Estalitako historia agerraraziz

Estalitako historia agerraraziz

Natalia Salazar Orbe

Laurogei urte baino gehiago igaro dira bonbek herria suntsitu zutenetik. Italiako Aviazione Legionarioko hegazkinek gutxienez 281 bonba jaurti zituzten Durango gainean, eta bonbardaketan 336 pertsona hil ziren. 1937ko martxo odoltsu hartan gertatutakoa ahanzturan gera ez dadin, eta sarraskian bizia galdu zuten herritarrak gogoratzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte datozen egunetarako Durangoko Udalak eta Gerediaga elkarteak.

Denek ala denek helburu berari jarraituko diote: gertatutakoa ez ahaztea, eta biktimei dagokien aitorpena egitea. Ekitaldiak astelehenean hasi zituzten, Irudi izoztuak vs izoztutako oroimenak erakusketarekin. Bestalde, bonbardaketaren aztarnak jarraitzeko aukera izango dute bisita gidatuetan parte hartzen dutenek. Herriko kaleetan zehar ibiliko dira bihar. Eta, esteroskopioak baliatuta, bonbardaketak eragindako hondamendiaren irudiak ikusi ahalko dituzte herritarrek.

Biktimak presente egongo dira jarduera guztietan. Esplizituki, horien alde antolatu dituzten oroimen ekitaldietan, baina baita beste guztietan ere.

Durangoko bonbardaketako biktima haietako baten senidea da Aiyoa Arroita. Birramona zuen Concepcion Zarandonaren gorpuzkiak aurkitu eta behar bezala ehorzteko informazio bila ari da. Durangoren aurkako bonbardaketan zauritu eta hil zen Zarandona. Ez zen izan 1936ko gerrak familian eraildako kide bakarra.

Ortuellako Memoriaren Mahaia elkarteko kidea da Arroita. Orain arte egin dituen ikerketen arabera, Durangoko hilerrian egon litekeen hobi komun batean egon daitezke senideak. Ikerketa sakondu nahi du, eta lortzen duen informazioak, orain arteko arrastoek bezala, gorpuzkiak han egon daitezkeela esaten badio, erakundeei hobi komun horretatik ateratzeko eskatzeko: “Ez zait iruditzen bidezkoa belar azpian denak batera ehortzita egotea, nor den nor jakin gabe. Errepide ondoan, arroila batean egotea bezala da. Ehortzita dauden pertsona horiek guztiak, ahal den neurrian, identifika ditzaten nahi dut. Gero, senide bakoitzak erabaki dezala zer egin nahi duen gorpuzkiekin”.

Zarandona hilerriko hobian egon behar dela ziur da. Izan ere, garai hartan herrian biziko zuten egoera irudikatzen saiatu da. “Ehunka lagun hil ziren, eta denak batera hobiratu zituzten. Pentsa ezazu zer-nolako kaosa izango zen herrian: bonbardaketa, hainbat herritar hilda, gorpu ezagunak, ezezagunak… Zoramena”. Egoera haren ondorioz, birramona Durangoko hilerrian lurperatuta egotea beste azalpenik ez zaio bururatzen. Familiak hilerrian duen panteoian ere ez dago eta.

Bestalde, Florencio Arroita osaba zuena Axpe-Martzanan —gaur egungo Atxondo— zauritu zuten. Errepublikaren aldeko gudariek egin zioten tiro frontean, faxistekin nahastuta. “Kide batzuekin harrapatuta geratu zen nazionalen, falangisten lerroaren atzean. Ihes egitea lortu zuten, baina euren aldera itzultzean, errepublikazaleek tiro egin zieten soldadu falangistak zirelakoan. Euren aldekoak zirela jabetuta, jaso egin zituzten”.

Hori horrela izanik, zaurituta Durangoko ospitalera eramango zutela uste du Arroitak. Beraz, han hil bazen, hango hilerrian ehortziko zutela sinetsita dago. Hala ere, informazio gehiago bildu nahi du hobia zabaltzeko eskaera egin aurretik.

Gerraren astindu bortitzak hainbat aldetatik jaso dituen familia bateko kidea da Arroita. Beste osaba bat ere garai hartan hil zioten: Victor Arroita. Gernikako bonbardaketan galdu zuen bizia. “Familiak kontatzen duenez, ehiza hegazkin nazi batek metrailatuta hil zen. Haien arabera, hegazkin hura bonbardaketa egin ostean itzuli egin zen eta bidean aurkitu zituenak metrailatu zituen”. Datu hori baieztatzen duen agiririk ez dute, baina hala kontatu izan diote.

Derioko hilerrian dauka beste osaba hori. Baina haren gorpuzkiak aurkitzeko itxaropen oro galdua du. Ezinezkoa da. “80 urte pasatu dira jada, eta ehortzi eta hamar urtera hezurrak atera eta hezurtegira eramaten dituzte, hilerrian lekua izateko. Galdutzat eman ditugu, beraz”.

Erreparazio eskea

Etendako beste bizitza bat. 29 urte zituen Victor Arroitak. Emaztea haurdun zegoen hil zenean. “Inoiz ez zuen ezagutu semea”. Ahotsa eten egiten zaio Arroitari. “Hunkigarria da pentsatzea egunen batean gorpuzki horiek eskuetan izango ditudala. Duela 80 urte zabaldutako zauria itxiko litzateke hala”.

Horixe izango litzateke Aiyoa Arroitarentzat 1936ko gerran hil zituzten bere senideen gorpuzkiak aurkitu eta behar bezala ehorzteko aukera izatea: “Zauri bat ixtea. Galdu zen bizitza gazte baten aitorpena. Lapurtutako etorkizuna aintzat hartzea”.

Gerran senideak galdu zituzten familientzat ez eze, gizarte osoak historia ezagutzeko eta gertatutakoa ez ahazteko ere baliagarria izango litzateke, haren ustez, gorpuzkiak ateratzea. “Jende askok jakin ere ez daki zer gertatu zen; ez delako hitz egiten hari buruz. Duela hamar urtera arte garai hura bizi izan zutenak oraindik hitz egiteko beldur ziren”.

Ondo ezagutzen du berak egoera hori, Ortuellako Memoriaren Mahaian azken bi urteetan egin duen lanagatik. “Gure inguruko adineko pertsona guztien lekukotzak biltzen ari gara. Testigantzok jasotzen ari gara, ez dakigulako duela 80 urte zer nola bizi ziren herrian”.

Harrituta dago gazteek ez dakitelako zer gertatu zen garai hartan. Bide hori landuko dute Durangon ere, udalak eta Gerediaga elkarteak. Belaunaldi gazteagoek gertu egon arren oso urruti dirudien historiaren pasarte latz haren berri izateko modua ere emango dute-eta jarduerok.