Gau eta egun elkarri segika

Gau eta egun elkarri segika

Uxue Gutierrez Lorenzo

Zientifikoki aztertuta, izar bat da eguzkia; argitsua, beroa eta eguzki sistemaren ardatza. Ilargia, ostera, satelite bat da; hotza, kraterrez betea eta Lurraren inguruan biraka dabilena. Batak, egun-argia ahalbidetzen du; eta bestea gauaren iluntasunarekin batera agertzen da zeru zabalean. Bi astroak elkarrekin harremanetan daude, eta astrologia ez da izan euren inguruan aztertzen aritu den bakarra. Luze jardun dira erlijio, kultura eta gizarte ezberdinak astroen loturaz.

Eguzkiari, batik bat, jainko izaera aitortu zaio, eta, garaiaren eta tokiaren arabera, deitura ezberdinak egokitu izan zaizkio: Utu, justiziaren jainkoa zen Mesopotamian, Ra Zeruaren jainkoa Egipton, eta Helios deitzen zioten Greziar inperioan. Eguzkia gurtu dute zibilizazio ezberdinek, eta, oro har, gizonezko gisa sailkatu dute. Kristautasunak berak ere, ospakizunerako baliatu du eguzkiaren ikurra: erromatarrek neguko solstizioa ospatzen zuten eran, Eguberri gisa igaro da eguna kristau ohituretara.

Ilargia, ostera, uste modernoagoetan hasten da agertzen, eta andrazko itxura du haren irudikapenak. Satelitearen izaera ziklikoa dela medio, emakumeen hilekoarekin edo emankortasunarekin lotuta dagoela esaten da. Are gehiago, ilbeteak gizakia zoratzeko ahalmena duela ere esan izan da.

Siniskeriak bezalaxe, ipuin eta kondairetako protagonista ere izan dira eguzkia eta ilargia maiz, euren arteko harremana ardatz hartuta. Beste kultura batzuetan ez bezala, euskal mitologian andre-gizonak omen dira eguzkia eta ilargia. Neba-arreba zein lagun gisa irudikatu dira beste kultura batzuetan. Hain zuzen, ezkontideen arteko liskar bat du abiapuntu hurrengo kontakizunak, egunaren eta gauaren arteko bereizketa azaldu nahian. Ilargia, eguzkia eta mundua kondaira bildu du Juan Mari Etxebarria Ayestak Gorbeialdea: mito, ipuin eta esaundak liburuan.

Martxoko ilberriko arrats batez han zebiltzan josta-jostari ilargia eta eguzkia senar-emazteak, egunero lez. Iluntzen hasi zen, eta, eguzkia sartzear zela, hala esan zion eguzkiak ilargiari, harrotuta: “Ikusten al duzu mundua geroz eta ederrago?”. Baiezkoa erantzun zion emazteak. Eguzkiak, orduan, bere gain hartu zuen mundu eder horren meritu guztia; dena bere beroari eta argitasunari esker zela esanez. Ilargiak, ordea, irmoki erantzun zion senarraren baieztapenari. “Eta nire gaueroko ihintza, zer? Horrek ez al du balio?”, galdegin zion, haserretzen hasia. Hori entzunda, eguzki handiustea sutan jarri zen. Besoetako izpiekin bere barneko txingar gori eskukada bat atera, eta indarrez jaurti zion ilargiari, zuzenean aurpegira. Erabat kiskali zuen, bekokitik kokotseraino. Esaten denez, gaur-gaurkoz, ilargi betea dagoenean behatuta, oraindik ere erreduren arrastoak ikus daitezke.

Ezetz harrapatu

Ilargia, izututa, korrika hasi zen eguzkiarengandik ihes egin nahian. Eguzkia, aldiz, amore eman beharrean, haren atzetik abiatu zen. Etengabe segitu zion, jan egarriz kasik, eta ura odol bihurtu zen arte. Alde batetik bestera korrika eta korrika zebilen eguzkia, emaztea harrapatu nahian. Ilberrian, hilgoran, hilberan eta ilbetean ere bai, garai guztietan jarraitu zion. Ilargia arnasestuka eta leher eginda zebilen ordurako, inoiz bizi bako estualdian. Bere buruari animoak ematea erabaki zuen: “Edozein unetan eguzki kokolo hori gainera etorriko zait, baina ez nau hain erraz atzemango”.

Horrela, egunak joan egunak etorri, 28 egun pasatu zituen eguzkiak ilargiaren atzetik. 28. egunean, eguzkia ilargia harrapatzear zela, gorde egin zen satelitea. Eguzkiak aurrea hartu zion orduan, eta harro zihoan hurrengo egunetan atzetik segika zuela ilargia, bere buruari behin eta berriz gauza bera errepikatzen ziola: “Non sartu ote da andre madarikatu hau?”.

Dagoeneko ezin zuen atzera egin eguzkiak, eta geroz eta azkarrago korrika egiten hasi zen, ilargia atzetik harrapatzeko asmoz. Ziztu bizian zihoan eguzkia, gero eta azkarrago, tximista baino azkarrago. Beste 28 egun behar izan zituen ilargiarenganaino iristeko; eta, hala ere, haren parera iristea lortu zuenean, ezkutatu egin zen ilargia berriz ere.

Gaur eguneraino iraun du harrapaketak. Hor segitzen dute biek, bata bestearen atzetik. Orain eguzkiak bere izpiekin berotzen du lurra egunez, eta ilargiak, ostera, ihintzaren freskotasuna igortzen du gauero.