“Tokian tokiko egitasmo eta praktika onak bultzatu behar ditugu”

A. Larrabe Arnaiz

Larrabetzuko Udalak Euskal Herriaren independentziaren aldeko udalerri izendatu berri du herria, Independentzia Egunaren antolaketaz arduratzen den herriko batzordeak hala eskatuta. IƱigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak (Larrabetzu, 1968) argi dio: Euskal Herriaren burujabetza lortzeko bidean, beharrezkoa da tokian tokiko egitasmoak garatzea. Txikitik eragin behar dela uste du.

Independentziaren aldeko udalerri izendatu berri duzue Larrabetzu.

Larrabetzuko Udalean ordezkaritza dugun bi alderdi politikoei egin ziguten deia Independentzia Eguna antolatzeaz arduratzen ari diren herri batzordeko kideek. Proposamena egin ziguten, EAJk eta EH Bilduk independentziaren aldeko adierazpen instituzionala egiteko, elkarlanean eta aho batez onartzeko helburuz. Baina EAJk adierazi zuen ez zela gai horietan sartuko, argudiatuz independentziaren auzia ez dela gai lokala, eta ez dagokiela halako adierazpenik egitea. Udaleko ordezkari guztiok adierazpen bateratua egiteko aukera baztertuta, mozioa proposatu zuten.

Zuen babesarekin egin zuen aurrera?

EH Bilduk du gehiengoa udalean, eta aurrera egin du mozioak, bai. Bizkaiko udalei gonbidapena egin diegu Independentzia Egunera etor daitezen, eta egunean bertan egongo den ekitaldian ere parte hartuko dugu. Edonola ere, horixe besterik ez gara izango: beste eragile bat, Independentzia Egunean parte hartuko duten gizarte elkarte eta herritarren artean. Oso argi dugu Independentzia Egunaren jiran sortu diren eskaera hauek guztiak herritik sortu direla, eta, norabide horretan, herritarrek beraiek gidatu behar dutela prozesu guztia. Guk, udal ordezkari gisa, egiten dizkiguten eskaera horiek babestu eta indartuko ditugu, ahal dugun neurrian behintzat. Azken hilabetean, Euskal Herriko beste lau udalerrik egin dute udalerri independentistaren aldarrikapena: Arrankudiaga, Zollo, Dima eta Bakaikuk. Akaso, aurrera begira, udal gehiagok jarraituko dute bide hau, eta etorkizunean gure arteko elkarlana bultza dezakegu. Baina, gaur-gaurkoz, udal gisa, herri egitasmoa babestea besterik ez dugu egingo.

Udal gisa, nola indar dezakezue burujabetzaren aldeko dinamika?

Euskal Herriaren herri eraikuntzan aurrera egin behar badugu, beharrezkoa da txikitik eragitea. Tokian tokiko egitasmo eta praktika onak bultzatu behar ditugu. Gurean, hainbat jarduera egin ditugu norabide horretan: ekonomia zirkularra helburu duen Bertokoa indartuz programa, Larrabetzuko Eskolako jantoki zerbitzuaren kudeaketa… Udala halakoak ekonomikoki babesten saiatzen da, eta gure esku dagoena egiten dugu herritik sortzen diren egitasmoak bultzatzeko. Txikitik gauza asko alda litezke, eta udal gisa norabide horretan egingo dugu lan.

Hortaz, posible da arloz arlo herri burujabea garatzea.

Herri txikia da gurea, eta ezaugarri horrek ahalbidetzen du, arloz arlo, burujabetza areagotzen duten praktikak aurrera eramatea. Uste dut gakoa dela ahalik eta esparru gehienetan zer nolako eredua nahi dugun eztabaidatzea, eta Larrabetzu bide horretan dago kokatua. Kasurako, 2025ean zer nolako herria nahi dugun zehazteko eta bide horretan pausuak emateko parte hartze prozesu batean murgilduta gaude orain: euskararen alorrean, kulturaren eremuan, sozioekonomian, ingurumenean… lokaletik ari gara gure ereduaren alde egiten: etorkizuneko herria eraikitzen. Halako praktikak beti dira beharrezkoak eta garrantzitsuak.