Saiatuaren lorpena

Saiatuaren lorpena

Natalia Salazar Orbe

Mitologia eta sinesmen zein sineskeria istorioez gain, herriz herri eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diren ipuin ugari dago. Askok auzo edo baserri jakin bateko biztanleak izan ohi dituzte protagonista. Egiazko gertakariak balira bezala zabaldu dira, ahoz aho, baina asmatuak dira. Datorren kontakizun hau, Errose Bustintzak Durangaldean kokatutako bat da. Durangaldeko ipuinak lanean jasota dago, Ebaristo Bustintza Kirikiño osaba zuenaren lanekin batera osatutako argitalpenean. Biek ala biek zuten inguruko ipuin eta tradizioekiko zaletasuna. Errose ez zen mugatzen ipuinen transkripzio hutsa egitera; bere ukitua eta kutsu fantastikoa ere gehitzen zizkien.

Hamargarren ahalegina izenburua eman zion kontakizun honi. Larrabi baserriko etxekoandrea eta haren semea ditu protagonista. Andreak irina behar zuen taloak egiteko, eta semea bidali zuen artoz betetako zorroarekin enkargua egitera. “Zoaz errotara, maite, azkar batean. Eta ekarri egidazu azkar zorro hau bete irin taloak egiteko”. Zakua izugarri handia begitandu zitzaion semeari: “Ene bada! Hau da zorroa! Astunegia dela esango nuke. Zorroa bidean eroriko balitzait zelan arraio jasoko nuke lepora berriro? Hau da hau!”, egin zuen protesta.

Amak behar-beharrezkoa zuen irina ekartzea nahi zuen, eta protesta gehiegizkoa iruditu zitzaion. Hala ere, bidean zailtasunak aurkituz gero laguntza eskainiko zion pertsona ezezagun baten istorioa kontatu zion: “Ez izan horren beldurrik. Zorro hori ez da horren astuna ere. Dena den, arazoak izanez gero, besterik ezean, behar izatekotan, zure zorro hori Hamargarren ahaleginak leporatuko dizu”.

Zur eta lur geratu zen semea. Nor ote zen Hamargarren ahalegin hura? Amak argitu zion: “Inoiz ezagutu ez duzun ezezagun atsegin bat da. Zoaz lehenbailehen errotara, eta beharbada ezezagun hori ezagutzeko aukera izango duzu”.

Han abiatu zen gaztea, zorroa bizkarrean zuela. Mendian behera zihoala, behi gorri bat azaldu zitzaion. Auzoko behi okerra zela ikusita, adarkadaren bat jasotzeko beldurrez, korrika hasi zen. Ihesaldian, laprast egin eta lurrera erori zen, hankaz gora.

Lasaitu zenean, zutundu, eta, zakua ukitu ere egin gabe, bide ondoko landan etzan zen, belartzan. Zorroa lepoan jartzen saiatu ere egin gabe, Ahaleginari deika hasi zitzaion: “Hamargarren ahalegina! Zatoz hona!”. Garrasika jarraitu zuen: “Zatoz arto-zaku hau bizkarrera altxatzen laguntzera, nik bakarrik ezin dut eta! Ahalegina! Zatoz azkar, gure amak uste duenez morrosko indartsuren bat edo zara-eta!”.

Ordu luzeak eman zituen oihuka, lagunduko zion ezezagun misteriotsu hura noiz agertuko. Inor ez zen ageri, ordea. Abereak bai, zenbat gura: txoriak, ardiak, ahuntzak, behiak eta behorrak baino ez zebiltzan inguruan, gaztearen oihuekin harrituta. Nekatuta zegoen. Eguzkia ere lotara bidean zihoan, eta eguna iluntzen hasia zen. Beraz, altxatu egin zen, eta zakuari batetik eta bestetik begiratu zion. Handik eta hemendik ukitu ostean, barruan zuen indar guztia baliatuta, ahal zuen bezala harri baten gainera altxatu zuen. Handik lepora jaso eta errotarako bidea hartu zuen.

Ama zain zuen, haserre baino gehiago, kezkatuta eta ikaratuta. Errotarako joan-etorria egiteko egun osoa kanpoan zergatik eman zuen galdetu zion orduan. Semeak kontatu zion erori egin zela bidean, behi okerrarengandik ihesi zihoala, eta zakua ezin altxatuta geratu zela. “Zuk aipatu didazun morroskoa, berriz, lozorroan edo egon da, antza. Egin ditudan oihu guztiekin entzun ez banau, hilda edo lo egon behar zuen nahitaez”. Zakua bueltan ekarri zuela ikusita, baina, amak galdetu zion: “Eta zorro hori zer nola jaso duzu, bada?”. Eta semeak erantzun: “Deika eta deika nenbilela inor azaldu ez denez, nik neuk jaso behar izan dut. Arnasestuka, barruan nuen indar guztia atera dut. Lehenengo harri baten gainera altxatu dut. Eta handik bizkarrera eramatea lortu dut. Nire izerdiak!”.

Barreari ezin eutsita, algaraka hasi zen ama: “Ene kokolo hori! Hamargarren ahaleginak jaso du-eta! Norbere indar guztia eta egingura osoa, horixe duzu Hamargarren ahalegina”. Hala ulertarazi zion norbere ahalmena erdizka erabili beharrean osorik erabiltzea zela lehenago aipatu zion ezezagun atsegin hura.

Errose Bustinzak ipuinaren interpretazio bat ere egin zuen. Haren esanetan, gauza onak egiteko norberak duen ahalmen guztia hartu eta horretara bideratuko balu, nahi duena lortzeko gaitasuna izango luke. Irakaspen eta guztiko kontakizuna, beraz, Durangaldean kokatua.