Zazpi bizirik gabeko katua

Zazpi bizirik gabeko katua

Natalia Salazar Orbe

Katuak —beltzak, bereziki—, ez dira oharkabean pasatu historian zehar. Animaliak badu xarma bereziren bat, eta erakargarri egin zaio gizakiari mendeetan. Ia gurtu ere egin du garai batzuetan, eta gaiztakeriaren iruditzat hartu dute beste batzuetan. Antzinako Egipton, esaterako, animalia sakratuak ziren; Bastet jainkosak katu baten itxura zuen. Erdi Aroan, berriz, erabat aldatu zen katuekiko ikuspegi hori. Bereziki, Europan, deabruarekin eta sorginkeriarekin lotzen zuten. Katuen ezaugarri diren independentziak, erabakimenak eta isilik ibiltzeko gaitasun horrek —eta garai hartan zegoen espeziearen gainpopulazioak— eragin zuten zeukan ohorezko tokitik maldan behera erortzea. Sorginekin lotu zituzten. Askok uste zuten sorginak eurak katu bihurtuta ibiltzen zirela gauez, kalerik kale. Sorgin ehiza hasi zenean, katuek ere antzeko bidea pairatu zuten. Haiek erretzeari ere ekin zioten.

Euskal Herrira ere iritsi ziren uste edo sinesmen horiek. Horren erakusgarri da Katu baltza kondaira. Jabier Kaltzakortak jaso zuen Lea Artibaiko ipuinak lanean.

Berriatua inguruko baserri batean kokatzen da. Gauero, denak ohera joaten zirenean, baserri hartako andrea gorua egiten geratzen zen sukaldean. Gau batez, hamabiak inguru zirela, katu beltz bat sartu zen leihotik gelara, eta emakumearen ondoan jarri zen. Denbora batez han egon ostean, salto egin eta kalera atera zen.

Hurrengo egunean ere gauza bera egin zuen: leihotik salto egin, eta bere ondora gerturatu zen. Hiruzpalau egunetan gauza bera gertatu zitzaionez, gaizki pentsatzen hasi zen: “Hau katu hau ez da parte onekoa”, pentsatu zuen.

Goizean goiz, senarrarengana abiatu zen, ohetik altxatzeko astirik ere eman gabe. Andrearen ezinegon handia ikusita, erabaki zuen gau hartan bera geratuko zela sukaldean gorua egiten, zer gertatzen zen ikusteko.

Katua han, berriz ere

Esan eta egin. Gauerdia iritsi zen. Eta, aurreko gauetan gertatu zen bezala, katua sartu zen leihotik. Bere oinen parean, begira-begira jarri zitzaion. Handik, berehala inguruan saltoka hasi zitzaion. Gizonak, hark gauza onik ezin zezakeela ekar pentsatu eta esanda, makila sendo bat hartu zuen, eta berriz ere ekin zien bere eginkizunei.

Halako batean, ezusteko galanta hartu zuen. Katua ondoan jarri zitzaion, eta hitz egiten hasi zen: “Zer, gizona, eta gorutan?”, bota zion animaliak. Gizonak, alboan zeukan makila hartu eta bizkarrezurrean zartakoa ematen zion bitartean, erantzun zion: “Eta zu, katua, eta berbetan?”.

Kolpe izugarria jaso arren, katuak ihes egin zuen etxera sartu zen leku beretik: leihotik salto egin zuen kalera.

Bizilagunaren abisua

Egunsentia iritsi eta berehala, zakur zaunkada bat entzun zuen baserriko ate nagusiaren ondoan. Atera irten, eta “Eup” batekin agurtu zuen bisitaria. Ondoko baserriko morroia zuen aurrez aurre. “Egun on” batez erantzun zion. Baina gauza onik ez zeukan kontatzeko. “Albiste bat dakart. Gure nagusiak hara joan zaitezen nahi du, gauza bat esan behar dizula-eta”.

Auzokoaren etxera sartu bezain laster konturatu zen zerbait larria gertatzen ari zela, etxeko bizilagun guztiak negarrez ari ziren eta.

Ohean etzanda aurkitu zuen gizona. Barkamena eskatu zion bizilagunari. “Zer egin didazu nik zu barkatu behar izateko, bada?”, galdetu zion gaua sukaldean eman zuen gizonak. Bizilagunaren erantzunak harrituta utzi zuen: “Bai, neu naiz katu bihurtuta zure andrearengana joaten zena”. Barkamena eman zion. Eta bake hori sumatu bezain laster hil zen katu beltza.

Sineskerien abiapuntua

Sorginkeriarekin, gaizkiarekin eta zorte txarrarekin lotura izan dute katu beltzek, beraz. Dena den, Europako hainbat herrialdetan kontrako esanahia ere hartu du animalia horrek. Baina, gizakiak zergatik ditu era horretako sineskeriak? Antzinatik datorren kontua da. Euriaren dantzei erreparatzea besterik ez dago. Behar-beharrezko elementua zen euria, uzta aberatsa lortu eta elikagaiak izateko. Gizakiaren kontroletik kanpo zegoen, ordea, eta edonola lortzen saiatzen zen behar handia zegoenean. Dantza ere erabiltzen zuten horretarako. Eta dantza eginda, lehenago edo geroago euria egiten zuen. Dantzaren eraginez izan zela sinesten zuten orduan. Sineskeria indartu egiten zen eta dantzan jarraitzen zuten. Asko beldur dira probatzeko zer gertatuko litzatekeen dantzatzeari utziz gero. Eta beldur horrek betieretzen du sineskeria.