Heriotzari errespetua

Heriotzari errespetua

Natalia Salazar Orbe

Sherlock Holmes detektibe ospetsuaren bidez egin zen ezagun mundu osoan zehar Britainia Handiko Txakur Beltzaren kondaira. Arthur Conan Doylek elezahar horretan oinarrituta idatzi zuen Baskervilleko txakurra. Britainia Handiko folklorean agertzen da izaki hori. Bereziki, landa eremuan. Heriotzaren iragarle gisa hartzen dute. Gauez azaltzen da, sarri asko, odol gorri koloreko begiak dituela.

Bizkaiko kondairetan ere ageri da txakurra, nahiz eta ez zaldiak edota zezenak bezainbeste. Heriotzari lotuta agertzen da hemen ere: ugazabak hiltzen direnean haiei jarraitu ohi diete txakurrok, eta haien hezurrak zaintzen dituzte. Hala jaso du Toti Martinez de Lezeak Euskal Herriko leiendak lanean.

Barakaldon, esaterako, norbait hil ondorengo gauean txakur bat azaltzen omen zen, ahoan zuzi bat zeramala. Norbait ikustean, aurkitzen zuen lehenengo putzuan sartu eta desagertu egiten zen. Hala jaso zuen Resurreccion Maria Azkuek, folklore, kondaira eta herri ipuinak biltzeko lanetan.

Berrizen ere badago txakur beltz handi bat ageri den elezahar bat. Egun gutxiren buruan ezkontzekoa zen mutil gazte bat du protagonista. Gonbidapenak banatzen ari zen senide eta lagunen artean. Horiek banatuta, pozik zihoan etxerako bidean. Hilerri aurretik pasatzean, burezur bat ikusi zuen lurrean. Ehorzleari hezurtegira bidean eroriko zitzaiola pentsatu zuen. Ostiko batez bota, eta hala esan zion: “Hi ere nire ezkontzara gonbidatzen haut, etorri ahal baduk behintzat! Kar, kar, kar!”.

Bidean aurrera egin zuen, lasai asko, atzera begiratu zuenera arte: zakur beltz handi bat zuen jarraika. Begietan beldur izugarria sorrarazi zion zerbait antzeman zuen mutilak. Ikaratuta zegoen.

Zurbil eta larri iritsi zen etxera. Amak ikusi zuenean, hura ere ikaratu egin zen, semea hala ikusita: “Baina, seme! Zer gertatzen zaizu? A zer aurpegia daukazu!”.

Hilerriaren aurrean egindakoaren berri eman zion semeak, eta nola jazoera haren ostean zakur beltz handi bat ekarri zuen atzetik segika etxeraino. Kontakizunarekin harrituta, leihotik begiratu zuen emakumeak. Hantxe zegoen txakurra, emakumeari begira-begira. Izutu egin zen, eta semeari esan zion: “Ene bada, seme! Zoaz bizkor On Martzialengana. Oso zaharra da, eta sorgin ospea ere badu. Hark jakingo du zer egin behar duzun. Ez denborarik galdu! Zoaz korrika!”.

Ziztu bizian atera zen mutila On Martzialen etxera bidean. Herrian jakintsutzat zuten gizonak hausnarketa egin zuen une batez. Kanpoan, etxetik metro batzuetara geldi geratu zen txakurrari begiratu, eta astiro-astiro azaldu zion zer egin behar zuen beldurrak jota zegoen mutikoari. “Gaizki egin duzu burezurrari ostikoa emanda. Txakurra hildakoaren zaindaria da, eta zure kontrako mendekua hartuko du egin diozun kalteagatik”. Mutilak dena galduta zegoela pentsatu zuenean, konponbidea bazegoela esan zion agureak: “Agian oraindik izango duzu irtenbidea: ezkontzako oturuntza hasten denean, jar ezazu txakurra zure ondoan. Hori bakarrik ez: eska ezazu beste edozeini baino lehen, berari zerbitza diezaiotela jana”.

Hurrengo egunean zuen ezkontza. Oturuntzaren ordua iritsi eta txakurra bere ondoan eserarazi zuen. Senide, lagun eta gonbidatu denak ezin zuten sinetsi ikusten ari zirena: txakur beltz handi hura mahaian zegoen, ezkontzara agertu ziren guztiekin batera, eta leku pribilegiatuan.

Gutiziak, zakurrari

Hasi ziren janaria zerbitzatzen, eta beste inork probatu orduko, txakurrari ematen zizkion dastagai zituzten gutiziak. Gonbidatuak zur eta lur zeuden: txantxetan ari ote zitzaien? Edo zoratu egin ote zen? “Baina motel! Nola emango dizkiozu bada janaririk gozoenak zakurrari? Erotu egin al zara?”. Mutilak, berriz, ordura arteko jarrerarekin jarraitu zuen. Eta erantzun zien: “Ez iezadazue ezer galdetu. Nik baditut arrazoiak egiten ari naizena egiteko”.

Oturuntza bukatu zenean, ordura arte isilik egon zen txakurrak hitz egin zion mutilari: “Ondo egin duzu agurearen esana beteta, gainerakoan zigor latza jaso beharko baitzenukeen. Nire jabearen zaindaria naiz, eta berak bidali nau zuk egindakoagatik mendeku hartzera. Orain barkatu dizu hori, eta ez nauzu berriz ikusiko”.

Hori esanda, txakurra desagertu egin zen. Eta mutikoak atsedena hartu zuen.