Laminak bizilagun

Laminak bizilagun

Peru Azpillaga Diez

Gizakiak eta izaki mitologikoak elkarrekin bizitzera kondenatuta egon dira luzaroan. Izaki magikoen eta ez-magikoen arteko bizikidetza, oro har, korapilatsua izan da, eta beldurra izan da nagusi. Toki askotan, ordea, gizakiak eta izaki mitologikoak nolabait elkarrekin ere bizi ziren. Gehienetan, bestearen espazioa errespetatu besterik ez zuten egiten: bakoitzak bere bizimoduari eusten zion, eta bestea bakean uzten zuen. Zenbait kondairaren arabera, hala ere, batzuetan harremana ere izaten zuten, bien probetxurako eraikitakoa.

Halaber, batik bat lukurreriak bizikidetzaren oreka haustera bultzatzen zuen gizakia. Kondairetan maiz errepikatzen denez, hori gertatzen zenean barkamena eskatu edota egindakoa zuzendu ezean, eskarmentu latza jasotzen zuten.

Gizakiekin hartu-emana izan duen izaki mitologikorik existitu baldin bada, lamina da hori. Laminak putzu eta kobetan bizi ohi ziren, eta gizakiekin harreman berezia zuten. Batzuetan, jainkozko izakiak ziren, gizakiak baino ahaltsuagoak, eta, hain zuzen ere, gizakiek opariak eta sakrifizioak eskaintzen zizkieten. Beste batzuetan, kondairetan jeinu gisa azaltzen ziren, eta gizakiak haiek bahitzen edota haien ondasunak lapurtzen saiatzen ziren.

Gizakien eta laminen harremanaren ondorioz, badira euskal orografian laminen izena duten hamaika leku. Zornotza eta Gernika artean, esaterako, Muxikan, Gorozika auzoa dago. Hortik Zugaztietara igoz gero, Munaguren deituriko baserria aurki daiteke. Baserriko ate nagusitik metro gutxira, putzu handi bat dago, ohiko putzuak baino dezente handiagoa. Putzu horrek Laminaputzu izena du. Laminarik, ordea, aspalditik ez da han bizi. Zergatik? Resurreccion Maria Azkuek Euskalerriaren Yakintza liburuan jaso zuen, hain zuzen, laminak alde egitera bultzatu zituen arrazoia.

Munagurengo laminak

Laminaputzuren ondoan, sahats zahar bat dago, adar luzeak dituzten horietakoa; besoak balira bezala, sahatsaren adarrek putzuaren ura ukitzeraino. Kondairak dioenez, denboraren joanak jada ezabatutako garai batean, adar horietan jesartzen ziren Munagurengo putzuan bizi ziren laminak, eta ile luzea orrazten zuten, putzuaren ura ispilu gisa erabiliz.

Inguruko jendeak bazuen laminen bizitokiaren berri, eta, errespetu handia zietenez, ez ziren inoiz hara hurbiltzen. Are gehiago, halabeharrez norbaitek putzu ondotik igaro behar zuenean, oihu egiten zuen laminak ohartarazteko, eta haiek uretan ezkutatzen ziren. Horren truke, laminek ibar osoan durunda egiten zuten kantu leunak abesten zituzten, baserritarrei beren lanetan laguntzen zieten, eta haurrak babesten zituzten eskolarako bidean.

Ilea orraztu ez ezik, laminek harrikoa ere egiten zuten putzuan, eta, ostera, maindireak sahatsaren adarretatik eskegita uzten zituzten, lehor zitezen. Maindireak, laminen ondasun guztiak bezala, urrezkoak ziren.

Munaguren baserriko etxekoandreak egunero ikusten zituen maindireak leihotik, eguzki izpien azpian, begien aurrean dir-dir egiten. Halako batean, etxeko beharrek itota, etxetik atera zen, eta, laminak putzuan ezkutatu zirenean, sahatsaren adar batean eskegita zegoen maindire bat lapurtu zuen, saltzeko asmoz.

Gaua heldu zen, eta, Munagurengo andrea oheratzeko prestatzen ari zenean, danbateko bat entzun zen etxeko atean, lamina baten ahots argi zein garratzak lagunduta: “Munagurengo atso ausarta, ekarri niri ondra izara”. Andrea, ordea, ez zegoen bizitza aldatu ahal zion urrezko maindirea itzultzeko prest, eta ez entzunarena egitea erabaki zuen. “Noizbait aspertuko da”, pentsatu zuen.

Hurrengo egunean, putzuan ez zen laminarik ageri. Sahatsean ez zen inor jesarri, eta bailaran ez zen kanturik aditu. Hala ere, gaua heldu zenean, mailu kolpeak entzun ziren berriz ere atean, eta laminaren ahotsak abisu bera eman zion andreari. Egunak igaro ziren, baina gauzak ez ziren aldatu: egunez isiltasuna eta gauez danbatekoak. Azkenean, andreak maindirea hartu, eta laminari bota zion leihotik. “Etxe honetan ez da inoiz lihorik faltako”, erantzun zion laminak. Momentu hartaz geroztik, ordea, laminak putzutik desagertu ziren, eta inork ez ditu berriro ikusi.