Peru Azpillaga Diez
Gatzaren Matxinada 1631tik 1634ra bitartean Bizkaian, eta batez ere Bilbon, gertatutako matxinada izan zen. Espainiako koroak gatzaren gainean ezarritako zergak piztu zuen, eta, gertakari oso ezaguna ez den arren, foruen defentsarekin hasi eta hainbat aldarrikapen sozial irabazteraino hedatu zen hiru urteko borroka ekarri zuen; bai instituzioetan bai Bizkaiko kaleetan eragina izan zuena.
Batik bat herri altxamendu gisa jaio zen Gatzaren Matxinada, eta 1634ko maiatzaren 24an amaitu zen sei pertsonaren exekuzioarekin batera, baina baita zerga deuseztatzearekin. Pertsona horien memoria bizirik mantentzeko omenaldia egingo dute gaur, 12:00etan, San Anton elizaren alboan. Han dago, hain zuzen ere, sei matxino haien omenez jarritako oroigarria.
Zergak eta koroaren zuloak
1630eko hamarkada ez zen garai ona izan Espainiako Koroarentzat. 1586ko depresio handiaren ostean, burua altxatu ezinik zebilen Espainiako Inperioa, eta koroak, zailtasun finantzario, militar eta sozial larriei egin behar zien aurre. Premia horiek, gainera, areagotu egin ziren Ausburgtarren jarduera militarrek Europan gora egin zutenean.
Horrek, koroa ezohiko diru sarrerak bilatzera eraman zuen, eta, horretarako, Olivares kondeak zenbait politika zentralista jarri zituen martxan. Politika horiek Espainiako Koroaren menpe zeuden zenbait lurralde historikoren euskal probintziak eta Nafarroako erreinua, besteak beste eskubide eta berezitasun fiskalak zein instituzionalak urratu zituzten.
Hala, gatzaren gaineko zerga ezarri zuen koroak, arraina eta okela mantentzeko funtsezkoa zen produktua %44 garestituz. Zerga horrek, baina, foruen aurka egiten zuen. Foruak, izan ere, derrigorrezkoak eta zentralizatuak ziren zergak ordaindu behar izatetik salbuesten zituen bizkaitarrak. Ondorioz, foru lurraldeen bereziki Bizkaiaren eta botere zentralaren arteko gatazka piztu zen, gerora kutsu soziala ere hartu zuena. Izan ere, bizkaitar aberats eta txiroak —hots, oligarkak eta erdi eta behe klaseak— aurrez aurre jarri zituen zerga berriak; beheko klaseek pairatu baitzuten, batik bat, zergaren zama, eta horrek tokiko oligarken aurkako sumindura handia sortu zuen.
1631n neurri berriak iritsi ziren Bilbora, eta, gatzaren zerga aldaketarekin batera, produktu horren gaineko errege monopolioa ezarri zen. Hala, erregeen gordailuetara garraiatu ostean, Bizkaiko gatza konfiskatuta geratu zen, eta produktu hori %44 garestitzen zuen zerga indarrean sartu zen. Hasieran, haserrea bide diplomatikotik jorratu zen, baina irailean herri matxinada piztu zen. Hil horren 24an, 1.500 gizon armatu aurkeztu ziren Gernikako Batzar Nagusietan, eta, han zen korrejidorea mehatxatu ostean, neurri berria bertan behera geratu zen denbora batez.
Hain zuzen ere, 1632ko udaberrira arte. Orduan, korrejidore berriak, diputazioa aintzat hartu gabe, zergaren berrezarpena iragarri zuen, eta, horren aurka, herritarren erantzun indartsu eta bortitza jazo zen. Herritarrak, mobilizatu, eta Bilboko plaza nagusian bildu ziren. Han, errege aginduak erre zituzten, eta, jarraian, gatzaren gordailuei eraso zieten; hiru egunez baino gehiagoz, errege ondasunak bereganatu zituzten matxinoek. Matxinadaren ondorioz, hildako bakarra egon zen: Domingo de Castañeda, korrejidorearen prokuradorea.
Deigarria da, matxinadak gatzaren auzitik tokiko bestelako arazo eta eskaeretara jauzi egin zuela, eta, batez ere, tokiko oligarken jarduna jarri zuela auzitan. Azken horiei, foruak ez babestea, Madrilen konplize bilakatzea edota legez kanpo aberastea leporatzen zieten matxinoek, besteak beste.
Dimentsio soziala
Arazoa ikusirik, Madrildik, zuhurtziaz jokatzea erabaki zuten, gehienbat, gatazka eremu osoan hedatzeko beldurragatik: arazoa diplomaziaren bidez konpontzen saiatu ziren. Dena den, koroa ez zegoen zerga kentzeko prest, eta eztabaida prozesuak porrot egin zuen. Hala, 1633ko otsailean, liskarra nagusitu zen, berriro ere. Matxinoek foruen irizpideetatik kanpo Gernikan egiten ari zen batzar baten aurka egin zuten: batzarraren gaineko kontrola hartu ostean, zerga sistema zentralaren aurkako 24 dekretu onartzera behartu zituzten batzarkideak. Han agerian geratu zen matxinadaren dimentsio soziala; izan ere, adostutako dekretuen artean, batek soilik aipatzen baitzuen gatzaren gaineko zerga.
Horri aurre egiteko, koroak metodo bortitzagoak erabiltzea erdietsi zuen. Argi zuen eskarmentua zela bidea, baina ekintzak 1634ko udaberrira arte atzeratzea erabaki zuen. Orduan, jendetzaren oldarraldia baretu zela profitatuz, sarekada masibo bat egin zuen maiatzaren 24ko goizaldean, eta mugimenduko buruzagi ezagunak atxilotu zituen.
Arratsalde horretan bertan, atxilotutako matxino guztien artetik sei exekutatu egin zituzten: Morga Sarabia lizentziatua, Juan de la Puente Urtusaustegi, Martin Otxoa Aiorabide, Juan Larrabaster, eta Juan eta Domingo Bizkaigana anaiak. Handik hiru egunera, indultua eman zitzaien gainerako preso gehienei, eta gatzaren zerga bertan behera geratu zen; Espainiako Koroak mendean zituen beste lurraldeetan ere kendua zegoen jadanik zerga hori.