Musika eta gastronomia uztartuko ditu Areatza Musik & Beer jaialdiak

Musika eta gastronomia uztartuko ditu Areatza Musik & Beer jaialdiak

Natalia Salazar Orbe

Mila eta berrehun biztanle inguru besterik ez izan arren, musikarekiko lotura handia izan du, betidanik, Areatzak. Horren adierazgarri, hainbat ekitaldi eta musika ziklo egiten dira Arratiako herri horretan urte osoan: Musika Bakarrean, Erdu eta Musikatu eta Folklore Bizian horien guztien adibide batzuk besterik ez dira. Oraingoan, Areatza Musik & Beer antolatu dute: bertako eta atzerriko musika zein jana eta edana uztartuko dituen jaialdiaz gozatuko dute bertako zein kanpoko bisitariek gaur eta bihar.

Hiru urte egin behar da atzera jaialdiaren erroak aurkitzeko. Orduan sortu zen AGE-Beerllaro Areatzako Garagardozaleen Elkartea. Helburu argia zuen: garagardoaren ekoizpen artisaua eta kalitatezko kontsumoa bultzatzea. Urte hartan bertan, Beerllaro edo Garagardoaren Eguna ospatu zuten. Urtebete geroago, Areatzako Tabernarien Elkarteak, udalak, AGE Beerllarok eta Areatzako Kirol Kultur Batzordeak indarrak elkartu zituzten, eta Blues & Beer jaialdia sortu zuten, lehenengo nazioarteko jaialdia. Herriko eragileen laguntzari esker, ehunka lagunek gozatu zuten jaialdiaz.

Iaz erronka handitzeko apustua egin zuten antolatzaileek: musika estiloak ugaritu zituzten. Zazpi kontzertu eskaini zituzten bi egunetan. Eta, aurreko urtean bezala, bertako garagardoa eta janari furgonetek herrira eramandako janaria dastatu zituzten.

Aurten, duela hiru urte abiatutako bide horretan maila bat gorago joan nahi izan dute. Kalitate eta kopuru aldetik iazko jaialdia gainditzeko asmoa daukate. Hala azaldu dute: “Urtez urte oinarri sendoak ezarriz goazen heinean, musika proposamena ere handituz eta garatuz doa. 2019. urteko jaialdian musika eskaintza zabaltzea erabaki dugu”.

Eskean Kristo Arratiako taldea da kartelburuetako bat. The Riff Truckers, Mississippi Queen & The Wet Dogs, Los Brazos, James Room & Weird Antiqua taldeek osatzen dute agertoki nagusian izango diren Euskal Herriko taldeen eskaintza. Haien ondoan ariko dira Keylock britainiarra, The Soul Jacket galiziarra eta Jared James Nichols estatubatuarra.

Txokolatea eta garagardoa

Agertoki nagusitik kanpo, herriko kaleak girotuko dituzte beste bi taldek ere. Gaur, Paul San Martin Trio taldea izango da txokolate eta kafe dastaketa girotzen. Bihar eguerdian, berriz, bermut saioa egingo dute. Hori ere, musikak girotuta, EuskOrleans Dixie Band taldearekin.

Musikarekin batera, gastronomia da festa horren beste indargunea. Garagardoa, txokolatea, kafea eta konbinatuak dastatu ahalko dira, bertako ekoizleen eskutik. Eta janik ere ez da faltako.

Jaialdia indarra hartzen ari dela uste dute antolatzaileek. Bide onetik doazela sinetsita daude: “Apurka-apurka, hasieratik ezarritako helburuak betetzen ari gara: alde batetik, bertako zein inguruko biztanleei kalitatezko rock, blues eta funky musikaz gozaraztea”. Bestetik, Euskal Herriko eta atzerriko taldeentzat erreferentziazko jaialdi bihurtzen ari dira. Horrek guztiak herriarentzako onurak dakartzala diote.