Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ez zen tiro hotsik Bizkaian 1937ko urtarrilean, frontea gelditu baitzuen neguak. Baina bake girorik ez zegoen lurraldean. Pikotxen eta aitzurren zaratak hiriburuaren inguruko landa eremuetan; lubakiak egiteko milaka lur tona, aurrera eta atzera. Hotza eta nekea. Geldiunerik ez. Bilbo defenditzeko sistema eraiki beharra zegoen; Burdin Hesia, altzairuzko gerrikoa ala herio gerrikoa: defentsa militarretik harago, esperantzaren ikurra zen. Gerrarako prestatzen ari ziren Bizkaian. Baina atsedenik ez zuen ematen zeruak: danba! Heriotz kolpeak berriz, hiriburuan. Bonben zartadek eman zioten urte hasierari ongietorria Bilbon; ez ezkilek. 1937ko urtarrilaren 4an, berriz erori ziren bonbak. Hamaikagarren erasoa, hamaikagarren hildakoa. Ezin gehiago jasan, haserre ziren hiriburuko herritarrak. Faxistak preso zeuden espetxeetara martxa egin zuten, urtarrilaren 4 hartan. Mendeku gosez ala amorruz, erasoz hartu zituzten espetxeak. 224 preso hil zituzten sarraskian.
Faxisten bederatzi bonba hegazkinek eta hamabi ehiza hegazkinek zeharkatu zuten hiriburuko zerua 1937. urteko laugarren egunean, eta hamazortzirekin itzuli ziren arratsaldean. Bost herritar larriki zauritu ziren bi erasoen ondorioz, eta sei lagun hil; tartean, Arazeli Oses 18 urteko emakumea. Berriz ere bonbak. Berriz ere hilotzak. Eskarmentua hartua zuten ordurako errepublikanoek, eta hegazkinak prest zituzten Leioako Lamiako aerodromoan, faxistek arratsaldean egin zuten bigarren erasoaldiari aurre egiteko.
Bonbaketari faxistak Bilboko zeruan agertu eta segidan abiatu ziren hegazkin errepublikazaleak defentsan. Alemaniako Junker 52 motako hegazkin bat eraistea lortu zuten, Alonsotegin. Jausgailuz egin zuten salto bi pilotuek: Adolf Herrmann eta Karl Gustav Schimth alemaniarrek. Enekurin lurreratu zen Schimth, eta Gobernuaren ordezkaritza zegoen Carlton hotelera eraman zuten handik. Ez zuen zorte bera izan Herrmannek. Hiriburuan lurreratu bezain pronto hil zuten tiroz.
Faxistek hiriburuaren aurka egindako hamaikagarren aire erasoa zen urtarrilekoa. Sutan ziren herritarrak horregatik, eta giroa leherrarazi zuten azken bonbek. Erasoen helburua herritarrak aztoratzea zela zioen sortu berri zen Eguna euskarazko lehen egunkariak: “‘Bilbao’ gain arerioen egazkiñak oraintsurengo jaurti eben sua, e`ria ezerestu eta bi´rinduteko barik, […] oke´raren adizkidiak eta betiko saspikiak nastea so´rtu eta basakeriak egingo ebezan itxaropenez. Euren guraria lortu ete eben? Betiko gaizkiñak eta saspikiak nastea so´rtu ta eriotzia erein guraz jagi ziranik ezin ukatu”. Ezin da jakin faxisten helburua zein izan zen zehazki: izua sortzea, herritarrak aztoratzea, ala biak. Baina erantzuna izan zuten jaurtitako obus-en zartadek. Hainbat herritar eta miliziano elkartu, eta manifestazio espontaneoa sortu zuten hiriburuan, leherketen ondoren. Hildako pilotu alemaniarraren gorpua hartu, eta Bilbaina gobernuaren egoitzara egin zuten lehenik, gobernuko ordezkariei preso hartutako Schimth pilotuaren burua eskatuz. Baretu baino, are gehiago oldartu zen giroa handik gutxira, Bilbainan bildutako jendetzak Begoña auzora egin baitzuen gero.
Erasoa kartzeletan
Begia begi truk, hortza hortz truk. Mendeku bila jo zuten errepublikaren aldekoek Begoñako lau espetxeetara. Uztailaren 18ko kolpe militarrarekin bat egin zuten 2.000 lagun baino gehiago zituzten preso Larrinagako Espetxe Probintzialean, Karmeloko komentuan, Galera etxean eta Aingeru Jagolearen komentuan. Presondegietako zaintzaileek babestutako hesiak gainditu eta lau kartzelak jazarri zituzten herritarrek. Hiru orduz iraun zuen erasoak, eta ehunka hildako eragin zituen altxamenduak: 109 preso hil ziren Aingeru Jagolearen espetxean, 53 Larrinagakoan, 52 Galera etxean eta sei Karmelokoan.
Berehalakoa izan zen Jaurlaritzaren erantzuna. Espetxeetara bertara egin zuten Telesforo Monzon, Juan Astigarrabia eta Juan Gracia gobernuko hiru kontseilariek, oldarraldiari amaiera emateko helburuarekin. Erasoa gaitzetsi eta jazarpenaren arduradunak epaitzeko asmoa erakutsi zuen gobernuak segituan. Eguna egunkariak jaso zuen Jaurlaritzaren jarrera. “Lauga´ren eguneko gabean egindako gaiztakeriak eztabe atxekirik. Ez alpe´rik bilatu. Zuzentza egitiaren etzirala izan esan geinke, gaiztakeriari bide emon eta asatutia´ren baño”. 48 herritar auzipetu zituzten gertakariengatik. Baina ez zen epaiketarik egon. Ez, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Bizkaiaren aurkako erasoa abiatu zuen Mola jeneralak martxoan, eta indar guztiak gerra frontearen lehen lerroan jarri zituen gobernuak horregatik.
Urtarrileko hura ez zen izan errepublikaren aldeko eremuan egindako preso hilketa bakarra. Aire erasoen ondoren, antzeko jazarraldiak izan ziren Donostiako Ondarretako kartzelan, Tolosakoan eta Irungo espetxean, besteak beste. Aurrez, Bilboko itsasadarrean ere izan zen antzeko pasarte bat, 1936ko irailaren 25ean. Cabo Quilates eta Altuna Mendi itsasontziak espetxe bihurtuak zituen Bizkaiko Defentsa batzordeak, eta, matxinatuekin bat egitea leporatuta, jendez beteak zeuden. Aire eraso baten ondoren, ontzietara jo zuen milizianoz eta zibilez osatutako talde batek, eta 70 preso hil zituzten gertakarietan.
Mendekuaren mendekua
Presoen aurkako erasoak ez ziren ahanzturan erori. Kontrara. Ekainean, faxistek Bilbo hartu eta berehala, urtarrilaren 4ko hilketak mendean hartzeko ardura hartu zuten frankoren aldekoek. Mendekua hartu zioten mendekuari. Espetxeen aurkako jazarraldian parte hartzeagatik fusilatu zituzten hainbat herritar: Elvira Martinez santurtziarra eta Ana Naranjo sestaoarra, tartean. Eta erasoan zuzenean parte hartu zutenez gain, gertakariak saihesteko “ezer egin ez zutenak” ere zigortu zituzten frankistek. Alfredo Pañeda eta Marcelino Hernandez espetxe zaindari bilbotarrak, kasurako.
Bonbardaketak eta tropen arteko borrokaldiak bukatu ziren 1937ko udan. Gerra baten bukaera izan zen hura, eta beste gerra baten hasiera. Fusilatzeek, garroteek eta ziegek hartu zuten bonba eta balen lekua. Jazarpenaren aro berri bat abiatu zuten faxistek, eta zigorra zuen ezaugarri nagusi. Hasieratik utzi zuten argi Francoren aldekoek. Bilbo hartu eta bi egunera fusilatu zituzten Evencio Alonso, Fidel Irure, Fidel Iza eta Emiliano Alvarez suhiltzaileak, bonben suak itzaltzen aritu izanagatik.
Hamabi espetxe Bilbon
Espetxeak berriz betetzeko hustu zituzten frankistek. Guztiz aldatu zen hiriburuko espetxeetako presoen izaera ideologikoa: Errepublikaren aldekoek bete zituzten ordura arte Errepublikaren aurkakoek bete zituzten ziegak. Are gehiago, txiki geratu ziren espetxeak hainbeste preso sartzeko, eta beste hainbat eraikin egokitu behar izan zituzten frankistek. Bilboko presondegien kopurua da horren erakusle nagusia. Hamabi presondegi izan ziren hiriburuan, eta espetxe bihurtu zituzten ikastetxe edota kultura zentroak izandako hainbat eraikin: Arriaga antzokia, Deustuko Unibertsitatea, Eskolapioen ikastetxea, Orueko txaleta, Tabakalera eraikina eta Zezen Plaza, tartean.
Bizkaiko lurraldean izandako espetxe eta kontzentrazio esparruak ikertu ditu Ascension Badiola historialariak, eta aurkitu dituen datuak Cárceles y campos de concentración de Bizkaia liburuan bildu ditu. Dioenez, 1937. urtearen amaieran, 29.350 preso zeuden Bizkaia osoan. Eusko Jaurlaritzak zerabiltzan datuen arabera, 1937ko amaieran 7.933 preso zeuden Bilbon; horietatik 2.136, Larrinagako kartzelan. Espetxeaz gainera, exekuzio gunea ere bazen Larrinagakoa, eta heriotza zigorrera kondenatuta zeudenak eraman ohi zituzten hara. Ignacio Unzeta preso egondakoaren lekukotzaren arabera, astebetean 200 preso fusilatu zituzten han, eta beste zortzi hil zituzten garrotean. “Horietako bati garrotea ematen ari zitzaizkionean, tramankulua matxuratu egin zen, eta, konpontzen zuten bitartean, presoa berpiztera eraman zuten, arazoa konpondutakoan lana bukatu ahal izateko”.
Ezaguna da Urduñako kontzentrazio esparruko baldintzen gogortasuna. Unerik latzenean, 4.131 herritar izan ziren han preso. Gutxiago ezagutzen da Deustuko Unibertsitatean egokitu zuten kontzentrazio esparruarena. Frankistek Bilbo hartu eta berehala jarri zioten giltzarrapoa hiriburuko unibertsitateari, eta 1940ra bitarte milaka izan ziren handik igaro ziren herritarrak. Garairik gogorrenean, 4.460 preso ere izan zituen; han sartzen ziren halako bi. Datu gutxi daude Deustukoaren inguruan, baina 187 preso hil zirela jasotzen dute hainbat iturrik. Badiolak bildutako lekukotzen arabera, preso batek baino gehiagok euren buruaz beste egin zuten leihotik behera botata. Espetxe baldintzen egoeraren berri ematen dute gertakari horiek. Debekatuta zegoen espetxetako leihoetatik begiratzea, eta Eskolapioen ikastetxean, tiroz hil zuten preso bat leihotik burua ateratze hutsagatik.
Bizkaian, Zornotza eta Durangoko espetxean giltzapetu zituzten emakume gehienak. Baina Bilboko Orueko txaletean ere hainbat andre izan zituzten preso. Berez, 30 lagunentzako tokia zuen etxeak, eta 700 emakume ere izan ziren giltzapetuta. Lekukotzen arabera, 40 emakume inguruk egiten zuten lo 5,5 x 4,5 metroko gela batean.