Zentzugabekeriaren arrazoia

Zentzugabekeriaren arrazoia

Natalia Salazar Orbe

Pozaren sentimendua muturreraino irudikatuta. Tristuraren goibeltasunik goibelena aurpegian islatuta. Barre algara; negar geldiezina. Keinu adierazgarriak, zainduak, lortuak, histrionismoaren antzezleek taularatutakoak. Ikus-entzuleak hunkitu, harrapatu, eta euren alderik gizatiarrena irudikatuko dute clownek, beste urtebetez, Durangon. Aurten ere, Topaklown jaialdiak elkartu ditu diziplina horretan trebatutako profesionalak. Asteazkenean abiatu zuten jaialdiak ez du etenik izango igandera artean.

Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko profesionalen ikuskizunek emango diote jarraipena topaketari, egunotan. El Mono Habitado konpainia arabarrak Benditas, todo viene del cielo antzezlana estreinatuko du. Zentzugabekeriaren itxuran, gizadiari eta haren etorkizunari buruzko zentzuzko hausnarketak egingo dituzte. Bi artzain ditu protagonista. Larrean artaldea zaintzen ari direla, ama birjina, objektu hegalari ezezagun bat eta satelite espioi bat azalduko zaizkie. Bi artzainek elementu horiekin dituzten elkarrizketek osatzen dute antzezlana.

Gaur, berriz, Lur planetako gizakiaren lehenengo zirriborroarena egingo du Inda Pereda katalanak. Lubbert Dash pertsonaia bilakatuta azalduko da agertokian. Izugarri gustuko ditu izaki groteskoz betetako munduak. Gogoko du, era berean, bere lorategi xarmagarri eta absurdoko izaki bitxiei behatzea, egoera zentzugabeak bizitzea eta irudi surrealistei erreparatzea. Pereda, eskarmentu handiko clowna, ezaguna da mundu osoan. Antzezpen komikoak eta herrikoiak lantzen ditu Lecoq teknika baliatuta. Ikus-entzuleen konplizitatea bilatuko du agertokian.

Arabatik iritsiko da Zanguango Teatro ere. Hausnarketa dibertigarri eta metaforikoa taularatuko dute Esto no me lo esperaba antzezlanaren bidez. Lau figurante ditu protagonista. Aktore nagusiek eta ekoizleek bertan behera utzi dute Emiliano Zapataren bizitzan oinarritutako ikuskizuna. Figuranteek hartuko dute antzezlana interpretatzeko ardura. Baina ez dira gai, eta estutasun barregarria sufrituko dute etengabe. Norbere bizitzaren eginkizunari buruzko hausnarketa komikoa eramango dute San Agustin kulturguneko taula gainera.

Clownen arteko lehiaketa proposatuko du, berriz, Klown Kombat emanaldiak. Pailazo talde bi eta epaile bat jolas zelaian ariko dira. Ikus-entzuleek osatuko dute epaimahaia.

Jaialdiari bukaera emateko, Topaklownen ikastaroetan parte hartu duten ikasleek erakustaldia egingo dute. Ikuskizun horretarako sarrera doakoa da.

Aurten, clownen trebakuntzarako bederatzi ikastaro eskaini ditu Topaklownek. Ohi bezala, interes handia piztu dute. Izena emateko epea zabaldu eta berehala bete ziren lekurik gehienak. Denera 190 lagunek hartuko dute parte ikastaroetan. Izen handiko irakasleak izango dituzte; besteak beste, Marcelo Katz eta Nines Carrascal. Jaialdia borobiltzeko, Txelu Angoitiaren argazki erakusketa ere ikusgai dago.