Natalia Salazar Orbe
Emakumeen kontrako indarkeria erasoek ez dute etenik izan urte osoan. Zenbaki hotzez gain, salaketa eta erasoen kontaketa gordinak entzun dira. Uda aldean, jai giroa baliatu dute erasotzaile askok abusuak egiteko. Eremu horretatik kanpo ere mordoa izan dira, ordea. Baina, aurten, herritarren gaitzespen irmoa eta aktiboa aurkitu dute aurrez aurre. Gizartearen zati handi bat kalera atera da, nahikoa dela aldarrikatzeko. Kontzentrazio eta protesta jendetsuak ikusi dira Bilbon zein beste herri batzuetan.
Uztailean, Iruñeko sanferminetan bost gizonezkok egindako bortxaketa bortitzaren aurkako gaitzespenek mugarri bat ezarri zuten. Hainbat udalerrik txalotu egin zuten herritarrek han hartutako jarrera. Bilboko Udalak, kasurako. Eta bide beretik lanean jarduteari ekin zioten.
Bikotekide batek emakume bat hil zuen Bilbon, uztailean. Eta eraso ugari izan dira. Hiriburuan, Sopelan, Getxon, Portugaleten, Durangon, Basaurin, Gernika-Lumon… Zaila da zerrenda osoa osatzea. Asko izateaz gain, oraindik badira salatzen ez diren erasoak ere. Edo erasotzat jotzen ez diren jokabideak ere.
Hala ekarri du gogora, besteak beste, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Emakume batek udan salatu zuen gizon bat atzetik izan zuela segika hainbat kaletan, Durangon. Hitzez jazarri ostean, dirua eskaini zion. Andreak ihes egin zuen. Bada, legeak eraso hori ez du ulertzen genero indarkeria gisa.
Erasoaren izaerari dagokionez, antzeko bidetik mintzatu da mugimendu feminista. Maider Gonzalez Bilgune Feministako kideak eman zituen azalpenak: “Erasoa zer den eta zergatik gertatzen den azaldu behar da. Eta testuinguruan kokatzeak garrantzi handia du”. Nahitaezkotzat jo zuen onartzea arazo estrukturala dagoela jokaera horien guztien atzean. Naturalizatuta dauden erasoak ikusarazi behar direla uste du. Hori aldez aurretik landuta, erantzunak ere noranzko horretan bideratzea da helburua.
Lan hori egiteke badago ere, aurrerapausoak antzeman dira aurten. Orain artekoek ez bezalako irudi jendetsuak ekarri dituzte gaitzespen protestek. Eta emakumeak eurak ahalduntzeko eta erasoei aurre egiteko mezuak eta jarrerak zabaldu dira. Nazkatute gauz! Erasoen aurrean erantzun. Lema horren atzean bat egin zuten dozenaka herritarrek, Durangon, azaroan, denbora laburrean egindako bederatzigarren erasoaren aurka protesta egiteko. Deustuan ere mezu bera aukeratu zuten, emakume etxegabe bati urrian bi gizonek egin zioten sexu erasoa gaitzesteko.
Emakumeen botereari buruz mintzatu dira eragileak. Ahalduntzea eta botere hori lehenetsi dituzte, sarri asko administrazioek eta komunikabideek sexu erasoak lantzeko edo tratatzeko izaten dituzten ereduak direla eta. Kasu askotan emakumeak biktimizatu egiten direla salatu dute. Mezu argia zabaldu dute: “Emakume bati erasotzen badiote, denoi erasotzen digute, eta elkar zainduko dugu”.
Gauza batean bat datoz administrazioa eta eragileak: erasoa egin denerako, aurretik, gizarteak sortu ditu eraso horiek gauzatzeko baldintzak. Hori dela eta, sinetsita daude errora joan behar dela: prebentziora.