Naturari erreguka doan bidea

Naturari erreguka doan bidea

Uxue Gutierrez Lorenzo

Mendebaldeko kristautasunean eta judaismoan erabiltzen zuten errezoa da letania. Jainkoa gurtzea helburu, erregu esan gura du hitzak latinez. Horregatik, Eako ibilbideetako bat Letanien Bidea izendatu zuten. Izan ere, erlijioak behinola herrian izandako garrantziaren erakusleiho da bidea, otoi zaharraren izenpean.

Historikoki itsasoari loturiko herria izan bada ere, larrez eta harriz inguratua dago Eako paisaia urdin-berdexka. Kresal eta belar usainek bat egiten dute bertan, sakabanatutako baserriz osatutako herri arrantzalean. Izen bereko ibaiak zeharkatuta, lau zubi ditu herri ñimiñoak. Hala ere, txikitasunean altxor handiak ezkutatzen dituzten herri horietako bat da. Txoko sekretuetako batzuk ezagutzeko aukera ematen du, hain zuzen, Letanien Bideak.

Itsasoa eta mendia batu ez ezik, eraikin historiko andana ere biltzen du ibilbideak. Oinetako erosoak jantzita, bi orduz paraje eder bezain harrigarriaz gozatu ahalko du bidaiariak. Izan ere, ibilbidea laburra baina paisaia aldetik oso aberatsa da. Bidea behinola gurtzagune izandakoez josia dago, lehenbizikoa abiapuntuan bertan: Andra Mari eliza xumea. Bedarona auzoaren magalean dago, eta estilo errenazentista du. Bidea hasi aurretik, komeni da barrualdea ikuskatzeko tartea hartzea. 1740. urtean egindako erretaula bat dago barnean. Han irudikatuta daude Jesusen Bihotza, San Jose eta Andra Maria. Hasieratik uler daiteke, beraz, ibilbidearen izenaren zergatia.

Andra Mari Eliza atzean utzita, eskuinetara dagoen bidexka hartuko du bisitariak, Bedarona auzorantz. Harrizko harresi artean irekitzen da bidea, maldan gora. Aldapa erdian Bedaronako errepidea gurutzatu, eta, bukaerarako, ibilbidearen bigarren gune erlijiosoarekin egingo du topo bidaideak: San Bartolome ermita. Behinola, herritarrek kandelak eskaintzen zizkioten santuari, amesgaiztoak uxatuko zizkielakoan. Gaur egun, erromeria eta meza egiten dituzte abuztuaren 24an, haren omenez.

Larre zabal baten kokatua dago ermita, izen bereko baserriaren parean. Hara heltzeko aldapa aski bortitza bada ere, ingurua atseden hartzeko egokia da. Bidaiariak parajeaz gozatzeko geldialdia egin dezake han; eta, bide batez, ermita bisitatu. Izan ere, egun argitsuetan, iparraldeko kostaldea ikus daiteke ekialdean; eta harrizko Lapatza hondartza, aldiz, mendebaldean.

Arrantzaleen zaindari

Etenaldiaren ondoren, Talako Ama ermitara bidea hartuko du txangoak, antzinako gurutze bide izandakoan aurrera eginez. Oraingoan, maldan behera egin beharko du bisitariak baselizara iristeko. Eraikuntza txiki samarra bada ere, Erdi Aroan zehar errezogune ezinbestekoa izan zen herrian. Jainkoa gurtzeko asmoz, opariak uzten zituzten hor erromesaldian zebiltzan fededunek. Olioa zen oparirik ohikoena. Herriak itsasoarekin duen lotura estua oinarri, gehienbat Eako itsas gizon eta andrazkoak biltzen ziren harak. Horrela, bidaia luzeetan babesa eskatzen zioten arrantzaleek jaungoikoari.

Egun, ohitura zaharrak indarra galdu du, Eako arrantzale tradizioa beherakadan dabilen eran. Dena den, ohitura erlijiosoa galduta ere, ospakizuna antolatzen dute urtero, abenduaren 8an, Talako Amaren omenez. Antza denez, arrantzale talde batek Ama Birjinaren irudia aurkitu zuen itsas barrenean; eta olatu artetik hura berreskutatu ostean, baseliza eraiki zuten haren ohorez. Horrela, kondairaren arabera, Talako Ama arrantzaleen eta itsasoko gizon-emakumeen zaindari bihurtu zen. Gaur-gaurkoz, handik igarotzen direnek kandelak utzi ohi dizkiote Ama Birjinari. Orain, Eako interesgune bihurtu da herritarrentzat zein turistentzat.

Ibilbidearen azken geldiune erlijiosoa atzean utzita, kairako bidea har dezake bisitariak. Ermita alboko bidexkan barrena, herrira batuz doa Letanien Bidea. Bukaera herriko kaian du ibilbideak, Beletxe etxearen parean.

Lehengo eta gaurko paisaiek bat egiten dute Letanien Bidean, tradizio zaharrak garai berrietara ekarriz.