Guatemalako osasun zentro bati laguntzeko kanpaina abiatu dute

Guatemalako osasun zentro bati laguntzeko kanpaina abiatu dute

Alaitz Armendariz

Guatemalako El Reposo herriko osasun zentroan material gabezia handia dago, eta, hori konpontzeko, finantzaketa kolektibo bidezko kanpaina bat abiatu du Bizkaiko Medicus Mundi elkarteak. Berrogei egunean 3.500 euro lortu nahi dituzte, El Reposoko herritarrek osasun eskubidea bermatua izan dezaten. Horrez gain, gaur bertan Guatemalarekin elkartasun ahotsak jardunaldia egingo dute Bilboko Hika Ateneoan, eta, iganderako, Getxoko Fadura kiroldegian, Lau ordu solidario igeriketa saioa antolatu dute, Ur Basque People elkarteak bultzatuta.

Kanpainak bi helburu ditu, Asier Alberdi Medicus Mundiko kideak azaldu duenez: El Reposo herriko osasun zentrorako materiala erostea, eta euskal gizartean arazo horren inguruko “kontzientzia eta elkartasuna” piztea. Finantzaketa kolektiboan parte hartzeko, https://www.kukumiku.com/proyectos/salud- derecho-guatemala/ web orrira jo behar da.

El Reposo herriak 3.700 biztanle inguru ditu, eta Guatemalako Quetzaltenango departamentuan dago. Alberdik azaldu duenez, gaur egun udalerriak osasun etxe txiki bat dauka, mediku eta erizain batekin, baina osasun materialen gabezia handia daukate: “Horren eraginez, herritarrek 46 kilometro egin behar dituzte hurbilen dagoen ospitalera iristeko”. Izan ere, El Reposoko osasun zentroan egunero daukate arreta, baina arazoa da ez dutela baliabiderik. “Adibidez, ez daukate azterketa ginekologiko bat egiteko materiala, ez dute hozkailurik txertoak gorde eta egunero eman ahal izateko, ezta umeak pisatzeko pisu pediatrikorik ere”.

Pisu pediatrikoak behar-beharrezkoak dira, Alberdiren arabera; maiz egiten duten probetako bat umeen desnutrizioari lotutakoa izaten da. Guatemalan %46ko desnutrizio kronikoa dago, eta horren kontrola egiteko “ezinbestekoa” da pisu pediatrikoak edukitzea. Gainera, Alberdik argitu duenez, El Reposoko osasun zentroan material nahikorik ez dagoenez, bertako biztanleek 46 kilometro egin behar dituzte nahitaez, osasuna zaintzeko oinarrizkoak diren probak egiteko.

Finantzaketa kolektiboko kanpainarako, 40 egunean jasoko dituzte ekarpenak; baina, horretaz gain, gaur eta larunbatean zenbait ekintza antolatu dituzte Bilbo eta Getxon, ekinaldirako laguntza lortzeko. Gaur jardunaldi bat egingo dute Bilboko Hika Ateneoan, Guatemalarekin Elkartasun Ahotsak izenekoa. Hainbat jarduera egingo dituzte Atxuriko egoitzan: hasteko, mahai inguru bat egingo dute Guatemalako biztanleen osasun eskubidearen inguruan hitz egiteko, OPIK Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko EHUko ikerketa taldeko irakasle Elena Rodriguezek, Itziar Irazabal Bizkaiko Medicus Mundiko presidenteak eta Asier Alberdik berak.

Kontzertuak Hika Ateneoan

Solasaldiaren ondoren, bertaratzen direnek hiru ikuskizunez gozatu ahalko dute: hasteko, Arymux taldeak keinu hizkuntza, dantza, bertsoak eta musika uztartzen dituen saio bat eskainiko du. Gero, HdH taldearen kontzertua izango da, eta, azkenik, Vinagre de Moderna taldea taularatuko da. Jardunaldi osoan Guatemalako artisautza produktuak erosteko aukera egongo da, eta zozketak ere egingo dituzte antolatzaileek.

Igandean, berriz, Lau ordu elkartasunez egingo dute Getxoko Fadura kiroldegian. Bertan, finantza kolektibo bidezko kanpainarako dirua biltzeko igeriketa saio berezi bat antolatu du Ur Basque People taldeak. Hala, 10:00etatik 14:00ak arte, igerian egiteko hainbat modalitate antolatu dituzte: errelebo solidarioak (100×100), familiak —parte hartzaile bakoitzak 25 metro egin beharko ditu gutxienez—, igeriketa jarraitua —lau orduan 200 kilometro egitea izango da erronka—, eta 0 kalea. Azken hori igeri egin gabe ere euren ekarpena egin nahi dutenentzat izango da.

Parte hartzeko izena emateko, bi aukera izango dira: Interneten dagoen galdetegi bat betetzea, kontu korronte batean 10 euro sartu eta ziurtagiria bidaltzea, edota egunean bertan Fadurako kiroldegian izena ematea. Horrela, ahalik eta jende gehien biltzea espero du Alberdik, eta gizartea sentsibilizatzea Guatemalako biztanleek sufritzen duten osasun eskubidearen urraketaz. “Haiek dituzten baliabideekin ez dute bermerik, eta ekarpen txiki batekin osasun zerbitzu egokiagoa jasoko dute”, laburbildu du.