Uxue Gutierrez Lorenzo
Ikertzaile euskaldunen komunitatea batzea helburu, 2015ean sortu zuen Ikergazte kongresua UEU Udako Euskal Unibertsitateak. Aurtengoan parte hartuko duten ikerlarietako bat da Estibalitz Txurruka biologoa (Getxo, 1986). Bizkaiko golkoan bizi diren antxoak ditu hizpide bere ikerlanean, eta garatzen ari den tesiaren atal bat aurkeztuko du. Orain lau urte ekin zion bideari, eta espeziearen alde biologikoak ikertu ditu, zehazki. Datuak jasota, lanaren beste fase batean sartu da: “Orain, datuak bildu eta ondorioak ateratzeko garaia da”. Dena ondo bidean, datorren urteko apirilean plazaratuko du emaitza. Euskal Herriko ikerlariak datorren astelehenean elkartuko dira biltzarraren 3. edizioan. Baionan izango da, asteazkenera bitarte.
Bizkaiko golkoko antxoaren energia baliabideak: populazioaren dinamikan eragiten duten prozesu nagusietan dituzten ondorioak. Izenburu luzea du ikerketak. Finean, zer aztertu duzu?
Aztertu dut Bizkaiko golkoko antxoa. Gauza da antxoaren inguruan oso informazio gutxi dagoela; eta ez da oso onuragarria arrantza sektorean halako interesa duen espezie baten inguruan gutxi jakitea. Nire asmoa izan da informazio gutxi hori zabaltzea. Antxoaren egoera biologikoaren berri ematen saiatu naiz, eta horregatik aztertu ditut energia erreserbak.
Zer dira espezie baten energia erreserbak?
Ea, ba, nola azaldu. Animalia orok du bizirik irauteko funtzio minimoak betetzeko behar duen energia kopuru bat. Horri gastu metaboliko basala deritzo. Beraz, gastu metaboliko horretatik gorako energia dira energia erreserbak; hau da, bizirik irauteko behar duten energia kopuruaz gain sobran duten energia litzateke. Antxoen kasuan, behar duten energia gastu minimoa izango da igeri egiteko eta jateko behar dutena. Gero, bi sasoi larri gehitzen zaizkie, non energia gastuak nabarmen egiten duen gora: maiatza, ugalketa sasoia, eta iraila, neguaren aurreko aldia. Hortaz, erreserba handiak behar dituzte garai horiei aurre egin ahal izateko.
Energia gastu hori kalkulatzeko, antxoaren hiru organo aztertu dituzu: muskulua, gonada eta gibela.
Bai, hori da. Muskulua da antxoaren haragia, guk jaten dugun atala, eta, era berean, antxoaren energia erreserba organo nagusia da. Antxoen energia erreserba organo nagusia izanda, muskulua galtzen ari bada, antxoa hiltzear dagoen seinale da. Aztertu dudan bigarren organoa da gonada edo ugaltze aparatua. Soilik ugaltze sasoian garatzen den organoa izanik, berebiziko garrantzia du garai horretan, orduan erruten baitituzte emeek arrautzak. Azkenik, gibela, bi organo horien arteko lotura da.
Sasoi ezberdinetako antxoak ere aztertu dituzu.
Bai, bi garai hartu ditut kontuan; ugalaldia, Bizkaiko golkoko antxoen kasuan maiatza, eta neguaren aurreko garaia, iraila. Sei urtetako antxoak ditut, eta bi garai horiei aurre egiteko behar dute energia erreserba gehien. Batetik, arrautzak erruteko, eta bestetik, neguko tenperatura hotzei aurre egiteko.
Oro har, zertara bideratu nahi duzu azterketa?
Tesiaren helburuetako bat da inplikazio bat bilatzea, eta inplikazio hori izango litzateke arrantza sektorearekin lotzea. Asmoa da zenbat arrantzatu daitekeen kalkulatzerakoan indize berri bat gehitzea; hau da, antxoa kuotak neurtzeko beste indize bat lortu nahian nabil. Aldagai berri hori izango litzateke antxoaren egoera biologikoaren inguruko indizea. Adibidez, biomasa handia da, antxoa asko dago, baina espero baino gutxiago iraungo dute bizirik; orduan, arrantzatu ahal izango den kopurua txikiagoa izango da. Edo gutxi dago, baina oso egoera onean daudenez, espero baino gehiago egongo dira, eta, orduan, gehiago arrantzatu ahalko da. Bizirik irauteko erreserba energetiko minimo bat ezar badezakegu, heriotza tasa bat ere markatu ahal izango dugu.
Izan ere, ikerketa oraindik bukatu gabe dago ezta?
Bai, eta Ikergazten aurkeztuko dudan artikulua ikerketa osoaren lagin bat da. Printzipioz, amaituko dut datorren urteko apirilean. Oraingo fasean, datu guztiak jaso, aztertu eta konparatu ditut. Tesiko lehen atala izango dena aztertzen ari naiz orain. Hor behatu dut bizi zikloan zehar gazte izateari utzi eta heldu bihurtzen direnean zelan aldatzen den energia.
Badakizu zer dela-eta heltzen diren antxoak energia kopuru ezberdinekin momentu horietara?
Energia gehiagorekin edo gutxiagorekin heltzearen kontua dago erlazionatua klima baldintzekin. Adibidez, negua epela izan bada edo harrapari gutxi eduki badituzte edo eurek asko jan badute, erreserba asko dituzte, eta azkarrago egin dezakete igeri eta harrapariengandik ihes egin. Horrela, bizirik irauteko aukera handiagoa dute. Gero, maiatzean, zenbat eta energia gehiago eduki, orduan eta arrautza gehiago errun ahalko dituzte, edo bitelo gehiago jarri arrautzari, eta, orduan, hortik aterako diren larbak handiagoak izango dira. Dena dago erlazionatuta bizirik irauteko gutxieneko baldintzekin, baina oraindik ez dut lortu gutxieneko hori ezartzea.
Aurreikus dezakezu ondoriorik?
Adibidez, konturatu naiz sexuak eragina duela; maiatzeko antxoetan, behintzat. Izan ere, irailean gonada ez da oraindik garatu, eta ezin da jakin arra edo emea den. Hori biteloa ekoiztearekin erlazionatzen da, gastu energetiko handia dakarrelako. Biteloa arrautzaren parte inportantea da; beraz, emeek ekarpen energetiko handiagoa egin behar dute. Minimoa ezartzerako orduan kontuan hartu beharko litzateke, eta, beharbada, emeen minimoa hartu beharko da erreferentzia gisa.
Adinak ere eragina du. Urtebeteko antxoen energia erreserbak bi edo hiru urte dituztenenenak baino askoz ere txikiagoak dira; beraz, populazioak bizirik irauteko aukera handiagoa da bi urtetik gorako antxoetan. Errungo dituzten arrautzak handiagoak izango dira, eta, horren ondorioz, horietatik irtengo diren larbak ere handiagoak izango dira.