”, salatu du Alvarezek; “kontrara, helburua egoera horietatik ahalik eta etekin ekonomiko gehien ateratzeko pausoak definitzea izango da”, erantsi du.

Bizkaiko G7 Ez plataformatik beste mundu mota bat posible dela aldarrikatu dute, eta hala pentsatzen duten pertsona guztiak G7koen aurka mobilizatzera deitu dituzte. Nabarmendu dutenez, gutxi batzuen aberastasunaren oinarria munduko beste herrialde batzuen “esplotazioan, ingurumenaren suntsiketan edota milioika langileon esplotazioan” oinarrituta baitago. “Nazioarteko kapitalaren eta korporazio handien boterea olagarro baten modukoa da, bizitzako esparru guztiak erasotzen dituzte euren erroekin”, zehaztu du Alvarezek. Horregatik guztiagatik, erantzun “bateratuak” emateko beharra azpimarratu dute G7 Ez plataformatik, “erresistentzia eta alternatiba anitz” bilduz.

“Erasoa” eta “aukera”

G7koen aurka mobilizatzeko, beraz, bost data plazaratu ditu plataformak. Lehenengoa, bihar bertan izango da, 12:30ean Frantziako kontsulatutik egingo duten kalejira batekin. Ostera, uztailaren 13an Miarritzen egingo den manifestazioaren berri eman dute, G7koen aurkako protesta egiteko egongo den lehen mobilizazio nazionala. Horrez gain, jakinarazi dutenez, G7 Ez plataformak abuztuaren 21etik 23ra kontragailurra antolatuko du, Euskal Herriko eta Europako mugimendu sozial politiko eta sindikal anitzen parte hartzearekin. Abuztuaren 24an —goi gailurra hasiko den egunean— Irunen egingo den manifestazioaren berri ere eman dute, eta hurrengo egunean, abuztuaren 25ean, gailurraren kontrako protestak izango direla aurreratu dute.

Alvarezek azaldu duenez, G7koen goi bilkura Euskal Herriko eta, oro har, munduko gehiengo sozialaren aurkako “erasoa” izateaz gain, “aukera” bat ere izan daiteke. “Aukera bat izan daiteke azken urteetan mugimendu sozial, sindikal eta politikoek aurrera eraman dituzten borroka komunak bateratzeko, eta konplizitate, erresistentzia eta alternatiba konpartituak eraikitzeko”, esplikatu du.