Adarren eta mendien usadioa

Adarren eta mendien usadioa

Uxue Gutierrez Lorenzo

Diotenez, Erdi Aroan Bizkaiko eskualdeetako ordezkariek adar hots bidez izaten zuten Batzar Nagusien berri. Izan ere, Bizkaiko bost deiadar mendien tontorretara igo —Gorbeia, Oiz, Sollube, Kolitza eta Ganekogorta— eta bost puntu horietatik adarra aldi berean jota, Bizkaia osoan entzuten omen zen Gernikako batzar etxera hurbiltzeko deia egiten zuen soinua. Hotsa entzun bezain pronto omen zekiten eskualdeetako ordezkariek Gernikara egin behar zutela. Mendeak igaro dira ordutik, baina ohitura zahar hori bizkaitarren iruditerian iltzatuta geratu da. Ondorioz, gertakari haren memoria ez galtzeko, tradizioa berreskuratzeari ekin zioten, 2004. urtean. Bizkaiko Batzar Nagusiek eta bost mendi taldek elkarlanean ekin zioten Deiadar mendietarako igoerak antolatzeari. Geroztik, urtero egin dute mendi igoera, txandaka, eta, aurten, Ganekogorta dute igoera tontor, Bilboko Gailurra mendi taldeak antolatuta.

07:45ean jarri dute hitzordua, Kobetamendin, eta bertaratzen diren mendizaleek handik ekingo diote igoerari. 08:00etan hasiko dute ibilalidia, eta Pagasarri mendiaren tontorrera ailegatuko dira lehenbizi. Beatriz Rodriguez Gailurra mendi taldeko kideak eman ditu egunaren zehaztapenak: “Ordu laurden horretan, ekitaldi xume bat egingo dugu, bertsolari eta musikariek lagunduta, taldea osatzen den bitartean”. Mendizaleak batuta, igoerari ekingo diote, “ezohiko” bidea hartuta eta jai giroan murgilduta. “Ziur asko, bertaratzen diren gehienek ez dute inoiz bide hori egin Pagasarrira heltzeko”.

Eguneko egitarauarekin segituz, lehen mendiaren tontorrean atsedenaldi txiki bat egin, eta 12:00etan dira Ganekogortaren gailurrera heltzekoak. Eguerdian entzungo da adar hotsa mendi puntatik, eta orduantxe pasatzen diote lekukoa —adarra— datorren urteko mendi igoera antolatuko duen taldeari. “Iaz, guk hartu genuen lekukoa Oizen, eta adarra jo genuen; aurten jasotzen duen taldeari dagokio deia egitea goitik”. Gorbeia dute datorren urteko tontorra, eta Lemoako Ganzabal taldeak izango du domekan deia egitearen ardura.

Erritualaren ondotik ere segituko du festak, ordea. Pagasarrira bueltan, musika, bertsolariak, euskal dantzak eta jan-edana aurkituko dituzte igoeran parte hartu dutenek.

Era ziklikoan antolatzen dute ekitaldia, tokian tokiko bost mendi taldeak gidaturik antzeko egitura jarraituz. Balmaseda mendi taldea, Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango) taldeek dute ardura, hain zuzen ere. Gorbeian hasi zuten bira, Alpino Tabira taldearen eskutik, eta Ganekogortarako igoerak ixten du buelta. Horrela, igandean amaituko da hirugarren igoera zikloa, datorren urtean berriz ere hasteko.

Tradizioaren kondaira

Hamaseigarren aldia du mendi igoerak, eta, orain arte behintzat, behinola ohitura zen jazoera baten oroimenez egin izan da. Erdi Aroan, Bizkaiko deiadar mendietara igotzen omen ziren han adarra jotzeko, Gernikako Batzar Nagusietara hots egiteko metodo gisa. Ahoz ahoko tradizioak halaxe transmititu du gaur arte. Bada, Jabier Barrio eta Goio Bañales aztertzen aritu dira kontakizunak egiatik zenbat duen, eta deiadar mendien tradizioaren gaineko ikerketa lan bat plazaratu dute. Abiapuntua zein den azaldu du Barriok:”Egia da XIV.mendean bost adar jotzen zituztela Gernikan bertan, Batzar Nagusien hasiera iragartzeko”. Hala jasotzen du adar hotsak aipatzen dituen lehen dokumentuak, 1321. urtekoak.

Ordutik aurrera, zenbait idazlek hainbat mendetan jazotakoak nahasiz sortu da egun omentzen den tradizioa. “Jaun Zuria Bizkaiko Jaunaren elezaharrarekin nahasi zen ondoren, hura izendatzeko adarrak jo zirela eta. Eta beranduago aipatzen dira adar jotzaileak mendietan, eskualdeen arteko komunikazio bide gisa”. XVI eta XVII. mendeetan izan zen hori, baina oraindik ez ziren bost deiadar mendien izenak inon ageri. Hirurehun urte beranduago zerrendatu zituen aurrenekoz, XIX. mendean, Antonio de Trueba idazle erromantikoak, baina ez zuen loturarik egin Batzar Nagusietako deiekin. “Truebak aipatu zituen, baina ez zuen baieztapenik egin; izan zitezkeela bakarrik esan zuen, eta ipuin eran kontatu. Hala ere, Trueba erreferentea zen garai hartan Bizkaian, eta hark esandakoa egia bihurtu dute ondorengoek”, dio Barriok.

Usteak eta egiak nahasi izanak ez die balioa kentzen tradizioari eta haren omenaldiari, ordea. Hala uste du ikerlariak. “Historia egon badago oinarrian, eta adarrak Bizkaiko ikono dira, lurraldearen defentsan zein mitologian; polita da tradizio hori gogoratzea”.

Adarraren balio sinbolikoak egiten du indartsu ekitaldia, eta Barriok argi du beharrezkoa dela mendi igoera egiten segitzea: “Jai honekin gogoratzen ari gara zer izan den gure historia eta Batzar Nagusiek zer garrantzi izan duten. Egia da ez zirela mendietara igotzen, baina jai honek balio du ohitura baten bilakaera azaltzeko eta ondorio bat emateko”.