Mende bete taupadaka

Mende bete taupadaka

Natalia Salazar Orbe

Kultura eta nazionalitate asko biltzen ditu Mujika eskolak. Horrek egin du ezagun azken urteetan. Aniztasun hori bera aberasgarri bihurtu da bertako ikasle eta irakasleentzat. Hainbat kulturatako familien elkarbizitza ahalbidetu du Bilboko zentro horrek. Eta, hala ere, eskola euskalduna eratu dute. Zazpikaleetan dagoen ikastetxe publiko bakarra euskaldun gisa errotu da auzoan. Datorren ikasturtetik aurrera, D ereduan emango dituzte eskola guztiak. Hala iragarri dute ehun urteko ibilbidea ospatzeko ekitaldien barruan.

Historia luzea du Mujika eskolak. Hala ere, agiri gutxik jaso dituzte Andra Mari kalean egin duen mendearen nondik norakoak. Datu urri horietako batzuen arabera, Luis Eleizaldek eta Arturo Campionek ikastetxearen aldeko apustua egin zuten, bertan euskara eskolak eman zitezen. 1936ko gerrak eten bat ere eragin zuen: 1936tik 1938ra bitartean, hain zuzen ere.

Ikastetxean 50 ikasle besterik ez zela geratuko zioen zurrumurrua hedatu zen 1994an. Bideragarria ez zela izango uste izan zuten. Hala ere, Solokoetxeko ikastetxearekin fusionatu eta Atxuriko eskolako zenbait ikasle bereganatuta, berpiztu egin zen.

Dena den, ikasle etorkinen etorrera izan zen, zalantzarik gabe, Mujika eskolari indarra eman ziona. 2002tik aurrera gero eta gehiago hasi ziren iristen. Krisiaren erruz, ordea, fluxu hori ere eten egin zen, eta matrikulazio kopuruek behera egin zuten.

Egoera horretan zeudela jarri zuten martxan ikastetxea euskalduntzeko prozesua. Duela bederatzi urte hasi zuten; Garcia Rivero ikastetxean lekurik ez zuten D ereduko ikasleak hartzeari ekin ziotenean. Euskalduntze prozesu horrek aurrera jarraitu du orduz geroztik.

Gaur egun Mujika eskolak duen arazorik larriena leku falta da. Ricardo Bastida Bilboko arkitektoak diseinatu zuen eraikina, duela 100 urte. Eraiki zuten garai hartako ezaugarri batek ondorio kaltegarriak ekarri dizkio gaur egunera. Izan ere, ez dauka inolako aisialdirako jolastokirik aire zabalean.

Espazio falta

200 ikasle inguru ditu gaur egun, eta espazio falta hori arazo bat da egunerokorako. 100 urte bete ondoren eskola gero eta gazteago eta osasuntsuago dagoela aldarrikatu zuten joan den ostiralean egin zuten ospakizun ekitaldian. Hala ere, jakitun dira dituzten gabeziez. Horiei aurre egiteko asmoz, erronka bat ezarri dute: aire zabaleko jolastoki bat lortzea.

Ikastetxearen atariko plakak, denboran geldituta bezala, baina etorkizuna iragartzeko gaitasuna izango balu legez, aipamen egiten dio beharrizan horri ere. Hala dio: Mujika Eskolak. Ricardo Bastida. Eklektikoa. 1917. Hala izendatu zituzten Lorenzo Mujika irakaslearen omenez. Haren terrazan eskolak ematen ziren aire zabalean. Ikastetxerako ez eze, aisialdirako eta jolaserako toki gehiago eskatu dituzte auzoan; baita oinezkoentzako kaleak ere, eta ekipamendu duinak. Ziur daude lortuko dituztela.

Mujika eskola, iragana eta orainaz gain, etorkizuna ere badela aldarrikatu zuten bertako ikasle eta irakasleek ostiraleko kalejiran. “Eskolaren beraren eta ikasleen eginkizuna funtsezkoa da gure auzoaren etorkizunean. Ez dugu bizi nahi turistikoa besterik ez den auzo batean. Auzoan eragin gura dugu: auzotarren artean harremanak landu, bizikidetza sareak josi. Gure auzoek ez baitute etorkizunik gure auzo eskola publikoen alde egin ezean”. Beraz, argi dute: Zazpikaleetan kalitatezko eskola publikoa baldin badute, ikastetxeko komunitate osoari esker dute.