Nerea Ibarzabal
Astelehen gaua da. Lanak pilatu zaizkio ohi bezala, eta txarto gosalduta, txarto bazkalduta eta txarto afalduta joango da ohera beste behin, baina aurretik ordainpeko telebistaren besoetara bota du bere burua. 21:30etik 23:30era bitarteko tarte hori baino ez dio eskaintzen garunari atsedenerako. Ikusiko du Game of Thrones, edo Handmaid’s Tale, edo beste zerbait, bere bikotekidearekin batera hasitakoa eta orain amaitu beharrekoa nahitaez. Berdin dio zer, baina behar du. Egunean zehar geroz eta goizago hasten da amesten une horrekin.
Lehen 19:00ak aldera oroitzen zen gaueko planaz, “ui, gaur seriea tokatzen da!”; gero bazkalorduetan hasi zitzaion burua joaten pertsonaien trametara… Orain goizean esnatu bezain pronto pentsatzen duen lehenengo gauza da. Seriea ikusi ostean, ohera sartzerakoan ere, berdin: ikusitako guztiak errepasatzen eta etorkizuneko kapitulu posible guztiak imajinatzen eman ditzake orduak eta orduak. Bi orduko fantasiazko kapsula horiek nolabait denboran luzatu nahi balitu bezala, bere bizitza osoa har dezaten. Gehiago espero du serieko gidoigileengandik bere egunerokotasuna lotzen duten harietatik baino.
Obsesionatzen hasi dela esan dio bikotekideak. Berak ez dio kasurik egin, beti izan da oso pertsonaia esajeratua bere bikotekidea, azken lau denboraldietan beste norabide batean eboluzionatu duen arren. Gure pertsonaia ideien guda konstante batean bizi den euskalduna da, komunikazio enpresa batean lan egiten du eta neba bat dauka Alemanian. Dena ondo zihoan, egun batean dutxan depilatzen ari zela zauri sakon bat egin zuen arte. Ez, bira honek ez dauka gantxorik… Dena ondo zihoan, gau batean kalerako erabiltzen zuen kamiseta marradun urdina lotarako jantzi zuen arte. Ordutik ez daki kalean kamiseta marradun berdinarekin ikusten dituen pertsonei zerbait esan beharko liekeen edo ez. Ai, ez, kutsu konspiratzaileagoa behar du.
Dena normala zen bere bizitzan, goiz batean ezezagun bat ikusi zuen arte bere autoaren inguruan bueltaka eta kristaletatik barrura begiratzen. Bera gerturatzerakoan, ezezagunak barkamena eskatu zion lotsatuta, bere lagun baten autoarekin nahastu zuelako. Baina gure pertsonaiak ez zuen ezezagun susmagarriaren aitzakia sinetsi. Badaki trama baten hasiera markatu duela pertsonaia haren agerpenak. Hau gertatu eta hiru egunera ertzainek kontrol batean IA-IA gelditu egin dute. Autoak soinu arraroak egiten ditu gainera, nahiz eta bere bikotekideak ezetz dioen, betidanik egin dutela soinu hori musikaren bozgorailuek. Posible ote da bere bikotekidea eta ezezagun hura konplizeak izatea? Aspaldiko maitaleak? Edo bera hiltzea planeatzen ari ote dira? Eta ezezaguna autoaren neurriak hartzen ariko zen, jakiteko nola sartu giza gorpu bat ahalik eta modurik txukunenean… Sekreturen bat dago guztiaren atzean, pertsonaiak badaki. Ez da posible inongo loturarik ez duten gertaera aspergarrien multzo bat izatea bere bizitza.