Bertsolari gazte eta beteranoen finalak, bihar, Abadiñon

Bertsolari gazte eta beteranoen finalak, bihar, Abadiñon

Natalia Salazar Orbe

Bertsozale elkarteak bertsolaritzaren ekosistema osoa elikatzeko helburuari jarraitzen dio, tinko. Eskualdez eskualde hazia ereiten aritu ostean, uzta jasotzen ari da orain. Betiere, lurra ongarriz bete, eta landaketak bertan behera utzi gabe. Abadiño bihurtuko da uzta horren erakusleku bihar. Bizkaiko bertsolaritzaren jaia ospatuko dute herrian: goizean, Eskolarteko finaletan lehiatuko dira; eta arratsaldean, Taldekakoan.

10:00etan abiatuko dute Eskolarteko idatzizko txapelketaren finala. Bizkaia osoko 150 gazte inguru elkartuko dira Abadiñoko probalekuan. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik hasi eta Batxilergora arteko lehiakideek ordubete inguru izango dute proposatutako ariketak egiteko.

Bat-batekoari helduko diote gero. Amaiur Atxa, Ander Sarriugarte, Bittor Altube, Janire Arrizabalaga, Maider Altuna, Maite Sarasola, Peio Lago eta Peru Irastorza igoko dira oholtza gainera. Maiatzaren 7an Deustun abiatu zutenez geroztik, lau kanporaketa egin ostean finalera iritsi diren zortzi bertsolariak dira horiek.

Biharko saioan buruz burukoa jokatzen duten bi bertsolariak Euskal Herriko Eskolarteko finalerako sailkatuko dira zuzenean. Euskal Herriko hamalau bertsolari lehiatuko dira finalean ekainaren 8an, Saran (Lapurdi).

Hiru talde, Taldekakoan

Taldekako txapelketan aritu direnek egindako lana erakusteko ordua iritsiko da arratsaldean. Guztira, 21 taldek eman zuten izena, eta ia berrehun parte hartzaile aritu dira lehian.

Hiru talde sailkatu dira finalerako: Berriz eta Elorrioko Miotako bidelapurrak; Durango eta Iurretako Tronperrieta; eta Abadiñoko Koipelustre’s. Bertsolari gazteak, beteranoak, aspaldi bertso mundutik aparte ibilitakoak, hasiberriak zein txapeldunak elkartu dira oholtzetan. Bihar lehian ariko dira, besteak beste, Miren Amuriza, Gorka Lazkano, Eneko Abasolo Abarkas, Erika Lagoma, Unai Iturriaga, Ainhoa Urien eta Ione Narbaiza.