Kamioientzako bazterguneak egingo dituzte Arratia inguruan

Kamioientzako bazterguneak egingo dituzte Arratia inguruan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Auto ilarak egunerokoak dira Arratiarako errepide nagusian, N-240an. Bilbo ingurua Gasteizekin lotzen duen errepidea AP-68 ordainpeko autobidearen ordezkoa da, eta milaka autok zeharkatzen dute egunero. Autoek, eta kamioiek. Egunean, batez beste, 10.500 ibilgailuk erabiltzen dute Bilbotik Arratiara, Arratiatik Barazarreko portura, eta Barazarretik Arabako lautadara egiten duen errepidea. Ibilgailu horietatik %27, kamioi pisutsuak dira.

Garraio berezien trafikoa ere ez da nolanahikoa Arratia eta Barazar aldean. Azken urteetan nabarmen hazi da, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak jakinarazi dutenez. Bilboko Porturako joan-etorrian diren trailer erraldoiak izaten dira kamioi berezi horiek; horietako askok, Gamesak Aoizen (Nafarroa) eraikitzen dituen sorgailu eolikoen zutabe eta helizeak garraiatzen dituzte, Nafarroatik Santurtzirako bidea ohiko errepidetik egiten duten kamioitzar berezietan. Portu Agintaritzak azaldu duenez, garraio berezia behar izan zuten 4.290 eragiketa egin zituen Bilboko Portuak iaz; hau da, batez beste, hamabost eta hogei garraio artean lan eguneko. Eta gehienek, N-240 errepide hori erabiltzen dute; Ricardo Barkala Portu Agintaritzako lehendakariaren esanetan, %80k.

Bide bakarreko errepidea

Garraio horiek dimentsio handiko kamioi berezietan egiten dira, oso abiadura txikian. Ondorioa agerikoa da: trafiko pilaketa handiak izaten dira N-240an, batez ere eguneko ordu gorietan. Arazoa ez da berria. Kamioiek AP-68 autobidea saihesteko alternatiba gisa erabili izan dute beti. Eta eskualdeko erabiltzaileek urteak daramate konponbide eske. Norabide bakoitzerako bide bakarra baitu errepideak ibilbide gehien-gehienean, eta, aurreratzeko aukerarik gabe, oso astiro doazen kamioien atzean joan behar izaten dute luzaro. Hala sortzen dira pilaketa luzeak.

“N-240 errepidean arazoak minimizatuko dituen jarduera bat behar da”, adierazi dute Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Portuko Agintaritzako ordezkariek asteon elkarrekin egindako agerraldian. Ez dute lan erraldoirik iragarri, baina kamioi geldo horiei baztertzeko aukera emango dien geldiuneak egiteko akordioa sinatu dute.

Bederatzi baztergune egingo dituzte, zehazki. Trafiko pilaketak sortzen direnean kamioiak baztertu, eta autoei aurreratzeko aukera ematea da asmoa. Eta kamioiek matxura edo beharrizanen bat izanez gero, horietan geratu ahal izatea, inori oztopo egin gabe. “Baztergune horiek kokatzeko hamabi lekuri buruzko azterketa teknikoak egiten ari gara”, azaldu du Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak.

Portuko Agintaritzak finantzatuko du proiektua; aurreikuspenen arabera, 500.000 euro. Proiektua idatzi eta lanak kontratatu zein betearaztea, berriz, Foru Aldundiaren esku geratuko da. Urte amaieran espero dute bederatzi bazterguneak egiteko lanak hastea, eta datorren urtean zehar guztiak martxan egotea.

Bilboko Portura iristeko beste gune estrategiko bat Mamarigako tunelena da. Handik 17.000 ibilgailutik gora igarotzen dira egunero, aldundiaren neurketen arabera. 1990etik daude zabalik tunelak, eta egokitu beharrean zeuden. Hobetze lanetan ari dira irailetik, eta, Pradalesek jakinarazi duenez, uste baino martxa hobean ari dira. Lanak amaituta, igandean zabaldu zuten bi zatietako bat: mendebaldeko hodia, Bilborako noranzkoa duena. Beste aldea itxi dute orain, portura doan ekialdeko hodia. Bi noranzkoak, lanak amaitu dituzten lehen hoditik igaroko dira.

Obretako lurrak, kai berrira

Eta beste akordio baten berri ere eman dute aldundiak eta portu agintaritzak: portuan egiten ari diren kai berrirako beharrezko duten lurra, hain zuzen, Bizkaian egiten ari diren hainbat lanetatik ateratako lurra izango da.

Portua handitzeko, itsasoari lekua jaten ari dira Santurtzin. Erdiko kai muturraren lehen fasea oso aurreratua dago. Lanak urte amaieran amaitzea aurreikusten bazen ere, udarako amaituta egon litezkeela adierazi du Barkalak: “Kai muturra egiteko behar diren 6,5 milioi metro kubiko lurretatik, sei milioi betelan gisa daude dagoeneko”. Sortu den 350.000 metro koadroko lurrazala egonkortuta dago, eta, azken lurrak gehituta, eremua lisatzea besterik ez da falta.

Erdiko kai muturraren bigarren faserako lanak datorren urtean lizitatuko dira. Lur gehiago beharko da horretarako, eta Bizkaian egingo diren beste lan batzuetatik ateratako soberakinak erabiliko dira horretarako. Kostuak murriztuta, bi aldeek irabaziko dute horrela. Pradalesek azaldu duenez, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea luzatzeko lanetan 50.000 metro kubiko lur sortuko dira, Ezkerralde eta Meatzaldeko Teknologia Parkerako sarbideetan 60.000 metro kubiko, eta beste horrenbeste Kukularra inguruetako lanetan.