Natalia Salazar Orbe
Mundakako Larrinaga jauregiaren zerbitzu etxea bota egingo du udalak datozen egunetan. Lau solairuko aparkalekua egin behar dute eraikina dagoen orubean. Eta, jauregiaren atzean, etxebizitza libreen bi eraikin. Eraisketa hori salatu du Zain Dezagun Urdaibai elkarteak. Erroxeli Ojinaga kidearen arabera, kultur ondare gisa balio historiko eta artistikoa onartuak ditu. Aitor Egurrola alkateak bestelako irizpidea azaldu du: ez dago era horretan katalogatuta. “Gainerakoan, ezinezkoa izango zatekeen botatzeko baimena lortzea”. Zain Dezagun Urdaibai harago joan da, eta salaketa prestatu du. “Argibide eskaera bat egin genuen Jaurlaritzan. Eta esan ziguten eurak ere kezkatuta zeudela, eta salaketa bat egiteko. Larrinagaren orubean dauden eraikinak babestu egin behar direla esateko idatzia egin zuen Jaurlaritzak berak”.
Larrinaga jauregiaren ondoan dagoen eraikina da egunotan bota behar dutena. Urdaibain natur eta kultur ondarearen babesa sustatzen duen elkartearen arabera, “ez dago ondare izendatuta; bai, ordea, horretarako inbentariatuta, Larrinaga jauregiaren multzoaren eta inguruaren parte delako. Bi eraikinak arkitekto berberarenak dira, eta zerbitzu etxea bertako arkitektura eklektikoaren erakusle nabarmena da. Horren adierazle dira harlanduz egindako egiturak, begiratoki nagusia, egurrezko egitura eta egitura sendoa”.
Ezaugarri horiek kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak babes integraleko eraikintzat jo zituela ziurtatu du. “Ez dakigu hirigintza arau batek zelan utz ditzakeen eraginik gabe goragoko mailako sektoreko beste lege batzuk”, salatu du.
Udalaren ezeztapena
Egurrolak ezeztatu egin ditu Ojinagaren adierazpenak: “Katalogo barruan edo arauen barruan unitate horretatik babestuta dagoen eraikin bakarra jauregia bera da. Bestela balitz, zerbitzu etxea ezingo litzateke bota. Bota daiteke, beraz, ez baitauka inolako babes neurririk”.
Duela bi urte onartu zuten Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak horrelakorik ez duela jasotzen dio. Inbentariatuen zerrenda horretan sartuta dagoen ez dakiela aitortu du, dena den. “Planeamenduan ez dago. Eta, horretan, Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek ezarritako zerrendak kontuan hartu behar dira. Planeamenduan dagoena Jaurlaritzaren oniritziarekin egiten da, eta Kultura Sailaren oniritziarekin, noski”.
Ojinagak dio Mundakako alde zaharra berritu eta birgaitzeko plan bereziak jaso zuela, duela hamar urte, inbentarioaren barruan Larrinaga jauregiaren zerbitzu etxea. “Babestu eta berreskuratu beharreko eraikin gisa jasota dago. Horrek indarrean jarraitzen du”.
Elkarteak eta EH Bilduk gardentasunik eza leporatu diote EAJren udal taldearen jardunbideari. Zerbitzu etxea eraisteko agindua alkate dekretuz egin da, hirigintza edo kultura batzordetik pasatu gabe. Andoni Longarte zinegotziak ez du bide egokitzat jo. “Gardentasunagatik, egokiena Hirigintza Batzordean planteatzea izango litzateke. Han onartu, eta gero osoko bilkuratik pasatzea. Onartu direnak eraisketa lanak besterik ez direnez, alkate dekretuz baimendu dituzte”.
Horrek ondorioak izan ditzakeela deritzo EH Bilduko zinegotziak. Kamioiak nondik pasatuko diren eta bestelako logistika eta segurtasun lanak zelan egingo diren ez baitute ikusten batere argi.
“Negozio hutsa”
Obra horiek eraikuntza enpresari sorraraziko dizkion irabaziak ekarri ditu gogora: “120 aparkaleku izango dira. Bakoitza 10.000 edo 20.000 eurotan salduta, atera kontu. Pribatua izango da, ez publikoa: negozio hutsa”.
Lanak alkate dekretuz baimentzeko arrazoia eman du Egurrolak: “Gabon ingurua zen, eta arkitektoaren onespena zuela bazekien enpresak. Batzordea egin arte ez zuten hilabetez zain egon nahi. Batzordeak informatiboak besterik ez dira, gainera. Ez da ezer bozkatzen”.
Lanok Larrinaga jauregian eragin ditzaketen kalteek ere kezka sortu dute, ondare izaera baitu. Zain Dezagun Urdaibaik gogora ekarri duenez, “hiru solairuko aparkalekua egiteko 12 metroko sakoneran induskatuko dute, 9.000 metro kubiko, jauregiaren zimenduetan. Urdaibaiko babestutako beste elementu batzuetako esperientziak erakutsi digu lan horiekin, ‘nahi gabe’, babestutako elementuak erorarazi egiten direla. Hor daude Madariaga dorretxean edo Oliene baserrian gertatutakoak”.
Obra guztietan arriskuak sortzen direla aitortu arren, eraikin hori ez botatzeko lehen interesatua enpresa bera dela uste du Egurrolak. “Jauregia eroriz gero, arazo bat sortuko da, eta proiektua eten egin beharko dute. Enpresari ez zaio interesatzen hori”.
Iritziak iritzi, salaketen ebazpenek argitu beharko dute babestutako ondarerik botako duen udalak. Ebazpena baiezkoa bada, beranduegi irits daiteke, ordea.