Aitziber Laskibar Lizarribar
Ohi baino elastiko beltz gehiago ikusi dira azken urteetan Bilboko Aste Nagusian. Kolore biziz janzten diren konpartsakideek hainbatetan aldatu dute kolorea beltzagatik. Protesta gisara, zuriz idatzitako mezu argiarekin: Aste Nagusia defendatuz!!!. Eraso zuzentzat hartu dituzten zenbait neurri ez dituztela onartzen ikusarazi dute horrela. Protesta ekitaldiak egin dituzte, mobilizazioak, plantoak. Baina, aurreko astean, alderantzizko bidea egin zuten: beltzetik abiatu, eta kolorera egin zuten jauzi. “Zuen asmo ilunak kolore bihurtuko ditugu, kolorea baikara”, adierazi zuten hedabideen aurrean elastiko beltzak erantzi eta nork bere konpartsako kamiseta biziak erakutsita. Duela hiru urte eta erdi hasitako auzibide garratza amaitu dela ospatu zuten horrela.
EAEko Auzitegi Nagusiaren epai bat jaso berritan egin dute agerraldia. Konpartsek 2013ko Aste Nagusirako aukeratu zuten txupinerak jaietako ikur izateko eskubidea zuela dioen erabakia jaso eta biharamunean. Konpartsek erasotzat hartu duten auzibidea amaitu da horrela, hiru urteren ondoren.
Txori Barroteri egokitzen zitzaion, orduko hartan, txupinera aukeratzea. Konpartsaren sortzaileetako kide bat proposatu zuen kargurako, Jone Artola, eta halaxe aurkeztu zuen konpartsen federazioak. Bilboko Udalak, ohi bezala, errespetatu zuen erabakia, eta ohi bezala jarraitu zuten Aste Nagusiaren prestaketa lanek. Txupinera eta pregoilaria jendaurrean aurkeztu zituzten, neurrira egindako jantzi berezi eta guzti.
Carlos Urkijo, abiapuntuan
Baina Aste Nagusia hastear zela, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak salatu egin zuen txupineraren izendapena. Neba preso zuela zabaldu zuen, eta txupinera bera Etxerat presoen senideen elkarteko kide zela. Izendapenari helegitea aurkezteko eskatu zion Espainiako Estatuaren abokatu nagusiari, Artola txupinera izateak ETAren biktimen duintasunari kalte egiten ziola argudiatuta. Hala egin zuen Estatuaren abokatuak, auzitara jota. Eskaerari erantzunez, konpartsen aukeraketa bertan behera uzteko agindu zuen Bilboko epaitegiak.
Konpartsen federazioak gogor salatu zuen erabakia, eta Bilboko jai ereduaren aurkako neurria zela ohartarazi zuen. Bai konpartsek eta bai udalak apelazio bidea abiatu zuten, eta, hainbat gorabeheraren ondoren, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoi eman die, orain, helegite horiei. Txupinera aukeratzean ez zela legez kanpo aritu ebatzi berri du, epai irmoa kaleratuta.
Horren aurrean, euren bidean jarraituko dutela adierazi dute 29 konpartsetako ordezkariek: kanpoko esku sartzeak eta “interes alderdikoiak” baztertzen eta Bilboko jai eredu parte hartzailean sakontzen jarraituko dutela.