Ainhoa Larrabe Arnaiz
Legeari tiraka ari dira Atxondon Euskal Y-ak herria gurutzatu behar zuela jakin zutenetik. 2003tik ari dira txostenak aztertzen eta horietan aurkitutako okerretatik tiraka. 2016an AHTko lanen arrastorik ez dute Anboto mendiaren azpialdeko herri horretan. Eta, Abadiñoko eta Elorrioko beste hainbat lursailekin batera, derrigorrezko desjabetzeak egin gabe dituen zati bakarretakoa izan da Bizkaian orain arte. Baina aldatu egin da egoera hori azken hilabeteetan. Izan ere, Adif enpresako kideen eta Espainiako Gobernukoen bisita izan dute lur-jabeek. Falta zitzaien urratsa egitera joan dira Atxondoko herritarrengana: desjabetze aktak sinatzera, alegia.
Azken hilabetean jo dute Atxondo, Abadiño eta Elorrioko lur-jabeengana, tren lasterra eraikitzeko ardura duten Adifeko kideek, David Cobos Atxondoko alkateak azaldu duenez. “Desjabetzeagatik metro karratuko zenbat ordainduko duten negoziatzen izan dira abenduan lur-jabeekin. Eta herritar gehienek sinatu egin dute desjabetze akta. Ez dute beste aukerarik izan ia, egin ezean lur-jabeen gain erortzen baita prozesua luzatzearen zama eta kostua”. Azpiegitura eraikitzen hasi aurretik egin beharreko lehen pausoa da orain Atxondon egin dutena. “Duela hamar urte esaten zizkiguten gauza berak entzuten ari gara oraindik ere. Baina Elorriotik Bilborako bidea ikusiz gero, agerikoa da azken zazpi urteetan AHTaren lanek berdin jarraitzen dutela. Horregatik diot nik neuk ez dudala sinesten lanak egiten hasiko direnik”.
Obra zuzendarien bisita ere jaso dutela azaldu du Cobosek. “Udan etorri ziren, herria ezagutu nahi zutela esanez. Lanak hasi orduko, kamioiak nondik sartu jakin nahi zutela esanez, besteak beste. Eta aitortu zidaten beraiek ere ez zekitela lanak noiz hasiko zituzten. Lanak geldirik daudela eta Madrilen egoera kaxkarra zegoela esan zidaten. Horregatik diot ez duela azpiegitura serio baten itxurarik, eta ez dut uste honek aurrera egingo duenik ere”. Prozesuak aurrera egiten badu eta azpiegitura eraikitzen hasteko urratsak egiten badituzte “aurrean” izango direla azaldu du Cobosek. “Oraindik gauza asko dago eztabaidatzeko, eta guk lanean jarraituko dugu, eraiki ez dadin. Horregatik diot ziur gaudela azpiegitura ez dela egingo”.
Atzeratutako lanak
Bederatzi herri zeharkatzen ditu tren lasterrak Bizkaian: Elorrio, Atxondo, Abadiño, Durango, Zornotza, Lemoa, Galdakao, Basauri eta Bilbo. Eta, guztira, hamabi zati ditu AHTak lurraldean; gaur egun, horien arteko hiru baino ez daude bukatuta: Zornotzatik Lemoara doan tartea, Abadiñotik Durangora doana eta Galdakao eta Basauri artekoa. Lau zatitan lanean ari dira: Elorriotik Atxondorako tartean, Zornotza gurutzatzen duenean, Zornotzatik Durangora doan zatian, eta Lemoa eta Galdako artekoan. Atxondotik Abadiñora doan trenbidearen zatia hasi gabe dago oraindik, eta egoera berean dago Basauri eta Bilbo artekoa ere.
Bergarako lotuneko lanak ere geldi daude. Zati kritikoa da Bergara, Arrasate (Gipuzkoa) eta Elorrio arteko lotura: han batuko dira Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik etorritako tren lasterrak. Bizkaiak hiru zati ditu hor: Bergaratik Elorriora doana, Arrasate eta Elorrio lotzen dituena eta Elorrion bertan eraiki beharrekoa. Azpiegiturak duen tarterik korapilatsuena da Bergarako lotunea, eta, Arrasatetik Elorriora doan tartea kenduta —lanean ari dira hor—, geldi dago azpiegitura.
Moteltasun horri abiadura eman nahian dabiltza Jaurlaritzan azken hilabeteetan, AHTaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku uztea eskatu baitute jeltzaleek hainbat aldiz. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren arabera, Gipuzkoan azpiegitura eraikitzeko erabiltzen den sistema bera erabiltzea nahi dute Bizkaian eta Araban ere. Gipuzkoan, Jaurlaritzak ordaintzen ditu AHTaren lanak, eta, ondoren, estatuari ordaintzen dion kupoari kendu egiten dio gastu hori. Trenaren eraikuntza lanak azkartzeko, hiru lurraldeetan sistema bera erabiltzea eta hiriburuetako lurperatzeak ere Jaurlaritzaren esku uztea nahi dute. Andoni Ortuzar EAJren presidenteak ere gaia ahotara ekarri du azken hilabeteetan. Hilabete honetan bertan egindako adierazpenetan azaldu du, PPk jeltzaleekin “harreman sendoa” izateko, ezinbestekoa dela AHTaren gaia “argi eta garbi” geratzea.
Espainiako Gobernuak 2017rako adostu behar dituen aurrekontuen negoziazioaren erdigunean daude, besteak beste, tren lasterraren lanak. Azken hilabeteetan azpiegituraren eraikuntza azkartzea eskatu dute jeltzaleek, behin eta berriz, Madrilen; kupoaren zorra adostearekin eta estatutua betetzearekin batera. Atzo bertan, azpiegituraren nondik norakoez aritzeko bilera egin zuten Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak eta Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak.
Ildo beretik, adierazpenak egin zituen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak joan den astean. AHTak hiriburuan izango duen sarrera lurperatzeko proiektuari buruz aritu zen Aburto. Eta, EAJren eta Espainiako Gobernuaren artean, 2017rako zehazten ari den aurrekontuen negoziazioetako gaietako bat izango da Bilboko geltokia. “EAJk Kongresuan dituen bost botoak euskaldunen eta bilbotarren interesak defenditzeko erabiliko ditu”. Hortaz, badirudi tren lasterretik igaroko dela EAJk Kongresuan dituen botoen nolakotasuna. Orain arte hiriburuko geltokia lurpean eraikitzearen aurka azaldu da Espainiako Gobernua, baina adierazpenak lausotu ditu azkenaldian. Eta badirudi Jaurlaritzaren eta Bizkaiko hiriburuko udal gobernuaren proposamena onartuko dutela.
Horren isla izan liteke Bilboko Udaleko aurrekontuen auzia. Hilaren 29an onartuko ditu Bilboko Udalak datorren urterako aurrekontuak. Baina azaroan aurreratu zuen udal gobernuak akordioa egina dutela jeltzaleek eta popularrek hiriburuan AHTarentzako geltokia eraikitzeko. 2017. urteko aurrekontuetan 100.000 euro jarriko dituzte AHTa Bilbora iristeko egin beharreko lanetarako.
Bizkaiko hiriburuko udal gobernuaren arabera, AHTa lurperatzearen ondorioz Abandoko tren geltokian erabilerarik gabe geratuko diren 80.000 metro karratuetan egin daitekeen hirigintza proiektuak aztertzeko “ikerketa parte hartzailea” ere egingo dute. Behin hori eginda zehaztuko dute “erakunde bakoitzak geltokia lurperatzeko egin beharko duen ekarpen ekonomikoa”. Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, 314 milioi euroko kostua izango dute AHTa Bilboko hirigunera iristeko lanek.
Kalkuluetatik urrun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte egindako azpiegituren artean, garestiena da AHTa. 6.000 milioi eurotik gorako gastua izango du eraikuntzak; hau da, 26 milioi euro kilometro bakoitzeko. Lanak hasi zituztenean, 4.200 milioi euroko kostua aurreikusi zuen Espainiako Gobernuko Azpiegitura idazkariak; eta 3.500 milioi eurotik gora xahutu dira dagoeneko. 2.500 milioi gehiago bideratuko dira lanetara, berez, 2019ra bitarte. Data hori da, joan den legegintzaldian Espainiako Gobernuko Sustapen ministroa izan zen Ana Pastorren arabera, lanak bukatzeko epea.
Baina aurrekontuen kalkulua ez da izan aldatu duten bakarra. AHTak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuak lotzeko aurreikusten zuten denbora ere ez da hasiera batean zehaztutako bera. Espainiako Gobernuaren arabera, 43 minutu behar izango ditu tren lasterrak, adibidez, Bilbo eta Gasteiz arteko bidaia egiteko—28 minutuko bidaia izango zela zioen proiektuak—. Eta 55 minutuan egingo du Bizkaiko hiriburutik Donostiarako tartea —34 minutuko bidaia izan behar zuen hasieran—.
2006an hasi zituzten Euskal Y-a eraikitzeko lanak, Arratzua-Ubarrundian (Araba). Hamar urte igaro dira, hortaz, lehen hondeamakina AHTa eraikitzeko lanetan hasi zenetik. Eta oraindik ere zehaztu gabeko hainbat ertz ditu egitasmoak. Europa eta Espainiako tren lasterren sarearekin izango dituen loturak ere ez daude argi. Euskal Y-a Europarekin lotzeko Bordele eta Hendaia arteko zatiari dagokionez, 2032ra arte ez du ezer erabakiko Frantziako Gobernuak. Ikusteko dago datorren urteko hauteskundeen ondoren Frantziak jarrera hori mantenduko duen ala ez. Gasteiz eta Burgos arteko lanak ere geldi daude. Lanak arintzeko eskatzeko eta Espainiako Gobernua estutzeko bilera egin dute hilabete honetan Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateek, Burgoskoarekin batera.