Egungo faxismoa izango du aztergai V. Rosa Luxemburg Konferentziak, gaur

Egungo faxismoa izango du aztergai V. Rosa Luxemburg Konferentziak, gaur

Aitziber Laskibar Lizarribar

Faxismoa gaur eta hemen. Hori izango du hausnarketarako gaitzat Rosa Luxemburg Konferentziaren bosgarren aldiak, gaur, Bilboko San Frantziskoko auzo etxean. Nazioarteko egoeraren azterketatik hasi, eta etxerainoko bidea egingo dute 18:00etatik aurrera. Helburua argi azaldu du hizlari arituko den Yolanda Jubetok: “Gaur egungo faxismoari buruzko diagnosia egin, eta egoera horren aurrean zer egin dezakegun ikusi”.

Jubeto bera Berlinen izan berri da Lorea Agirrerekin batera, Alemaniako hiriburuan urtero egiten den Rosa Luxemburg Konferentzian. Ehun urte bete dira Luxemburg hil zutela. Lehen mundu gerraren kontra izandako jarrera aktiboagatik eta iraultza sozialaren aldeko matxinada babesteagatik hil zuten, 1919ko urtarrilaren 15ean, bere burkide Karl Liebknechtekin. Emakume iraultzaile haren ekarpenak gogora ekarri eta munduko langileen aldeko gogoeta kritikoetan sakontzeko, topaketa arrakastatsuak egiten dituzte urtero Berlinen.

Elkargune hari begira abiatu zuten konferentzia Bilbon ere, duela bost urte, eta hasieratik izan dute Alemaniako dinamika bertatik bertara ezagutzeko irrika. Urte berezia aukeratu dute hartarako: mendeurrena. Eta han izan dira neoliberalismoari aurre egin beharrari buruzko eztabaidan.

Esperientzia kontatuz hasiko dute gaurko konferentzia Jubetok eta Agirrek, hasieratik oinarri izan duten begiradatik: feminismoa. Diaporama saioa egingo dute hartarako. Ondoren izango da hitzaldi nagusia, Hedoi Etxarteren eskutik.

Mehatxuak han eta hemen

Faxismoa hartzen ari den indarrak kezkatuta aukeratu dute aurtengo gaia. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzara iritsi zenekoa mugarritzat daukate, baina ez nazioarteko joeren inguruan kezka eragiten duen gertaera bakartzat: Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea “mehatxutzat” daukate, eta Venezuelako egoera, larritzat. “Europan ere eskuma oso indartsu dago”, ohartarazi du Jubetok. Euskal Herrian “oso bizi dagoen zerbait” dela adierazi du. Nafarroa aipatu du bereziki: “Franco aspaldi hil zen arren, frankismoa ez da amaitu”. Iruñetik etorriko da, hain zuzen, gaurko konferentziako hizlari nagusia, Etxarte.

Luxemburgen garaiari erreparatuta, egungoarekiko antzak ikusi dituzte antolatzaileek: “Lehen mundu gerra amaitzean ere, faxismoa batu egin zen, eta mehatxua oso indartsu zegoen”. Gaurko antzera, Jubetoren esanetan. Horiek horrela, hausnartu eta neurriak hartu beharra dagoela uste du. “Funtsezko gaia da, mehatxu handia, eta eraldaketa sozialaren alde gaudenok zerbait egin behar dugu. Erne egon behar dugu”. Rosaren Lagunak eta Baskale elkartearekin batera konferentziaren antolatzaile den Ipes gizarte ikerketarako talde eragileak nabarmendu du formakuntza “ezinbestekoa” dela eraldaketarako, eta gaurko saioan parte hartzeko deia egin du.

Hizlari nagusien ondoren beste zenbait ere izango direla azaldu du Andrea Heuschmid Baskale elkarteko kideak. Inguruan bizi duten faxismoari buruzko ekarpenak eskatu dizkiete hainbat eragileri, eta bertan aurkeztuko dituzte bildutakoak.