Haur eta gazte musikarien rock kontzertuak, Itsas Museoan

Haur eta gazte musikarien rock kontzertuak, Itsas Museoan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ehunka dira musika eskoletan aritzen diren haur eta gaztetxoak; musikaren oinarriak barneratu, eta instrumentuak jotzen ere ikasten dutenak. Jendaurrean jotzeko jauzia egitea lortzen dutenak, ordea, oso gutxi dira. Gehienetan, eskoletan eta etxean geratzen dira euren gitarra, soinu, biolin, piano edo baterietako doinuak. Entseguetako geletan itxita. Horien ateak irekitzeko, kontzertu saioak egingo dituzte hileon, Bilboko Itsas Museoan. Museoa bera haur eta gaztetxoentzat agertoki bihurtuko duen proiektua aurkeztu dute: Mini Concerts.

Igande arratsaldeetan izango dira saioak, 17:00etan, museoaren areto nagusian. Doakoa izango da kontzertuetarako sarrera, lekuak bete arte. Ordu eta erdi geroago, amaituta egongo dira emanaldiak. Talde bakoitza hogei minutuz arituko da. Emanaldi laburrak badirudite ere, nahikoa luze izango dira hogeina minutuko saioak, Jon Ruigomez Bilboko Itsas Museoko zuzendariaren esanetan: “Ahalegin handia eskatuko die askori”. Eta ez da gutxiagorako. Kontuan hartu behar da 5 eta 15 urte bitarteko neska-mutilek osatuko dituztela taldeak. Eta 5 urteko haur batentzat asko da hogei minutuz musika jotzen jardutea.

Aurrez ere, lan handia egin beharko dute musikariek. Taldeek beraiek aukeratuko dute kontzertuan joko duten errepertorioa, eta jo beharreko nota bakoitza ondo prestatu nahiko dute, askorentzat publikoaren aurreko lehen saioa izango den egun handirako. Horretarako, talde lanean jardun beharko dute. Gutxienez bi pertsonak eta gehienez hamabostek osatuko dute talde bakoitza.

Lehiaketa ez-lehiakorra

Bizkaiko musika eskoletako ikasleen taldeen arteko lehiaketa izango da Mini Concerts jaialdia; martxoaren 10ean, 17an eta 24an bina taldek egingo dituzte kontzertuak, eta hilaren 31n irabazleak arituko dira. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, halere, ez dute gaztetxoen artean “lehia joerarik” sustatu nahi, euren gaitasunak erakusteko aukera izan dezatela baizik.

Hain zuzen, ikasgeletatik agertokietara jauzi egiteko “tranpolina” eskaini nahian antolatu dute Mini Concerts lehiaketa, jaialdiaren antolatzaileen esanetan.

Eta lehiakideen artean giro ederra izango dela seguru dago ekinaldiaren antolatzaileetakoa den Vinilo FMko zuzendari Julen Ugalde: “Taldeen artean laguntasun giroa izaten da; hori ikusi izan dugu beti, baita birak egin izan dituztenean ere”. Hala, “musikarekiko pasioa” sustatu eta grina piztea izango da lehiaren helburu nagusia, bere esanetan.

Rocka, popa, countrya…

Motibazio hori pizteko, gehien entzuten diren musika estiloei heldu diete arduradunek. Musika taldeek eurek aukeratuko dute zein kanta joko dituzten lehiaketarako, baina musika estiloa nolabait zehaztuta izango dute: rock, pop, country, jazz edo blues estilokoak izan beharko dute. Zer joko duten, nork bere kontzertu egunean bertan erakutsiko du, izan itzal handiko taldeek eginiko abesti ezagunak, izan lehian arituko diren taldeen beraien kanta propioak. Baina rockaren inguruko estiloa nagusi izango dela ziurtzat eman daiteke.

Programa osatua dago dagoeneko, eta sei talde parte hartzaileak zehaztuta. Etzi arratsaldean izango da lehen kontzertua: Bilboko Kodaly eskolako ikasleak arituko dira lehenik Itsas Museoko auditoriumean, eta Sopelako Txaramela musika eskolako ikasleak ondoren.

Martxoaren 17an, Rock Factory Barakaldoko eskolako ikasleen txanda izango da, baita Bilboko Crescendo eskolakoena ere. Hilaren 24an, berriz, Amadeus Bilbo Musika eskolako ikasleen kontzertua eta Getxoko Riffmusic Musika Modernoko Eskolakoena izango da.

Disko grabazioa

Bilboko Itsas Museoan jotzea bera sari izango da ikasleentzat, baina guztien artean txapeldun ateratzen denak sari kitzikagarriago bat ere izango du: martxoaren 31n museoko aretoan bertan txapelketari amaiera emateko festa egingo da, eta lehiaketako txapeldun izaten denak festa horretan ere eskainiko du kontzertua. Eta ez bakarrik, gainera: Bilboko musika talde profesional ezagun batekin egingo du kontzertua, agertokia partekatuta. Are gehiago, grabazio estudio profesional batean diskoa grabatzeko aukera ere izango dute irabazleek. Tio Pepe estudioetan grabatu ahalko duten euren lehen lana.