Azpiegituren oinarriak

Azpiegituren oinarriak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bizimoduen erakusgarri dira azpiegiturak; gizarte ereduen adierazgarri. Eta 2016a aurrera begira izan nahi duenaren oinarriak jartzeko urtea izan da Bizkaian. Gero eta presa handiagoz bizi den gizartean, aldundiak lurraldearen egituraketarako estrategikotzat dituen bi errepide berri egitera bideratu ditu indarrak: Gerediaga-Elorrio autobidea abuztuan zabaldu zuen, eta Zornotza eta Muxika lotuko dituen errepidearen gunerik zailena, Autzaganeko tunela, bi aldeetatik lotuta utzi zuen.

Mugikortasunerako apustu nagusitzat duen AHTaren lanak ez dira garatu nahi lukeen abiaduran, korapilo nagusietan sortutako arazoak direla eta. Hala ere, trena Bilbora lur azpitik sartuko dela ziurtatuta amaitu nahi dute urtea aldundiak eta Jaurlaritzak, eta hartarako negoziazioetan ari dira Espainiako Gobernuarekin.

Hiriburuko mugikortasuna azkartzeko lanek aurreikusitako abiaduran egin dute aurrera, eta metroaren 3. linearen zati bakoitza noiz zabalduko den jakinarazi dute 2016an. Etxebarri eta Matiko arteko tartea datorren urteko martxo eta ekain artean zabalduko duela agindu du Euskotrenek, eta Lezamara doan trenarekiko lotura ere ordurako egongo dela. Linea berria ez da, halere, 2019 amaiera aldera arte ezarriko bere osotasunean. Tranbia Etxebarriraino helduko da orduan, eta Atxuriko tren geltokia desagertu egingo da, helmuga guztiak Zazpikaleetan batzeko.

Autobusen intermodal berria egiteko lanak ere aurten hasi dira. 2018ko lehen seihilekorako espero da lurperatutako gune handia zabalik, eta inguru guztia eraldatuko du proiektuak.

Zorrotzaurre

Gehien eraldatzen hasi den gunea, halere, Zorrotzaurre da. Penintsula irla bihurtzeko proiektua da Bilboko Udalak esku artean duen ingeniaritza obrarik handiena eta konplexuena. Eta arazoak eragiten ari da. Deustuko kanala irekitzeko lanak ia urtebetez geldirik egon dira, uste baino zailagoak direlako. Lanak beste enpresa bati ematekotan da udala. Beste lanek, halere, aurrera jarraitzen dute, eta irla Deusturekin lotuko duen Frank Gehry zubia, esaterako, aurten zabaldu da.