“Txikiak garenean, elkarlanean aritzea da eraginkorrena”

Aitziber Laskibar Lizarribar

EHUn marketin irakaslea da Joseba Etxebarria Gangoiti (Santurtzi, 1961). Garagardoaren Euskal Behatoki sortu berriaren sustatzaile da, eta bertako ikerketa burua. Enpresa txikiz osatutako garagardoaren sektoreari merkatuan leku egiten laguntzeko erronkari heldu dio.

Zer da Garagardoaren Euskal Behatokia?

Euskal Herriko garagardoaren sektorea laguntzeko proiektu bat da. Sektore industrialetan inportantea da merkatuari buruz informazioa izatea. Garagardoaren sektorean hemen dauden enpresak txikiak dira, eta zaila da merkatu guztia okupatzen duten handiekin lehiatzea. Horregatik, garrantzitsua da merkatua ezagutzea eta datuak kudeatzen jakitea. Hori ikusita, behatoki bat sortzea pentsatu dugu, merkatuak ezagutzeko datu bilketak eta ikerketak egiteko. Helburua da bertoko enpresek azterketa horiek baliatzea lehiakorragoak izateko. Topaketa leku bat ere izan nahi dugu, sektore horretako enpresak eta partaideak elkarlanean aritu daitezen. Hori da asmoa. Txikiak garenean, elkarlanean aritzea da estrategia eraginkorrena, eta hori lortu nahi dugu behatokiaren bidez.

Zer ikertuko duzue?

Barometroa dagoeneko martxan dugu. Aldizka, ikerketa txikiak egingo ditugu gure markak zelan dauden jakiteko, eta, bestetik, inkesten bidez datu gehiago biltzen saiatuko gara jakiteko zelakoak diren jendearen preferentziak garagardoaren kontsumoan. Formakuntza saioak antolatzen ere saiatuko gara, eta sektoreko protagonisten arteko topaketak ere bai, esperientziak trukatzeko. Uztailerako, adibidez, jardunaldiak antolatzen ari gara markaren balioei buruz hitz egiteko. Askotan marketina, komertzializazioa eta halakoak ez ditugu asko zaintzen, eta oso inportanteak dira lehiakorrak izateko. EHUk horretan lagundu nahi du.

Barometroa aipatu duzu. Zein da helburua, bezeroen nahiak edo gustuak ezagutu eta produktuak horietara egokitzea?

Bai, oinarrian hori egin nahi dugu: merkatuaren ezagutza handitu eta datu horiek eskaini sektoreari. Sare sozialetan oinarritzen gara datuak biltzeko; inkesta txikien bidez egiten dugu, eta hor sortzen diren emaitzak publikatu, komentatu eta eskaintzen dizkiogu sektoreari.

Garagardoa ekoizten duten halako enpresa txiki asko daude?

Bai, gehitzen ari dira, eta Euskal Herriko garagardo artisauen elkarte bat ere badago. Berriak sortzeko aukera badago, baina izan dezaketen arazo nagusia merkatuan leku bat egitea da. Badago handiago bat, La Salve, baina oso zaila da Mahou, San Miguel, Heineken eta halako marka handiekin lehiatzea. Hori lortu nahi dugu marketinarekin. La Salvek hartu du proiektu hau aurrera eramateko lidergoa, baina asmoa da Euskal Herriko ahalik eta ekoizle gehienak inplikatzea, haiei komunikazioa hobetzeko prestakuntza ematea eta esperientziak trukatzea.

Bizkaitarrak garagardo kontsumitzaile onak dira?

Garagardoaren merkatua aldatzen ari da, eta ez soilik Bizkaian; beste garai batean ardoarekin gertatu zena gertatzen ari da. Jendea garagardo estandarizatu horietatik ateratzen ari da, eta horrek eman dio bidea horrenbeste enpresa txiki sortzeari.

Nolatan sartzen da EHU moduko eragile bat enpresa pribatu batek sustatutako halako proiektu batean?

Kasualitatez izan zen: nik eskatu nien laguntza La Salvekoei unibertsitatean praktika bat egiteko. Musu truk etorri ziren laguntzera, eta gero haiek eskatu zidaten laguntza ikerketa bat egiteko. Lagundu nien, eta ikusi genuen badaudela sinergiak gauzak egiteko. Horren ondotik atera da behatokia.

Espero duzue proiektu honekin lortuko dela bertoko garagardo enpresa txikiek indar hartzea eta aurrera egitea?

Datuak begiratuta, ikusten da adibidez estatuan azken hamarkadan garagardoaren presentzia hirukoiztu egin dela. Horrek zer esan nahi du? Geroari begira izan daitekeela sektore inportante bat eta leku egiten saiatu behar dela. Horretarako kolaborazioa behar da, eta horretan lagundu nahi dugu guk.

Ikusten duzu elkarlanerako nahi hori enpresa txikietan?

Horretan ari gara. Normalean, problema beti da enpresak direla eta bakoitza bere kontuari begira aritzen dela. Baina hasieran esan dudana: txikia baldin bazara, edo elkarlanean aritzen zara txikiak diren besteekin, edo jai daukazu, zeren merkatuan dauden enpresa handi horien aurrean ez dago aurrera egiteko beste modurik. Unibertsitatetik beti prest agertu gara laguntzeko. Azken finean, gu publikoak gara, eta gure helburua laguntzea da, ahalik eta gehien. Hemen badakigu datuak eta merkatua zelan ikertzen diren, eta horretarako sortu dugu behatokia, sinergia horiek aprobetxatzeko.

Leioako campusean duzue egoitza.

Oraingoz bai, proiektua martxan lehenbailehen jarri nahi genuelako. Baina beste leku bat bilatu nahi dugu. Horrelako proiektuetan gertatzen dena da edo martxan jartzen direla eta aurrera egin, edo bestela, aurrez talde askorekin gauza guztiak adosten saiatzen bazara, normalean gain behera erortzen direla. Horregatik erabaki dugu saiatzea, eta gero, jendeak ikusten duenean gauzak egiten ari direla eta asmo onez egiten direla, proiektura batzea; hori da estrategia.