Mozorroak erantzi

Igor Elordui Etxebarria

Asteon, istorioari darion maitasunagatik, xalotasunagatik eta ausardiagatik bihotza kuzkurtzen duten albiste horietako baten berri izan dut. Eta ez da Hollywoodeko film bat; beharrik ere ez, gainera. Hemen daude protagonistak, gure artean, kasu honetan Barakaldon.

Hara bada: Pauldarrak emakumezko futbol taldearen koordinatzaileak azaldu duenez, oraintsu Gaztetxoen mailako (13-14 urte) taldeko jokalari baten ama klubarekin harremanetan jarri zen, alaba dela-eta berba egiteko. Delako koordinatzaileari atoan etorri omen zitzaizkion burura halakoetan mintzagai izaten diren gaiak: arazoak entrenatzailearekin, taldekideren batekin, familia-kontu larriren bat… Baina ez. Amak adierazi zion neskak ez zeukala inolako arazorik ez taldean, ez familian. Baina neska, benetan, ez dela neska, alegia, mutila dela. Eta behin gaztetxoak familiari aitortuta, onena zela klubari jakinaraztea (zer gertatuko zen beldurrez).

Bada, jakin dezazuen, Gaztetxoen mailako Pauldarrak emakumezkoen futbol taldearen azken partidan, atezainak soinean eraman duela, elastikoaren atzealdean, bere izena: Hugo. Hugok izugarri maite du bere lagun neskekin futbolean jokatzea, eta, Pauldarrak taldeari esker, hala egiten segituko du. Are gehiago, klubeko koordinatzaileak erantsi du euren kontra jokatuko duten talde guztiei, kasua jakinarazteaz gain, berau baliatzera dei egin dietela, balioetan hezteko eta sentsibilizatzeko jokalariak, teknikariak, gurasoak eta abar. Zelanbait, zera esan dezakegu, Hugok erantzi duela itotzen zuen mozorroa.

Eta istorio horren harira, zera gogoratu dut: Naizen elkartearen, hain zuzen ere, Euskal Herriko adin txikiko transexualen familiak biltzen dituen elkartearen, spot bat. Iragarki horretan, hainbat pertsonaia ospetsu elkarrizketatzen dira: Aritz Aduriz, Itziar Ituño, Miguel Indurain, Karlos Argiñano… Eta denekin berdin gertatzen da: elkarrizketatzaileak nor diren esateko eskatuta, brast botatzen dute zertan aritzen diren: “Ni Aritz Aduriz naiz, futbolari profesionala”. Ostera, aurkezleak eskatzen dienean zertan ari diren ez, baizik eta nor diren azaltzeko, isiltasuna da nagusi.

Genero-identitatearen gaiaz harago, egia izanik hein handi batean egiten dugun hori ere bagarela, zenbat kostatzen zaigun geure burua definitzea zertara dedikatzen garen esan barik. Nola egin ere ez dakigu eta! Bestela esanda, ez al diegu demaseko garrantzia ematen “orain honetan ari naiz” edota “nire lana hauxe da”-lakoei? Ez al gara geure izatea bera nolabait ezkutatzen ari “zertan ari garen” horren pentzuan?

Bizitzan zehar, besteen aurrean agertzeko zein norberaren kontsolamendurako, hainbat mozorro janzten ohituta gaude. Egunotan hori tokatzen da, baina hobe genuke bizitzan estutzen gaituzten bestelako mozorro, kareta, maskara eta katamaloak eranzten ikastea. Badugu nondik ik(h)asi.