Altxorraren zaindaria

Altxorraren zaindaria

Natalia Salazar Orbe

Sineskeriek eta sinbolismoak indar handia izan dute Bizkaiko eremu askotan. Albiste onen zein zorigaitzen iragarletzat hartu dira elementu ugari. Batzuk eta besteak ahozko kondairetan zabaldu dira urte luzez, belaunaldiz belaunaldi. Hainbat adituk eta ikerlarik horietako asko jasotzeko eta biltzeko lana hartu izan dute. Jose Maria Barandiaran izan da lan hori hartu dutenetako bat. Eginbehar horretan, zezen gorriarekin lotutako hainbat elezahar aurkitu eta jaso zituen.

Diccionario de la Mitología Vasca lanean azaldu zuenez, lurpeko jenioak zezen gorrien itxuran azaltzen dira askotan. Batzuetan, altxorrak dauden haitzuloak zaintzen dituzte kondairetan. Beste batzuetan, zerbait txarra gertatuko den seinale gisa ere agertzen dira. Gaueko ibiltariak ikaratzeko ere azaltzen dira.

Lapurrak, altxorrak eta leizeetako zaindari bitxiak ditu osagai Barandiaranek Orozkon girotutako kondairak. Aspaldi-aspaldian, lapur bat omen zegoen herrian. Ogibide horretan ondo trebatua zegoen, eta negozio bikaina egiten zuen. Egunero egiten zuen lapurretan, eta balio handiko gauzak lapurtzen zituen. Denak atzetik ibili arren, inork ez zuen lortzen harrapatzea.

Apurka biltzen ari zen altxorra Itxina mendiko haitzulo batean gorde zuen. Han gorde zituen urrezko txanponak, diamantez osatutako uhalak, perlazko lepokoak eta antzeko bitxiak.

Orozkotik kanpo ere ateratzen zen sarri, derrigorrean, gero eta ezagunago bihurtzen ari baitzen bere egitekoa, eta atxilotua izateko arriskua handituz zihoan. Zelatan izaten zituen mikeleteak, noiz harrapatuko zain.

Etxetik urruti joan zen horietako batean, hil egin zen. Kondairak ez du zehazten zer gertatu zitzaion. Baliteke gehiegi jan zuelako hiltzea, edo zalditik erori izana. Hil zen tokian bertan lurperatu zutela besterik ez dio elezaharrak.

Heriotzaren berri izan bezain laster, Orozkon herritar talde bat elkartu zen lapurrak utzitako altxorraren bila joateko, Itxinara. Batean eta bestean begira eman zituzten egunak, baina ez zuten ezer aurkitu. Etsita, etxera itzultzea erabaki zuten azkenean.

Egunak joan, egunak etorri, Bilboko jauntxo batzuk iritsi ziren herrira, mapak eta seinale ugari zekartzatela. Itxinara iritsi eta berehala aurkitu zuten orduan Atxular haitzuloa zena. Herrian berehala izan zuten aurkikuntzaren berri. Eta jakinaren gainean zeuden guztiak leize inguruetara gerturatu ziren.

Zezena haitzuloan

Herritar batek leize barrurako bidea abiatu zuenean, ordea, ezusteko galanta hartu zuten denek. Zarata izugarria entzun zen inguruan. Zezen basati baten orroa zirudien hotsak izututa utzi zituen guztiak. Baten batek esan zuen Leizeko deabrua zela. Horrelakorik ez zegoelakoan, aurrerako bideari ekin zion horretan ari zenak, eta leizean barneratzen saiatu zen. Hiruzpalau pauso ematerik ere ez zuen izan, ordea. Berehala, zezen bat azaldu zitzaion, sudurretik kea zeriola.

Ohiko zezenak baino askoz handiagoa zen. Puzka hasi zen, behin eta berriro. Eta lurrari atzaparka aritu zen, aurrean zituenei eraso egiteko asmoa izango balu bezala.

Egoera ikusita, buelta eman, eta korrika hasi ziren han zeuden guztiak. Orozkora iritsi arte ez ziren geratu. Batzuek deabrua zela zioten; beste batzuek, Mari zela, eta hura zuela gordelekuetako bat. Herriko jakintsuenak eman zien gakoa: “Lapurraren espiritua zen hori. Etxera itzuli eta atsedena bakean izango badu, bere hondarrak behar ditu”.

Jakintsuaren hitzak entzun, eta berehala taldea osatu zuten zenbait herritarrek. Lapurra hil zen lekura abiatu ziren, haren hezurrak hartu eta ekartzeko asmoz.

Handik egun batzuetara itzuli ziren, lapurraren hezurrekin. Kondairak dio leizearen aurrealdean utzi eta berehala hauts bihurtu zirela.

Zalantza egin ostean, haitzuloan sartzen saiatu ziren berriro. Aurrera zihoazen, eta han ez zegoen zezenaren hotsik. Ageri ere, ez zen ageri inguruan. Barrura bidean zihoazen, pozik eta lasai. Altxorra bera ere aurrez aurre zutela ikusi zuten.

Distira izugarri batek egin zien harrera. Lapurrak elkarren ondoan eta gainean pilatuta gordeta zeuzkan kutxa guztiak atera zituzten leizetik. Den-dena atera zuten. Barruan ez zuten utzi ezer.

Denak pozez gainezka zeuden leizearen sarreran. Bat-batean, izugarrizko algara bat entzun zuten. Haitzuloaren barrualdetik zetorren. “Eskerrik asko altxorra nire partez ateratzeagatik!”, oihukatu zuen ahotsak. Hotsak zur eta lur utzi zituen, eta are harrituago utzi zituen gero gertatu zenak: barrutik ateratako kutxa guztiak desagertu egin ziren, inolako arrastorik utzi gabe.