Ainhoa Larrabe Arnaiz
Hatz erakuslearen irudia herriz herri zabaltzen aritu da Sare herritar plataforma azken hilabeteetan. Ikur hori erabili dute euskal presoen eskubide urraketak salatzeko eta euskal presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzeko. Hatz erakusle bakoitzarekin, norbanako bakoitzaren konpromisoa irudikatu nahi izan du plataformak. Bide horretan, urrats bat gehiago egingo dute bihar. Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan altxatutako hatz horiek bilduko dituzte Bilboko kaleetan, Euskal presoak Euskal Herrira! Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. goiburupean egingo den manifestazioan. 17:30ean, Casillan abiatuko da biharko protesta. Bizkaiko hiriburuak azken urteetako urtarrilero hartu duen itxura hartuko duela espero dute antolatzaileek: milaka herritar bilduko direla Autonomia kaletik udaletxera arteko ibilbidean. Gainontzeko lurraldeetako presoek bezala, asteburuan ez dute bisitarik izango espetxean dauden Bizkaiko 105 presoek; protestan parte hartu ezin duten arren, manifestazioan egoteko modu gisa egin diete uko senideen bisitak jasotzeari.
Gaur egun, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) 349 lagun dituzte preso Espainiako eta Frantziako espetxeetan; eta, horien artean, 105 dira bizkaitarrak: Frantziako kartzeletan 19 daude, eta Espainiakoetan, 84. Bizkaitar bakarra dago etxetik 60 kilometro baino gutxiagoko kartzela batean: Zaballakoan (Araba) dute eritasun larria duen Txus Martin preso basauriarra. Jose Ramon Foruria markinarra ere gaixo dago, eta etxean ari da zigorra betetzen; espetxe zigor arindua ezarri zioten gaixotasunagatik.
Oro har, behera egin du euskal presoen kopuruak azken urteetan. Baina, oraindik ere, Bizkaiko 112 herrietatik 29k dute herritarren bat espetxean. Bilbo, Durango eta Galdakao dira preso kopuru gehien duten herriak: 30 bilbotar daude etxetik ehunka kilometrora dauden espetxeetan, 11 galdakoztar, eta beste horrenbeste durangar. Euskal presoek jasaten duten eskubide urraketen aurpegirik krudelenetakoa da gaur egun indarrean den sakabanaketa politika, Sare plataformaren arabera; baita eritasun larria duten presoak espetxean mantentzea ere. Guztira, hogeita bi euskal preso daude gaixo espetxean gaur-gaurkoz; eta, horien artean, bost dira bizkaitarrak.
Egoera hori ikusaraztea izan da, besteak beste, Sare plataformak abiatutako Salatzen dut kanpainaren helburua. Eta azken asteetan hainbat eremutako herritarrek eta eragile sozialek eskatu dute presoen eskubideak errespetatu daitezen. Urrian aurkeztu zuen kanpaina Sarek. Ordutik hona, herriz herri hedatu du hatz erakusle erraldoiaren ikurra. Galdakao, Ondarroa, Erandio, Getxo, Elorrio… Bizkaiko herri guztietan bildu ditu norbanakoen atxikimenduak. Eta aldarriarekin bat egin dute Euskal Herriko ehunka euskal preso eta iheslari ohik ere. “Presorik gabeko herria” izan artean, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten joan den igandean bukatutako Kalera Kalera dinamikan. Gauza nabaria da: azken urteetan handituz joan da euskal presoen eskubideen alde altxatutako hatz erakusleen kopurua.
Gero eta eritasun gehiago
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten presoen kopuru orokorrak behera egin badu ere, espetxean dauden presoen egoerak okerrera egin du, nabarmen. Kezka hori azaleratu berri du Jaiki Hadi elkarteak. Osasun arloko hainbat kidek osatutako psikologo, psikiatra eta medikuk sortutako taldea da Jaiki Hadi. Boluntarioak dira elkarteko kideak, eta urteak daramatzate gaixotasunak dituzten euskal presoei behar duten laguntza ematen saiatzeko lanean. Astelehenean jakinarazi zuten elkarteko ordezkariek presoen kopuru orokorrak behera egin duen arren gehiago direla gaixo dauden presoak. 2011n hamar ziren eritasun larri eta sendaezinak zituzten presoak, eta hogeita bi dira orain. Hau da, euskal presoen %23 daude gaixo.
Adinez gero eta nagusiagoak dira EPPK osatzen duten presoak: %5ek 60 urte baino gehiago dituzte; eta presoen %10etik gora dira 20 urte baino gehiagoko espetxealdia betetzen ari direnak; 12 presok, halaber, 25 urte baino gehiago daramatzate kartzelan. Adinez gero eta nagusigoa izan, espetxean igarotzen den denborak are kalte handiagoa egiten dio pertsonaren osasunari, Jaiki Hadi elkarteko kideen arabera. Eta azken bost urteetan eritasun diagnosien kopuruaren goranzko joera horri kezkaz begiratzen diote osasun arlotik. Kartzelak larriagotu egiten du gaixo dagoenaren osasun egoera: minbiziak, gaixotasun degeneratiboak edota larriak diren gaitz psikikoak nabarmen okertzen ditu.
Baina gaixo ez dagoenaren osasunari ere kalte egiten dio espetxeak. Hala jaso dute Jaiki Hadi-ko medikuek, Espetxea eta Osasuna txostenean. Presoek jasan ohi duten “etengabeko tentsioak” osasunean eragin zuzena duela diote.
Erregimen berezia dute EPPK-ko presoek, eta neurri bereziak ezartzen dizkiete horregatik. Horien artean daude etengabeko espetxe eta ziega aldaketak, gaueko zenbaketak, miaketak, leihoetan metalezko xafla zulatuak dituzten ziegetara eramatea… Espazio eta denborarekiko pertzepzioaren galera sortzeko arriskua areagotu egiten da neurri horiekin, eta patogenoak bihurtu litezkeen arazoak sor ditzakete halako egoerek.
Bakartze edo isolamendu egoera da guztien artean neurri gogorrena. Medikuen arabera, hainbat preso daude kideengandik bakartuta. Emakumezkoak dira gehienak. Arantza Zulueta bilbotarraren kasua da horien artean larriena. 2014ko urtarrilean atxilotu zuten Zulueta, EPPKren eta euskal gizartearen arteko bitartekari lana egitea egotzita. Polizia operazio hartatik espetxean jarraitzen duen bakarra da. Hainbatetan egin du epaiketa egin bitartetan behin-behinean aske uzteko eskaera —azkena, iazko urrian—. Hala ere, Puerto de Santamariako espetxean (Cadiz, Espainia) dute, eta bakarturik dute kartzelatu zutenetik. Egunean 20 ordu ematen ditu ziega barruan.
Muturreko egoera da Zuluetarena. Ez du inolako jardueratan parte hartzeko eskubiderik; egunean lau orduz atera daiteke 13×5 metro dituen patiora; eta bakarrik izaten da gehienetan, beste presorik ikusi gabe. Jaiki Hadi elkartearen arabera, espetxe arautegian behin-behineko neurri gisa agertzen da preso bat bakartzea; baina behin betiko ezartzen diete EPPK-ko hainbat kideri. “Pertsonaren nortasuna ezabatu eta menperatzeko mekanismo” gisa definitzen dute bakartzea, eta medikuek diote bakardade eta antsietate sentimendu sakona eragiten duela. Jaiki Hadi-ko medikuen arabera, “tortura modu bat” da presoak bakartzeko neurria, eta, azaldu dutenez, Nazio Batuen Erakundeak berak azaldu du egoera hori denboran luzatzea larria izan daitekeela presoaren osasunerako. Abokatuaren egoera salatu eta berehala kaleratzea eskatzeko Arantza Askatu plataforma sortu dute hainbat herritarrek. Eta eragile ugariren babesa jaso du mugimenduak.
Arazo fisiko eta psikikoak
Gaixotasun larriak dituzten presoez gain, badira bestelako gaitzak dituztenak ere. Jaiki Hadi-k osatutako txostenaren arabera, gaur-gaurkoz, 73 presok dituzte gaixotasun fisikoak. Eta horiek guztiak artatzeko lanean aritzen dira elkarteko boluntarioak. Arazo traumatologikoak, digestiboak eta bihotz arazoak dira gaitz guztien artean ugarienak. Eta eguneroko jarraipena behar dute horiek. Gaitz arinagoak dituztenei ere gertuko artapena egin behar zaiela diote medikuek. Baina bidean, oztopoak baino ez dituzte Jaiki Hadi-ko medikuek.
Espetxeek ez dute baimentzen kanpoko medikurik kartzelan sartzen. Eta, ondorioz, idatziz komunikatzen dira gehienak. Presoek eskutitzetan kontatutako sintomen araberako diagnosia egiten saiatzen dira, eta tratamendurik egokiena bilatzen dute. Eritasuna larriagoa denean, senide eta lagunek asteburuetan egiten dituzten bisitak baliatu izan dituzte sendagileek, gaixoak kristal bidez bada ere ikusi ahal izateko. Telefono dei mugaturen bat ere lapurtzen diete senideei beren gaitzei buruzko informazioa jasotzeko. Muga horien ondorioz, sarritan, gaixotasun fisikoa duten hainbat presok ez dute dagokien arta jasotzen. Gaixotasun psikikoei dagokienez, hogeita lau kasu antzeman dituzte Jaiki Hadi-ko medikuek. Horien artetik bost kasu larritzat dituzte; baina denek behar dute jarraipena.
Arazo fisikoak eta psikologikoak aintzat hartuz, 97 kasu ditu Jaiki Hadi-k identifikatuta. EPPK osatzen duten presoen %24,25ek gaitza dute. Eta, horien artean, %10,3k dute sendaezina den gaixotasuna. Diotenez, espetxea bera traba bihurtzen da presoak artatu eta diagnostikoak egiteko. Eta, horregatik, antzeman gabeko kasu gehiago egon daitezkeela diote. Gaixoen kopurua gora egiten ari da, eta laguntza behar dute Jaiki Hadi elkartean presoei mediku laguntza eraginkorra eta duina eman ahal izateko.