Peru Azpillaga Diez
Igande honetan, mugak gaindituko dituen besarkada herritar batean urtuko dira milaka taupada Durangon. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatuta, eguerdian Durangoko kaleak hartuko dituzte hainbat mugimendu eta gizarte sektoretako kideek, eta, gero, besarkada erraldoi bat osatuko dute Landako Gunean. Aldi berean, gainera, egitasmo bera egingo dute Europako zenbait hiritan.
“Orain dela bi urte Gernikako bonbardaketaren urteurreneko manifestazioa egin genuen, eta, joan zen udan eratutako harrera mugimendu guztiarekin, egonezin bat nabaritzen genuen”, azaldu du Nati Ovelleiros Herrien Besarkadako kideak. “Egiten ari ginena beharrezkoa zen, baina ikusten genuen gure lana ezin zela horretan soilik geratu eta gure nortasun eta helburuetan sakondu beharra genuela”, erantsi du.
Horregatik, Gernikan egin bezala, igandean mobilizatzeko deia luzatu dute errefuxiatuen aldeko plataformatik. Oraingoan, ordea, Europako hauteskundeak ate joka dauden honetan, Euskal Herriko mugak gainditu eta beste hainbat tokitara hedatu nahi dute pertsona guztien eskubideen aldeko aldarria. “Eskuineko alderdiak izugarri hazten ari dira, neofaxismoa indartzen ari da, eta migrazio politika erabiltzen dute haien botoa defendatzeko eta pobreen arteko guda areagotzeko”.
Hori dela eta, maiatzaren 5ean indar erakustaldia egin nahi dute Durangon, errefuxiatuek pairatzen duten egoera latzaren aurrean, besarkada bakar bat osatuz. Ezkurdi plazatik abiatuko da mobilizazioa, 12:00etan. Bertan hasierako ekitaldia izango da eta gero zortzi zutabe osatuko dituzte, Landako Gunean izango den besarkadara hurbiltzeko. “Txaloen bidez nolabaiteko taupada bateratu bat lortzen saiatuko gara: bertan gaudenok sentitzea zerbaiten parte garela, bat egiten dugula eta, aldi berean, munduko beste leku batzuetan hainbat pertsona gauza bera egiten ari direla”, zehaztu du Ovelleirosek.
Mugak Zabalduz karabanako kideekin eta beste eragile batzuekin batera, azaroan, Areatzan egindako bileran sortu zen Herrien Besarkada. Euskal Herrian eratu eta zabaldu den egitasmoa da eta Europako beste herrialdeetara hedatzen saiatu dira. Izan ere, Ovelleirosek adierazi duenez, hori izan da dinamikaren helburu nagusienetariko bat: “Baditugu sareak Europan, baina oso gutxi, horregatik horiek sendotu eta berriak osatu nahi genituen; zentzu horretan, egia esan, oso pozik gaude emaitzarekin”.
Horrekin batera, Europako hauteskundeei begira ere mugarri bilakatu nahi dute, eta alderdiak lerratzera bultzatu: “Egungo migrazio politika lotsagarria da, horregatik ozen salatu nahi dugu eta alderdiei dei egin gai horrekin duten ikuspuntua argitu dezaten”. Ovelleirosek gogoratu duenez, faxismoa “inoiz baino biziago” dago Europan, eta migrazioa da haien diskurtsoaren aldarri nagusietako bat. “Egoera larria da, migratzaileak jartzen dituzte jo puntuan; horregatik besarkadaren ideia, denok batera egin behar diogulako aurre”, plazaratu du.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformatik hilabeteak daramatzate ekinaldia prestatzen eta bestelako mobilizazio eta besarkada txikiagoak egiten. Alde horretatik, Ovelleirosek ontzat jo du orain arte egindako lana, eta plataforma “berpiztu” egin dela jakinarazi du. “Gure sarea oso zabala eta anitza da, eta, zentzu horretan, zaila da areagotzea. Hala ere, indartzea eta berpiztea lortu dugu”.
Orain dela bi urte Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena oroitzeko egindako mobilizazioan bildutako jende guztia du buruan Ovelleirosek: “Geroztik ez dugu berriro ere jende guzti hori bildu. Horregatik, orain dela bi urte lortutako sare itzel hori berrosatu nahi dugu: jende guzti hori berpiztea eta egon izan ezin zirenak Durangora hurbiltzera animatu”.
Hori bermatzeko mugimendu eta borroka desberdinetako norbanakoei lekua egin nahi izan diete Herrien Besarkadan: “Zortzi zutabe izango dira, bakoitza borroka edo gai konkretu batekin lotuta: mugimendu feminista, pentsiodunak, ekologistak, sindikalgintza, giza eskubideak…”. Ovelleirosek azpimarratu duenez, gainera, gizartea une “oso garrantzitsu” baten aurrean dago: “Jendeak ez du parte hartzeko aukera galdu behar, denok bat egin behar dugu. Mobilizazio honen bidez, nolabait, jendearen bihotza ere ukitzea da helburua”, ondorioztatu du.
Udan lanez lepo
Iazko udan Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformatik sortu ziren Euskal Herrira heldu ziren migranteak laguntzeko harrera taldeak. Egoerari aurre egiteko, ehunka pertsonak uda osoa eman zuten migrante guzti horientzako harrera duin bat bermatu nahian: lo egiteko tokia, elikadura, babes judiziala… eta hortik jaio ziren ere, besteak beste, Arrigorriaga edota Gernikako elkarbizitza esperientziak. “Behin igandea pasatuta hausnarketa sakona egin beharko dugu, ea zeri egin diezaiokegun aurre eta zeri ez; baina argi dugu arazoak hor jarraitzen duela”.
Gainera, urtero bezala, Mugak Zabalduz karabana ere antolatu dute beste herrialdeetako hainbat kiderekin batera. Aurten, Andaluziara eta Ceutara joango dira, bertako mugan gertatzen diren injustiziak salatzeko asmoarekin. “Ikusi beharko dugu nola uztartzen ditugun bi gauzak; harrera duina funtsezkoa da, baina salaketa dinamikarik gabe, ez du zentzurik”, azaldu du Ovelleirosek.
Zortzi zutabe
Herrien Besarkadak iganderako antolatutako mobilizazioan zortzi zutabe izango dira. Izaera eta aldarrikapen jakin bat izango du zutabe horietako bakoitzak:
Feminismoa. Pairatzen duten indarkeria dela medio, emakume askok beren herrialdea utzi behar izaten dute. Eskuin muturrak jopuntuan jarri du.
Gerrarik ez. Gerratik ihes egiten dute errefuxiatu gehienek eta, gerra horietan, euskal armagintzak ere, badu zeresana.
Giza eskubideak. Sindikalistak eta giza eskubideen alde lan egiten dutenak batuko ditu, zabaltzen diren zurrumurru eta estereotipo arrazistei aurre egiteko: “Arazoa kapitalismoa da, ez migrantea”.
Ekologismoa. Klima aldaketak eta lurren ustiatzeak jendea alde egitera behartzen dute. Gainera, “paradoxikoa” da: “Beste lurraldeetatik elikagaiak ekartzen ditugu, eta pertsonak etortzea debekatu”.
Harrera herria. Pertsona guztiek harrera duina merezi dutelako. Euskal Herrian martxan dauden esperientziak batuko dira.
Kultura eta hizkuntza. “Kolonialismoak eta inperialismoak eraso egiten duten lehenengo gauza hizkuntza eta kultura direlako”.
Denok izan gara migranteak. Besteak beste pentsiodunek osatuko dute, bere garaian askok emigratu zutelako Euskal Herrira inguruko herrietatik.
Memoria. Gerran, basamortuan edota Mediterraneoan hil diren milaka migranteen omenez.