“Harrotasuna ez dago salgai”

Peru Azpillaga Diez

Arnasa luzeko mugimendua da LGTBI komunitatearena. Urteak daramatza lesbiana, gay, transexual eta bisexualen eskubideak defendatzen, eta kontaezinak dira azken hamarkadetan emandako aurrerapausoak. Gaur egun, handiak dira genero dibertsitatearen alde lortutako garaipenak, eta sakonak bestelako gizarte bat osatzeko erroak. Alta, askatasunaren bidean dena ez da beti arrosa. Izan ere, azkenaldian “merkantilizazio eta zurikeria” amaraun batean harrapatuta geratu da LGTBI mugimenduaren zati bat. Hala iruditzen zaio Ekainak 28 koordinakundeari.

Herri botereaz harro, zioen joan den maiatzaren 17an LGTBfobiaren aurkako eguneko manifestazioan zabaldutako pankartak. Ekainak 28 koordinakundeak antolatutako mobilizazioa zen, eta aspaldian azaldutako kezka bati erantzuten zion leloa plazaratzen zuen. Azken hamarkadan LGTBI mugimendu osoa astindu duen kezka bera bildu zuen koordinakundeak egun hartan; besteak beste, Bilbon eta Bizkaian 2015etik hona handituz joan den kezka. Izan ere, urte hartan hasi ziren Bilboko Udala eta Bizkaiko Diputazioa ekainaren 28aren bueltan, Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Pride jaia antolatzen; aurten Bilbao Bizkaia Harro izena hartu duena.

Koordinakundeak ez ditu, baina, begi onez ikusten instituzioek LGTBI mugimenduaren izenean antolatutako egitasmo horiek, eta salaketa eginez erantzun dute behin baino gehiagotan: “Harrotasuna ez dago salgai”. Koordinakundearen iritziz, instituzioek LGTBI kolektiboa erabiltzen dute irudi “ireki eta tolerantea” emateko, “gizarte eredu baztertzaile, elitista eta kapitalista bat” bultzatzen duten bitartean. Esaterako, nabarmendu dute 2018an Pride jaiaren antolakuntzak 36.000 euro jaso zituela instituzioetatik; horietatik 18.119,75 euro, Bilboko itsasadarrean egindako desfile pribaturako.

“Gure behar errealak eta gu babesteko baliabideak bultzatu beharrean, marjinalizazio sozialera garamatzate. Ez dugu su artifizialekin ospatu nahi instituzioek urtean zehar sortzen duten utzikeria”, kritikatu dute maiatzaren 17aren harira kaleratutako oharrean; Euskal Herriko eta Bizkaiko LGTBI kolektiboaren historiak bost urte baino gehiago dituela ere gogora ekarri dute. “Historia hau kolektibo eta pertsona anitzez beteta dago, eta instituzioak pertsona eta kolektibo hauek ezabatzen ari dira, modu oso zikinean, gure izenean”.

Genero dibertsitateak oro har kontsentsu soziala lortu duen arren, badirudi instituzioen eta zenbait LGTBI elkarteren arteko harremana ez dela ari fruiturik ematen. Irudipen hori du, gutxienez, Bea Macias Ozen elkarteko kideak: “Instituzioek, diputazioak zein udalak diru publikoa erabiltzen dute festa pribatu batzuk finantzatzeko”. Ur Parade desfileaz ari da Macias. “Itsasontzi batzuetan egiten dute, eta gonbidapenen bidez soilik hartu daiteke parte”. Horregatik kritikatzen du instituzioen rola: “Badirudi gure borroka erabiltzen dutela”. Izan ere, halako egitasmoak soilik bultzatzen dituztela uste du, eta horietan guztietan alde batera geratzen direla LGTBI pertsonen benetako beharrak.

“Hiri ireki baten itxura eman nahi dute, hemen inongo arazorik ez balego bezala”, kexu da. Maciasek azaldu duenez, LGTBI mugimenduak ez du inondik inora halako zerbaiten beharrik: “Benetako beharrak ditugu, neurri zehatzak, erasoen aurkako protokoloak… eta ez dirudun gutxi batzuentzako jai pribatuak”. Maciasek hezkuntza eremuan lan egiten duten LGTBI eragileek instituzioekin duten hartu-emana nabarmendu duen arren, gainontzekoak baztertuta daudela dio: “Beste askok ez dugu instituzioekin lanik egiten, beti baztertu izan dituztelako gure proposamenak; ez dago gure beharren atzean dagoen udalik, gu lagundu nahi gaituen diputaziorik; beren mesederako erabiltzen gaituzte soilik”.

‘Pinkwashing’

LGTBI komunitateak bizi duen “despolitizazioaz” mintzatu da Macias, eta pinkwashing terminoa erabili du definitzeko: “Beste gauza batzuk ezkutatzeko instituzioek erabiltzen duten metodoa da”. Hori azaltzeko, Israelgo Estatuaren adibidea eman du: “Genozidio bat gertatzen ari da han, baina herrialde progresista baten itxura emanez estaltzen dute, eta, horretarako, gure mugimenduaz baliatzen dira”. Hori dela eta, Maciasek uste du azkenaldian badirudiela LGTBI mugimendua beste gauza batzuen alde dagoela: “Liberalizatu egiten dute, gure borroka instituzio zein enpresen mesedetarako erabiliz”. Hau da, “kapitalismo aseezina” LGTBI mugimendua “instrumentalizatzen” ari dela ohartarazi du, “zuriketarako erabiltzen”.

Hori egotzi dio Maciasek udalarekin eta diputazioarekin batera Bilbao Bizkaia Harro festa antolatzen duen Ortzadar elkarteari: “Zuriketa egin ahal izateko, egiten duten guztia ondo dagoela deritzon kolektibo baten beharra dute, eta horretarako dago Ortzadar elkartea”. Zilegitasuna lortzeko erabiltzen dituztela uste du Maciasek. “18.119,75 euro inbertitzen dituzte desfile baterako; zenbat, gure bizitzak hobetu edota gure beharrei erantzuteko?”.

Oraindik ere aldarrikapen andana dutela adierazi du, azkenaldian “dena eginda dagoen itxura” nagusitzen ari den arren: “Hori da guretzat arazorik handiena: gizartean badirudi dena lortuta dagoela, eta ez da hala”. Egunerokoan lan egiten duten eragileen erronkak nabarmendu ditu: LGTBI immigranteen eskubide urraketa, transexualen langabezia tasa handia, eraso homofoboak, faxismoaren gorakada… “Baliabideak behar ditugu”. Horregatik, instituzioei esku hartzeko eskatu die gauzak aldatu ahal izateko.

‘Gayfriendly’ turismoa

LGTBI komunitatearen “liberalizazioa” aipatu duenean, asko dira Maciasek erabilitako adibideak, eta Bilbao Bizkaia Harro ospakizuna ez da Bizkaiko elkarteei kezka eragin dien egitasmo bakarra. Berriki jakinarazi dutenaren arabera, Axel Hotels enpresak LGTBI komunitatera zuzendutako hotel bat irekiko du Bilbon. Ez da, ordea, konpainia horrek Euskal Herrian irekiko duen lehenengoa izango, Donostian laster zabalduko baitute estreinakoa.

“Donostiako zein Bilboko hotelek estrategia berari erantzuten diote: hiri turistikoak bultzatzearena, prekaritatea eta gentrifikazioa sortuz”, argudiatu du Maciasek. Bilboko adibidea ezin argiagoa dela deritzo; izan ere, hotel berria Bilbo Zaharrean eraikiko baitute. “Bilboko eredu hori saltzen ari dira, hiri turistikoa, auzoko jendea alde batera utzi eta etekin ekonomikoa lortzeko hiria; eta horretarako gu erabiltzen gaituzte, gainera”.

Maciasen esanetan, LGTBI kolektiboak ez du halako hotel baten inolako beharrik: “Azken finean, guri, mugimendu moduan, ez digu inolako onurarik ekarriko. Oso gutxi batzuentzako hotel bat izango da, prezio benetan altuekin”. LGTBI kolektibokoa izateak ekonomikoki baztertzen duela zehaztu du; “heteroarauetatik zenbat eta urrunago egon”, are gehiago. Hori dela eta, haien borroka merkatu bat izango balitz bezala saltzen duten arren, LGTBI pertsonen errealitatea oso bestelakoa dela deritzo Maciasek: “Gutxi batzuena izango da akaso, baina ez gure kolektiboarena”.

Madrilgo adibidea jarri du mahai gainean. Aurreko urtean World Pride egitasmoa antolatu zuten han, eta “jendetza ikaragarria” bildu zuela oroitarazi du. “Egia da LGTB mugimenduak jende asko mugitzen duela, eta lerro horretatik ari dira merkantilizatzen. Madrilen bildu zirenetako asko ez ziren ezta LGTB pertsonak ere: jaia egitera baino ez ziren joan”. Haren ustez, Bilbok azken urteetan egitasmo handiak antolatzeko erabakiarekin bat datorren aukera da etorkizunean Europride jairen bat antolatu nahi izatea, eta horretarako on egiten die halako hotel bat izateak. “Beste edozein ekitaldirekin egiten duten bezala, horrekin batera mugitzen direnen dirua baino ez dute bilatzen, eta orain gure mugimendua jarri dute jopuntuan”.

Hotel horrek auzoan eragin dezakeen kalteaz ere aritu da Macias, eta Madril, Bartzelona eta halako hirietan jada gertatu diren gentrifikazio prozesuak azpimarratu ditu: “Halako proiektuen bidez, San Frantzisko eta Bilbo Zaharreko eremu osoa garestiago bihurtzen ari dira, bertako auzokideak kanporatzeko”.

Antolakuntzaz Harro

LGTBI komunitateak Bizkaian duen egoera ere azaldu nahi izan du Maciasek. Zehaztu duenez, instituzioen estrategietatik harago, badira eguneroko borrokan lanean dabiltzan hainbat elkarte eta plataforma. “Handiak dira gure komunitateak dituen beharrak, eta horiek lortu arte lanean jarraituko dugu”. Ekainaren 28ko koordinakundean batzen dira elkarte horietako asko. “Aldarrikapenerako eguna da guretzat, eta ez ospakizun hutsa”. Horregatik, beren ekintzen eta ideologiaren bidez, argi erakutsi nahi dute instituzioen jardunarekiko aldea.

Macias, esaterako, Ozen kolektiboko kidea da, LGTB gazteek osatzen duten elkarte batekoa. Alde horretatik koordinakundean egoteak ekarpen handia egiten diela adierazi du, bestelako errealitate bat duten elkarteekin lan egiteko aukera ematen dielako. “Bakoitzak bere ikuspuntua ematen du; gero, talde konkretuak ere badaude, lesbianenak adibidez, eta guztion artean hausnarketa bateratuak egiten ditugu: liberalismoaren aurka, Stonewallen izaera berreskuratu eta Euskal Herriko memoria aldarrikatzeko”.

Logika berari jarraituz sortu da Harro, Euskal Herrialdeetako Transmaribibollo Plataforma: “Esparru politiko koherente eta kritikoak sortzeko eta elkar sostengatuz eta koordinatuz erantzun material bat emateko beharretik”. Datozen urteen egoerari erreparatuz —bai Pride jaiei eta baita hotelen kontuari—, Euskal Herri mailako erantzun bateratu bat emateko beharra ikusi dutela plazaratu du Maciasek. “Batzuetan indarrak falta zaizkigula edo bakartuta geratzen garela ikusita, Euskal Herri osoko plataforma bat sortzea erabaki genuen”, erantsi du. Joan den astean aurkeztu zuten Bilbon, eta ekainaren 15ean egingo dute aurkezpen ekitaldia, Donostian.

“Kide garen elkarteen ekintza partikularrak batzea da asmoa”, zehaztu du. EHGAM, Hiruki Larroxa Kolektiboa, Guztiok, Ozen, Intifada Marika, Sare Lesbianista, Iris Proiektua, Euskal Hartzak eta Lumagorri taldeek osatu dute, gaur-gaurkoz, plataforma; baita beste militante batzuek ere. “Euskal Herrietako hainbat kolektiboren artean lan eta zaintza sareak sortzea, memoria historikoa bildu eta kontserbatzea, eta erasoen aurrean erantzun erreal bat ematea dugu helburu”.

LGTBI mugimenduaren erroak “erradikalak eta antikapitalistak” direla gogoratu du, eta plataformako jarduna instituzioetatik “progresismo itxurak” egiteko erabiltzen duten ereduarekin kontrajarri nahi dute. Hala, Stonewalleko errebolta ekarri du gogora Maciasek, gertaera horretatik mende erdi betetzen dela oroituz. 1969ko ekainaren 28ko gau hartan Stonewallen izandako errebolta adreilu batekin hasi zen, eta adreilu hori hartu dute Harroren jarduna islatzeko: “Suzko adreilu bat gara. Erailtzen gaituzten instituzio eta sistema hauen erraiak suntsitzeko erabiliko dugun adreilua. Berria den zerbait eraikitzeko erabiliko dugun suzko adreilu bat gara. Itzaltzen utziko ez dugun suzko adreilua”.