Hartzek hezitako heroia

Hartzek hezitako heroia

Uxue Gutierrez Lorenzo

Mitologiako kontakizunetan maiz aurki daitezke animalia eta giza figurak uztartuta sorturiko pertsonaiak, eta, era berean, animalien eta gizakien arteko erlazioaz mintzo diren istorioak. Esaterako, Rudyard Kipling britainiarrak Oihaneko liburua ipuina idatzi zuen, otsoek Indiako oihanean hezitako Mowgli haurra protagonista duen kontakizuna. Antzera egin zuen Edgar Rice Burroughsek Tarzan ipuinean, animalia hezitzaileak eta kokalekua aldatuta. Afrikako oihanean kokatu zuen ipuina, eta, otsoen ordez, tximuen babespean hazi zen Tarzan. Beste herri eta kultura batzuetan bezalaxe, halako iruditeria osatu du euskal mitologiak ere, eta hurrengo kondairak ere animaliek hezitako gizaki bat du abiapuntu. Esaten denez, hartz eme batek hazi zuen Juan Artz, haren amak ezin zuela eta.

Euskal Herriko kondairan Aulestin kokatzen dute izakia, Lea Artibai eskualdeko mendialdean. Jabier Kaltzakorta filologoak jaso du kontakizuna, Bizkaiko Kondairak sailaren barruan idatzitako Lea Artibaiko ipuinak liburuan.

Kondairak dioenez, hartz eme batek hazi zuen Juan Artz Aulestiko mendi inguruetan, haren amak bularrik ez zuela eta. Hartz emearen heziketak eragina izan zuen, nonbait, Juanen hazkundean, eta beste edozein gizaki baino indartsuago bihurtu zen Juan Artz esaten zioten gaztea. Behinola, betiko mendi inguruetatik aldendu, eta mundua ezagutzeko grina piztu zitzaion gazteari. Bideari ekin zion Juan Artzek, erreka ertzera heldu zen arte. Ezker-eskubi erreka gurutzatzeko pasabide bila hasi zen; baina han ez zen ez zubirik ez txaluparik.

Azpiegiturarik ez, baina gizontxo bat ikusi zuen Juan Artzek urrutian. Harengana gerturatzea erabaki zuen. Antza, igarobiderik ez zuen erreka horretan gizon hura zen bidaiariak alde batetik bestera garraiatzeaz arduratzen zena. Galdera bota zion Juan Artzek, orduan:”Eramango nauzu beste aldera?”. Baiezkoa gizonak, eta bizkar gainean hartu zuen. Ur gainean ibiltzen hasi zen eroalea, eta bide erdian zirela egin zuen gogoeta: “Zenbat gizon indartsu eta astun garraiatu ote ditut? Zu lakorik sekula ez, baina!”. Juanek, harritu ez, eta arrazoia eman zion. “Noski, nik besteko pisua ez du inork eramaten eta. 100 arroako ingudea sakela batean eta 50 arroako mailua ditut bestean”. Ertzera iritsi bezain laster, Juan Artzek proposamena bota zion garraiatzaileari: “Biok batera lan eginda nahi beste diru irabaziko genuke. Gaur bertan hasi nahi?”. Baietz gizonak, eta han abiatu ziren elkarrekin aberasteko asmoz.

Bide luzea ibili ondoren artzain batekin egin zuten topo, eta eurekin eramatea erabaki zuten, zerbaitetarako baliagarri suertatuko zitzaielakoan. Bideari segitu, eta hiri handi batera heldu ziren. Berehala jakin zuten errege hiria zela, eta erregea goibel xamar zebilela azkenaldian. Erregeari zer pasatzen zitzaion galdetu zuen Juan Artzek. Berehala jaso zuen erantzuna: “Bada, behin Txerren euren jauregira sartu zen, eta erregearen alaba biak bahitu zituen”. Ziztu bizian erantzun zuen Juan Artzek: “Eta, ez al da inor ausartu haien bila joaten?”. Deabruarekin borrokatzeko gai den gizonik ez zuten topatu ordura arte, ordea. Boluntario aurkeztu zen Juan Artz.

Gorteko mezulariak ziztu bizian jo zuen erregearengana. Erregearen baiezkoa jasota, Juan Artzek soka luze bat eskatu zion mezulariari. Sokaren mutur baten lotu zuen erreka gurutzatzen lagundu zion gizona, gerritik. Leizearen barrunbeetara igorri zuen gizona, baina alferrik. Bigarren saialdi bat egin zuen Juan Artzek bere burua sokari lotuz. Oraingoan bai, han topatu zituen erregearen alabak. Bitartean, deabrua lo zegoen. Lehenbizi bat eta ondoren bestea, ahizpa biak gerritik lotu, eta sokan goraka igo zituen. Nesken zain zeuden goian artzaina eta garraiatzailea. Neskatoen edertasunarekin liluratuta, emaztetzat hartzea erabaki zuten zain zeuden bi gizonek. Aitzakia bat jarrita, berriz ere bidali zuten Juan Artz kobaren barrenera, eurek jauregira alde egiten zuten bitartean.

Printzesen salbatzaile

Luzaro egon zen Juan Artz lurpean. Kobazulora sartu bezain pronto esnatu zen Txerren, eta borrokan hasi ziren biak. Juan Artzek, haginka egin, eta belarria kendu zion deabruari; eta handik atera zezala eskatu, jarraian. Onartu egin zuen deabruak, baina baldintza batekin: “Behar dudan beste okela ekarri, eta nire belarria bueltatuko didazu”. Eskaria beteta, hirira bueltatu zen gaztea. Ospakizun giroa nabari zen, eta zer gertatzen zen galdetu zuen Artzek. Hara non, eta erregearen alaba bien ezkontza eguna zela jakin zuen. Jauregira sartu, eta erregearekin hitz egitea lortu zuen. Neskatoei galdetu zien nor izan zen euren salbatzaile.”Zu”, erantzun zuten ahizpek. Hori entzunda, erregeak, beste gizonak urkatzeko agindua eman, eta Juan Artz hartu zuen oinordeko.