Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Berriatuko Txanbolin eta txakurra

Berriatuko Txanbolin eta txakurra

Peru Azpillaga Diez

Ezizenak dioen bezala, txistularia zen Txanbolin, baina, aldiro, baita zapataria ere. Berriatuan bizi zen, bere emaztearekin eta txakurrarekin batera. Herrian, zapatariari Txanbolin esaten zioten denek, eta haren emazteari, berriz, Txanbolinesea. Emaztea txakurraz nazkatuta zegoen. Handia eta zakarra zen, baina, batez ere, animaliaren gose aseezinak ateratzen zuen bere onetik emaztea. Izan ere, Txanbolinen etxean zilarra ez zen sobera, eta, nekez baina pozik aurrera egiten bazuten ere, emaztea kokoteraino zegoen txakurrarekin, eta hala esaten zion senarrari: “Berriz egin du, bada! Labean sartzeko prest nuen arto opila hartu, eta osorik irentsi du txakur malapartatu honek!”.

Txanbolin ez zen txakurraz gehiegi kezkatzen, baina ezin esan daiteke maite egiten zuela ere. Horregatik, emaztea hamaikagarrenez sutan etorri zitzaionean txakur jatunari buruz kexaka, etxetik bota behar zutela esanez, Txanbolinek, gehiegi pentsatu gabe, arrazoia eman zion emazteari, eta, hurrengo eguna argitu bezain laster, berekin eraman zuen Bilbora, saltzeko asmoz.

Auzokide batekin batera egin zuen bidea Txanbolinek. Hirurek batera Markina gurutzatu, eta, eguerdirako, Bilboko merkatuan ziren. Txanbolinek, ordea, bazekien txakur zakar eta jatun horren truke nekez lortuko zuela sosik, eta, merkatura heldu berri zirela, burutapen bat izan zuen. Orduan, Txanbolinek txakurraren uhala auzokideari eman, eta bi hitz xuxurlatu zizkion belarrira: “Hiru hamaseiko”. Ezer galdetzeko astirik eman gabe, Txanbolin jendetzaren artean desagertu zen.

Egunak aurrera egin zuen, eta auzokidea urduritzen hasia zen, txakurrarekin zer egin ez zekiela. Mendien atzean ezkutatzen hasia zen eguzkia, eta, bueltako bidea hartzera zihoanean, han agertu zen Txanbolin. Goitik behera aldatuta zegoen, merkatari jantzita, eta auzokidearengana abiatu zen zuzenean. Orduan, ezagutuko ez balu bezala hasi zitzaion Txanbolin hizketan : “Zenbat txanponen truke salduko zenuke txakur hau?”.

Zur eta lur zegoen auzokidea, zer erantzun ez zekiela, eta, orduan, zapatariak lehen xuxurlatutakoa etorri zitzaion burura, eta horixe erantzun zion: “Hiru hamaseiko”. “Horrenbeste?” erantzun zuen Txanbolinek aurpegia okertuz. Orduan, sakelatik soka bat atera, eta animalia neurtzen hasi zen. Han zebilen Txanbolin, batera eta bestera soka astinduz, eta merkatuan zebilen jendea, harrituta, hurreratzen hasi zitzaion. “Benetan txakur ederra da”, esan zuen azkenik Txanbolinek, “nik, ordea, bi hamaseiko baino ez ditut gainean, eta, beraz, etxera noa korrika hirugarrenaren bila, txakurrak merezi du eta, bai horixe!”.

Egoera ikusita, han bildutako pertsonak hizketan hasi zitzaizkion auzokideari. Txanbolinek arreta piztu zuen ingurukoen artean, eta horietako bat, aukera paregabe baten aurrean zegoela pentsatuz, erosteko asmoarekin mintzatu zitzaion auzokideari: “Ba al daki zerbait egiten? Erbitan edo?”. “Ez”, erantzun zuen auzokideak, serio-serio. “Baina bere jabea zapatari txistularia da, eta, herrietara doanean, kartolak txakurrari bizkarrean jarri, eta danbolina alde batean eta zapatak bestean jartzen dizkio, eta txistua, berriz, buztanpean sartuta”.

Animaliaren gaitasun onak entzunda, hiru hamaseiko atera, eta banan-banan eman zizkion auzokideari, inguruko guztien harriduraren eta miresmenaren aurrean. Hala, txakurrik gabe baina zorroa bete diru egin zuten etxerako bidea Berriatuko bi lagunek.