Txangoak eta tailerrak Getxoko Aste Berdean

Ozeanoen eguna bihar, baina Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ere asteon izan da, asteazkenean. Hori dela eta, ekitaldiz jositako Aste Berdea egiten ari dira Getxon. Herritarrak kontzientziatzeko helburuarekin, hitzaldiak, proiekzioak, tailerrak eta jolasak izango dituzte egunotan, baita gaueko txango bat ere.

Gaur arratsaldean haurrentzako jolasak izango dira Algortan, eta, aurrez, eguerdian, kotoizko poltsak banatuko dituzte plastikozko poltsen truke.

Bihar goizean, berriz, hegaztien eraztunketa tradizionala egingo dute Bolue hezegunean, eta haurrentzako tailerrak Areetan. Arratsaldean, material birziklatuarekin musika tresnak egiteko tailerra izango da San Nikolas plazan, eta kontzertua egingo dute gero. Gauean, berriz, ibilaldia egingo dute Gorrondoatxa hondartzara, apo lasterkarien habitata ezagutzeko.

Landare inbaditzaileak kontrolatu eta Gorrondatxeko txilardiak berreskuratzeko jarduera izango da etzi goizean, eta itsaslabarrak eta dunak garbitzera ere joango dira. Astelehen arratsean amaituko da astebeteko jarduna, Berandu baino lehen dokumentalarekin.