Gudari baten gorpuzkiak atera dituzte Lemoan, 80 urtez lurpean egon ostean

Gudari baten gorpuzkiak atera dituzte Lemoan, 80 urtez lurpean egon ostean

Natalia Salazar Orbe

Borrokaldi sutsuen lekuko izan da Lemoatx mendia, Lemoan. 80 urte bete berri dira Lemona Haitza menderatzeko bataila gogor eta bortitzak gertatu zirenetik. 1937ko maiatzaren 29a eta ekainaren 5a bitartean izan ziren norgehiagoka latzak. Hainbat gudari hil ziren egun haietan eremu hartan. Horietako baten gorpuzkiak atera ditu Aranzadi zientzia elkarteak, joan den igandean. 80 urte egin ditu lur azpian; desagertuta, baina ez ahaztuta. Oraingoz, ordea, ez dute lortu identifikatzerik.

Enklabe estrategiko horren defentsan hil zen gudari batenak dira gorpuzkiok, ikerketaren arabera. 1937ko ekainean hil zela uste dute adituek. Hainbat aztarna aurkitu zituzten Paco Etxeberria antropologo eta auzi medikua buru zutela egin zituzten hobia husteko lanetan. Hain zuzen, hezur batzuk berreskuratu zituzten. Duten formari erreparatuta, burezur eta besahezur bat izan litezke. Horrez gain, gerriko baten burdinazko belarri bat, uhalaren hondakinak eta larruzko kartutxo ontzi bat ere bazeuden. Azken elementu horren barruan Alemaniako eta Txekoslovakiako munizioa zegoen gordeta.

Lemona Haitzak kokapen estrategikoa eskaintzen zuen gerran. Lemoa herria bera eta lur bidezko komunikazio guztiak begi bistan, kontrolpean izatea ahalbidetzen zuen: errepideak eta trenaren eta tranbiaren bideak, hain zuzen ere. Horregatik, leku garrantzitsua zen. Euzkadiko gobernuaren aldeko gudariek zein tropa frankistek, biek menderatu nahi zuten. Enklabe hori mendean zuenari, aukera ematen zion Arratia eta Ibaizabal ibaiek bat egiten duten eremua kontrolatzeko. Horrez gain, abantaila ematen zion Burdin Hesiaren gainean ere.

Tropa frankistek mendiguneen gaineko kontrola lortu zuten laino trinkoa zegoen egun batean. Maiatzaren 29a zen. Ezustean harrapatu zituen eraso hark, eta gudari asko hil ziren. Zenbait brigada gailurra berreskuratzen saiatu ziren behin eta berriro. Eta ekainaren 3an lortu zuten hori. Aita Patxi kapilauak kontatu zuen han aurkitu zutena: hainbat hildako zeuden, eta egunak zeramatzaten egurats zabalean. Egoera penagarrian zeuden. Beraz, lekuan bertan ehortzi zituzten.

Bi egun baino ez zuen igaro enklabeak Euzko gudarostearen esku. Armada frankistak berreskuratu zuen ekainaren 5ean, hegazkinekin, artilleriarekin eta infanteriarekin egindako operazio baten bidez. Gertatuaren lekuko izan zen Jaime Urkijok kontatu zuen ikusitakoa: “Gorritxo brigada suntsitu egin zuten metrailazko infernu hartan; nire begiek inoiz ikusi duten gauzarik beldurgarri eta ankerrena izan zen”. Mendian behera korrika, noraezean ihesi atera ziren gudariak. Horietako asko airean desagertzen ziren, lehergailuek harrapatuta. Bi orduren buruan, ez zen inor ageri, eta bandera monarkikoa agertu zen gailurrean.

Joan den abenduaren 11n aurkitu zuten igandean aztertutako hobia, Pardomendi edo Ganzabal kotaren ekialdeko hegalean, Lemoan. Inguru horretan gertatu ziren eraso eta borrokaldien jakitun egonik, Aranzadiko teknikariek egin ohi dituzten miaketetako batean topatu zuten. Ia mende bat behar izan da izenik jartzerik izan ez duten gudariaren gorpua aurkitzeko. Hainbatek jarraitzen dute oraindik zain, merezitako aintzatespena lortzeko esperoan. Oroimenak kale egin ez dezan.