Harroaren zigorra

Natalia Salazar Orbe

Ipuin tradizionalen esentziari lotutako kontakizunek eta elezaharrek bizirik iraun dute belaunaldiz belaunaldi gauzatutako transmisioari esker. Horiek galtzea saihestu dute halakoak idatziz jaso dituzten egileek. Besteak beste, Errose Bustinzak eta haren osaba KirikiƱok. Denetariko gaiei buruzko kontakizunak jaso zituzten Durangaldeko ipuinak liburuan.

Eskualdeko paraje ikusgarriekin lotutako elezaharrak zein protagonisten jokabideek erakusten duten asmo morala nagusi dira ipuinotan. Lorrin lamina eta mutila kondairan, amak semearenganako duen ulermena ikusi du Seve Callejak. Lourdes Unzuetarekin batera egin zituen Callejak liburuaren edizio lanak.

Eperlabarreta baserrikoa zen kondaira horretako protagonista. Amarekin bizi zen han. Mutil sendo eta indartsua zen. Laiarekin lurra lantzen zein belarra mozten hark bezalako trebezia zuenik ez zegoen inguruetan. Indar erakustaldia behar zuten probetan bera nagusitzen zen beti. Eta horrexegatik Indartsu esaten zioten. Hura bezalako pertsona adoretsurik inoiz ez zutela ezagutu esaten zuten denek.

Arratsalde batean, amari esan zion hurrengo goizean Saibi mendira joan behar zuela iratze bila. Urkioletako neska-mutilak ere joatekoak ziren. Lagunak zituen, eta berak ere gauza bera egin nahi zuen.

Ama kezkatu egin zen, entzuna baitzuen Lorrin lamina egun horietan Sailluente haitzuloaren aurreko landan egoten zela, urrezko aulki batean eserita. Gurasoak ikaratuta zebiltzan haren presentzia zela eta. “Badirudi gazteak engainatzea beste asmorik ez duela. Beraz, seme, ez zaitez joan bihar basora. Bestela, galdua zara”, esan zion amak.

Barre algaraka hasi zen mutikoa. “Galdua ni? Lorrin laminaren beldur naizela uste al duzu? Zer dela-eta uste duzu esaten didatela Indartsu?”.

Amak, berriz: “Seme, indartsua izan arren, oraindik ez duzu ezagutzen mundua. Pertsona maltzur asko dago munduan”.

Semeak ez zuen bere asmoa aldatzeko pentsamendurik, ordea. Ez, behintzat, lamina haren mehatxuagatik. “Bihar goizean mendira joango naiz lamina eta sorgin guztien gainetik”.

Amaren gomendioei entzungor eginez abiatu zen, bada, hurrengo goizean Saibira bidean. Sailluentera iritsi bezain laster. Lorrin lamina aurkitu zuen haitzuloaren aurreko landan, urrezko aulki batean eserita, bere ilea orrazten. Indartsuk ikusi zuenerako, ondoko bertsoa bota zion: “Lorrin laminatzarrak ez du adorerik; Indartsuri heltzeko ez dauka indarrik”.

Hitzok entzun bezain laster, sutan jarri zen lamina, eta, amorruz beteta, orrazia jaurti zion. “Mutiko harroputz eta zital hori! Indartsua eta adoretsua izan ala ez, iluntzeko ipar haizea izango duk ikusle!”, esan zion, haserre.

Indartsuk polita iritzi zion orraziari, eta kolkoan sartu zuen. Berehala paparra erre zion, ordea. “Infernuko bitxi madarikatua!” oihukatuta, errekara jaurti zuen. Errekako ur guztia irakiten hasi zen, berehala. Baina ezer gertatu izan ez balitz legez, aurrera egin zuen mutilak, Saibi mendiraino.

Eguna ira mozten eman ostean, iluntzean, Eskumendiko magal batean eserita, abesten hasi zen. Kantuan ari zela, Lorrin lamina azaldu zitzaion, neska eder baten itxurarekin. Haren abestiak atsegingarri zitzaizkiola esan zion: “Zure indar eta adore handiaren izenak zeu ezagutzera ekarri nau”. Haren edertasunak liluratuta utzi zuen mutila.

Mendi gailurraren atzean bizi zela azaldu zion emakumeak, eta toki zoragarria zela adierazi. “Nire mihia ez da gai bertako gauzak azaltzeko; horretarako, urrezko idazluma beharko litzateke”.

Berbok esan eta gero, laminak berarekin joateko eskatu zion mutikoari. Birritan pentsatu gabe onartu zion gonbita Indartsuk, eta elkarrekin joan ziren Sailluenteko landaraino, sasi eta arantza guztien gainetik.

Ametsetako paisaia zuten biek begien aurrean. Lorez eraikitakoa zirudien zubia pasatzen ari zirela, Lorrinek bultza egin zion mutikoari, eta buruz behera jaurti zuen koba beltz batera. Lurra jo zuenerako, han zeuden lamina guztiak mutilari makilakadaka hasi zitzaizkion, eta denek aho batez esan zioten: “Non dituzu orain indarrok eta adoreok? Mututu egin zara ala? Orain geu gara zure ugazabak, koba barruan ondo lotuta zaude eta. Aurrerantzean, zure egun guztietako janaririk onena makila eta atsekabea besterik ez dira izango”.

Hurrengo egunetan, Sailluenteko koba ingurutik pasatzen ziren gazteek Eperlabarreta baserriko mutilaren negarrekin nahasita, ondoko berbak entzuten zituzten: “Nitaz lar uste nuelako eta nire ama onaren aholkuak kontuan ez hartzeagatik galdu naiz”.

Bustinzak jasotakoaren arabera, gazte askok, berba haiekin ikaratuta, gurasoen esanak bete eta zintzo jokatzeko asmoari heldu zioten aurrerantzean.