Arkitekturaren oinatzei segika

Peru Azpillaga Diez

Enkarterriko eskualdean uste dugun baino ondare arkitektoniko aberats eta zabalagoa dugu”. Hala dio Gorka Perez de la Peña Oleaga historialariak. Lurraldeko eraikinen inguruko ikerketa luze eta sakona egin du, eta horren emaitza da Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira izeneko erakusketa. Hilaren 7an inauguratu zuen Enkarterriko Museoak, eta irailaren 29ra arte egongo da ikusgai. Erakusketara egingo diren bisita gidatuetaz gain, hainbat jarduera pedagogiko antolatuko ditu Enkarterriko Museoak. Horien artean, Perez de la Peñaren ikerketa lanean jasotako eraikin enblematikoak lekuan bertan ikusi ahal izateko zenbait ibilbide.

Perez de la Peñak bost urte eman zituen eskualdeko ehun urteko historiaren adierazgarri diren eraikinak bildu eta estiloaren arabera sailkatzeko. Ikerketaren bidez, erakusketarekin batera, liburu bat ere argitaratu du, bildutako eraikinen argazkiak eta horien azalpenak batuz. Erakusketan eta liburuan batutako estiloak XIX. mendearen bukaeratik XX. mendearen bukaerara arte indarrean egon ziren estilo nagusiak dira, hots, industrializazioaren garaian garatutako estilo arkitektoniko nagusiak.

Eskualdeko biztanleen etxeak, otoitz egiteko elizak, osatzeko eraikitako ospitaleak eta beharrerako lantegiak dira, beste askoren artean, Perez de la Peñak sailkatutako eraikinak; denboraren iragateari aurre egin eta oraindik ere egungo paisaiaren lekuko diren eraikin bereziak. “Horixe da proiektuaren oinarri nagusia: dugun ondasun material guztiari balioa ematea”, zehaztu du Perez de la Peñak.

Proiektu honetan, ordea, ez da bakarrik ibili, Amaia Garate Olano eszenografoak diseinatu baitu erakusketa. Bertan, eraikin azpimarragarrien argazkiak jasotzen dira, eta, irudiekin batera, eraikin horiek gordetzen zituzten zenbait objektu eta apaingarri ere bildu dituzte: koadroak, beirategiak, azulejuak… Etxez etxe ateak joz, arkitektura garaikidearen historia “era ordenatuan” azaltzen duten berrehun pieza inguru batzea lortu dute. Garatek kaxak erabili ditu hamarkada luzez etxe askotako ganberetan ahaztuta egon diren elementuak berreskuratu eta gogora ekartzeko. Hori baita ikerketa lanaren eta haren emaitza bikoitzaren —erakusketaren eta liburuaren— helburua: Enkarterriko ondare arkitektonikoari balioa ematea eta Bizkai osoan ezagutaraztea.

Perez de la Peñak azaldu duenez, museoak denbora darama eskualdearen ondarea ezagutarazteko lanean, bai baitzekiten balio handiko eraikin asko zeudela. “Hori dela-eta jarri ziren nirekin harremanetan, ondasun hori guztia batu, sailkatu eta ikuspegi globala eman ahal izateko”. Erakusketa antolatzeko ikerketa lan “itzela” egin behar izan dutela aitortu du Perez de la Peñak. Izan ere, Bizkaiko eskualde handienetarikoa da Enkarterri: hogei udalerri baino gehiago ditu, eta ondare balioa zuten 1.200 eraikin topatu dituzte. Erakusketarako eta libururako, ordea, 440 hautatu dituzte; hain zuzen ere, ondare immaterial modura sailkatu daitezkeenak.

Proiektuaren ideia nagusia arkitektura garaikidea bere osotasunean aztertzea izan da, 1870etik 1975eraino. “Arkitektura garaikideak garrantzi eta balio handia du; baina ez da oso preziatua, ez delako ezagutzera eman eta gizarteak ez duelako aintzat hartzen”, ondorioztatu de Perez de la Peñak. “Hor sartu da museoaren jarduna eta grina”. Sopuertan dago Enkarterriko Museoa, eta Bizkaiko Batzar Nagusien esku dago. Javier Barriok zuzentzen du, eta, Perez de la Peñaren ustez, “behar handia” egiten du Enkarterriko ondare historikoa, kulturala eta etnografikoa zabaltzeko.

“Hortik etorri zen erakusketaren ideia. Museoak eginak zituen Enkarterriko arkitektura garaikideari buruzko zenbait esposizio, baina ez zegoen udalerri guztietako ondarea batzen zuen lan bateraturik”. Perez de la Peñak ere bazituen eginak hainbat lan eskualdeko zenbait udalerritako arkitekturaren inguruan, eta, beraz, “gogoz” murgildu zen eskualde osoa aztertzeko ikerketan.

Emaitza ikusita pozik azaldu da Perez de la Peña, azpimarratu duenez, berea baita Bizkaian lurralde irizpidea kontuan izanik egiten den lehenengo liburua. Hainbeste eraikin topatu zituztenez eta hain garai zabal bat ikertzea erabaki zutenez, estiloka sailkatzea erabaki zuten, arkitekturaren bilakaera era pedagogikoan azaldu ahal izateko: eklektizismoa, euskal estilo berria, modernismoa, arrazionalismoa, eta beste asko. Estilo bakoitzeko eraikin “oso esanguratsuak” daudela adierazi du Perez de la Peñak; baita eskualdeko mugetatik harago garrantzia duten zenbait eraikin ere, hala nola Bizkaiko Zubia, Unescoren gizateriaren ondare izendatua dagoena.