Mila bider ongi etorri

Igor Elordui Etxebarria

Aizu!-n, AEKren aldizkarian, ikus daitezke, azken zenbakiko 17.orrialdean. Goiko argazkian korrika ikusten ditugu, ezkerretik eskuinera eta hurrenez hurren: Jatta, Zaka (Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearen banderola beilegia eskuan) eta Marta, 21. Korrikako 2.389. kilometro-zenbakidun petoa soinean. Beheko argazkian, ostera, zutunik ageri dira, irribarretsu, eskuinetik hasita, Zaka eta Marta; eta haien ondoan, Danilo. Aurrean, eserita, Jatta; eta Jattaren aldamenean Lina eta, ezkerrerago, Gricelda. Aizu!-n argitaratutako erretratu horren igual-iguala daukat nik, egun berean aterata. Desberdintasun bakarra dago: nirean eskuinaldean hutsik ikusten den berde koloreko eserleku-zatian, Jattaren ondoan, ni nago. Twitterrera igo ditut Aizu!-ko erreportajea, argazkia eta azalpen testua: Ekaineko Aizu!-n Arteako Herriko Benta, Artea Sarea, elkartasuna, euskara… Euskalduna ez delako jaiotzen, euskalduna egin egiten delako. Biba zuok, ikasle maiteok!

Martak ezin hobeto kontatzen du euskara ikastera zerk bultzatu duen: “Euskara garrantzitsua da hemen. Ez dakit beste leku batzuetan gertatuko den, baina hemengo jendeak gurekin partekatu nahi izan du bere hizkuntza, eta aukera eman digu ikasteko, elkarrekin hitz egiteko. Gainera, eskertu egiten dute gu euskaraz ahalegintzea. Guretzat aukera handia da, eta gu ere garrantzitsu egiten gaitu”.

Marta Guatemalakoa da, Jatta Gambiakoa, Zakaria Marokokoa, Danilo Nikaraguakoa, Lina Kolonbiakoa eta Gricelda Honduraskoa. Errefuxiatuak dira. Eta euskara ikasleak. Ez dute euskaldun prototipikoaren itxura, inondik ere, baina, duda barik, honezkero berton jaiotako asko baino euskaldunagoak dira. Eta, ausartzen naiz esatera, beharrezkoagoak ere bai.

Nork bere historia du, batzuen kasuan gogorra, eta beste batzuen kasuan… are gogorragoa. Akordatzen zarete Manu Chaoren Proxima estacion… Esperanza diskoaz? Seguru baietz. Bada, Jattaren, Zakaren, Martaren, Daniloren, Linaren, Griceldaren eta beste askoren itxaropen-geltokia Bizkaiko herri txiki batean dago, Arratiako Artean.

Artea. Kasualitatea izango da, baina hiztegietan begiratuz gero, ikusiko dugu arte(a) dela, euskaraz, batetik, postposizio bat (adibidez, noiz arte), eta deklinatuz gero postposizio berria sortzen dela (artean). Eta bestetik, arte(a) dela, baita ere, izena (hainbat izen): artea da tartea; artea da gauza ederrak sortzea helburutzat duen giza jardunbidea eta, jakina, artea da pagoaren familiako zuhaitz bat, euskal mitologian sendotasunarekin eta bizitza luzearekin lotzen dena. Horrez gain, arteak hartu da trankildu eta artea hartu zerbait egiteko aukeraz baliatzea. Artean, zelanbait, arte guztiek bat egiten dutela: bitarteek zein tarteek, lasaitzeek, aukera baliatzeek eta, batez ere, artadi baten babesean gauza ederra sortzen duen giza jardunbideak.

Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugun herrira, lagunok. Mila bider ongi etorri.