Ainhoa Larrabe Arnaiz
Gero eta okerragoa da Ibon Iparragirre euskal presoaren egoera. C3 estadioan du hiesa, eta osasun egoera larrian dute preso Madrilgo Alcala Mecoko espetxean. Preso ondarroarraren egoera are gehiago estutzen ari da kartzela barruan eman dizkioten jipoien ondorioz, Iparra Galdu Baik preso ondarroarraren aldeko plataformaren esanetan. Aurreko astean bitan eraso diote Iparragirreri, 24 orduko tartean; eta konortea galdu ere egin zuen azken erasoaren ondorioz. Presoaren egoera “muturrekoa” dela eta, Iparragirreren etxeratzea eskatzeko protestak iragarri ditu plataformak.
Espetxean Iparragirreren modulu berean dauden hiru preso haren ziegan sartu ziren ostiralean; immobilizatu egin zuten, eta kolpe bat eman zioten aurpegian. Hortzetako protesia hautsi, eta lapurreta ere egin zioten gero. Espetxean deiak egiteko erabiltzen den txartela zegoen lapurtutakoen artean. Hurrengo egunean izan zuten erasoaren berri presoa bisitatzera joandako lagunek. Baina egoera ez zen baretu. Bisita egin eta ordu gutxira eraso zioten bigarren aldiz. Bizkarrean jo zuen preso batek, eta, erorketaren ondorioz, konortea galdu zuen Iparragirrek. Moduluz aldatu zuten bigarren erasoaren ondoren, ordura artekoa gatazkatsuena baitzen. Sendiari egindako deiaren bidez eman zuen gertatutakoaren berri presoak berak.
Ez dira azken hilabeteetan preso ondarroarrak jasan dituen eraso bakarrak. Joan den abenduaren 7an funtzionarioek jo zutela azaldu zuen Iparragirrek. Bost zaplazteko eman zizkiotela salatu zuen, eta ziegan lotuko zutela mehatxu egin ziotela. Iparra Galdu Baik plataformaren arabera, azken urtean 30 aldiz egin diote lapurreta, eta zortzi aldiz eraso diote fisikoki. Azken gertakariak salatzeko protestak egingo ditu plataformak.
Nabarmen egin du okerrera presoaren osasun egoerak azken urteetan. Hiesaz gain, orbana ere badu burmuineko ezker lobuluan, eta hainbat funtzio kognitibo galdu ditu. 2010etik dago preso, eta 40 urteko espetxe zigorra diote ezarrita. Osasun egoera dela eta, espetxeratze arindua ezarri zioten 2011ko urrian, baina 2014ko martxoan Ertzaintzak atxilotu zuen berriz, Espainiako Auzitegi Gorenak zigorra berretsi eta gero. Presoaren abokatuek behin eta berriz eskatu dute Iparragirreri espetxeratze arindua ezartzeko, baina eskaera guztiak ukatu ditu Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak.