Bizkaiko lehen jauna

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Busturialdeko kondaira eta elezaharren artean, Jaun Zuriaren inguruan sortutako istorioa izango da, ziurrenik, ezagunenetakoa. Pertsonaia bera benetakoa izan zela uste da, baina haren jaiotzaren eta jatorriaren xehetasunak ez dira oso argiak, eta elezaharretako kutsua hartzen dute askotan.

<

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Busturialdeko kondaira eta elezaharren artean, Jaun Zuriaren inguruan sortutako istorioa izango da, ziurrenik, ezagunenetakoa. Pertsonaia bera benetakoa izan zela uste da, baina haren jaiotzaren eta jatorriaren xehetasunak ez dira oso argiak, eta elezaharretako kutsua hartzen dute askotan.

Izan ere, eskualdetik harago doan kondaira bat izan arren, Bizkai osora hedatzen den istorioa kontatuz, haren jatorria ez dago oso argi, eta Busturialdeko udalerri askok aldarrikatzen dute beren herrian jaio zela Jaun Zuria. Edozelan ere, iturri eta aditu gehienak ados daude haren kontakizuna XIV. mendean hasten dela.

Kondairaren bertsioek diotenaren arabera, Eskoziako erregea edo hango nobleren bat Bizkaiko kostaldera iritsi zen garai hartan. Hain zuzen ere, Gernikako itsasadarretik gora egin zuten haren itsasontziek, eta, eguraldi eskasak hala behartuta, itsasadarreko herri batean gelditzea erabaki zuten, atsedena hartzeko. Hortik aurrera, bertsio diferenteak ditu kondairak: batzuen arabera, Mundakan gelditu zen Eskoziako noblea. Beste batzuek, berriz, esaten dute Sukarrietan edo Busturian geratu zela.

Eskoziarra

Kondairak kontatzen duenagatik, erregearekin batera bere alaba batek ere bidaiatzen zuen itsasontzian. Haurdun geratu zela dio istorioak, eta bere maitalea nor zen azaldu gabe, Busturialdean geratzea erabaki zuela. Kondairaren arabera, Sugaar euskal mitologiako herensugea ametsetan agertu zitzaion Eskoziako printzesari, eta orduan geratu zen haurdun.

Printzesak seme bat izan zuen. Zehazki, Sukarrietan dagoen Txatxarramendi irlan jaio zela kontatzen du kondairak. Ume horrek azala elurra bezain zuria omen zeukan, “gariak eguzkitako distiran duen koloreko adats luzea”, eta “zeruari kendutako isla urdina begietan”. Haurra hasiera batetik berezitzat hartu zuten beste herritarrek, eta Zurian edo Zuria izena jarri zioten. Bere bizilekua Busturian dagoen Torrezarreta jauregia zela diote. Urteak pasatu ahala, eskualdeko bizilagunen bihotzak irabazi zituen noble gazteak.

Zuriak 22 urte zituenean hasi zen haren ospea Bizkai osoan hedatzen. Garai hartan, liskarrak sortu ziren Leongo (Espainia) errege Alfonso III.aren eta bizkaitarren artean. Izan ere, bizkaitarrek uko egin zioten zerga ordaintzeari. Elezaharrak zehazten duenez, idi bat, behi bat eta zaldi zuri bat oparitu behar zioten monarkari bizkaitarrek. Alfonso III.a Enkarterriko eta Nerbioi ibaiko ezkerraldeko jauna zen, eta, horrela, bere semea bidali zuen bizkaitarren aurka egitera: Ordoño infantea.

Odol noblearen premia

Ordoño Bizkaiko kosta osotik borroka eginez igaro zen, eta Bakiora arte iristea lortu zuen bere armadarekin. Arriskuaren aurrean, bizkaitarrek Gernika-Lumon biltzea erabaki zuten, eta leondarrei Jainkoaren judizio batean parte hartzeko deia egin zieten. Horien erantzuna argia izan zen: “Odol noblea dutenekin bakarrik onartuko dugu Jainkoaren judizioa. Hala ez bada, zuekin gerran jarraituko dugu”.

Bizkaitarrek argi izan zuten ondoren egin beharrekoa. Zuria Eskoziako errege baten oinordekoa izanik, kapitain izendatu zuten, guda baterako soilik bazen ere. Guda hori Arrigorriagako Padurako gudua izan zen, eta, bertan, Zuriak gidatuta, garaipena lortu zuten bizkaitarrek.

Zuriak erakutsitako buruzagitza dohainek liluraturik utzi zituen Arrigorriagan parte hartu zuten soldadu eta agintari guztiak, eta, modu horretara, Bizkaiko Lehen Jaun izendatu zuten oinordekotza eskoziarra zuen gizon gaztea.

Istorioa elezaharreko elementu askoz inguraturik badago ere, pertsonaia benetan existitu zela uste izateko arrazoiak badira. Gernikako Batzarretxean daude haren existentzia defendatzen dutenek frogatzat dauzkatenak: haren tituluari dagokion modura, batzarretxean dagoen jaunen zerrendan Jaun Zuria da ikus daitekeen lehen izena; eta bera azaltzen den koadro bat ere badago bertan.