Ainhoa Larrabe Arnaiz
Bake giroa gerran. Izan daiteke irudikapen bat ala ekaitzaren aurreko barealdia. 1936ko abenduan uharte bat zen Bizkaia; elkar uztartu ezin ziren bi errealitateren agertokia. Lurraldearen periferian, balen hotsak; bien bitartean, letren burrunba Bilbon. Armak mintzamolde nagusi zirenean, jakintzaren lengoaia nagusitu zen hiriburuan 36ko hartan. Abenduaren lehen egunean egin zen Universidad Vasca-Eusko Irakastola Nagusia irekitzeko ekitaldia, Basurtuko Ospitale Zibilean. Unibertsitatea sortzeko lehen hazia zen hura, eta Medikuntza fakultatea izan zen irekitzen lehena. Ehundik gora ikasle izan ziren 1937ko urtarrilean abiatutako ikasturtean. Sei hilabeteko amets laburra, ordea; gerra frontea hiriburura iristearekin batera bukatu baitzen unibertsitatearen esperantza. Armak garaile. “Espainia berria nagusitu da”. Zetorrenaren iragarpena egin zuen Jose Maria Areilza Bilboko alkate faxistak 1937ko uztailaren 8ko hitzaldian. “Gera dadila argi: Bilbo armaz konkistatu da […]. Hemen, ez hitzarmenik eta ez hil ondorengo esker onik, baizik eta gerra lege gogor, biribil eta gupidagabea. Batzuek irabazi egin dute, eta besteek galdu, bai horixe […]. Espainia bakarra, handia eta librea gailendu da […] garaiturik erori da betirako Euzkadi zeritzan amesgaizto hori, Bizkaia Espainiaren zati bat da berriro”.
Estatutuko eskumena
Hamabost urte lehenago, 1922ko argazki zahar bat: Eusko Ikaskuntzaren III. Biltzarrean, gazte talde bat ageri da Alfonso XIII.a Espainiako erregearen aurrean kartelak eskuan dituztela. “Unibertsitatea nahi dugu”, diote esku artean dituzten paperek. Gazte abertzale horien arteko bat zen Jesus Maria Leizaola. Eta, hain zuzen, hark izan zuen 36ko hartan unibertsitate egitasmoa eratzeko ardura, Angel Apraiz Eusko Ikaskuntzako presidente eta idazkariarekin batera. Hezkuntza antolatzeko eskumena jasotzen zuen 1936ko urrian onartutako estatutuak, eta, gerra egoeran egonda ere, unibertsitatea eratzeko lehen urratsak egin zituzten. Ordura arte, Valladolid eta Zaragozarako unibertsitateetara jo behar zuten euskal herritarrek goi mailako ikasketak egiteko. Eta herritarren artean gero eta indar handiagoa zuen Euskal Unibertsitate ofizialaren aldeko aldarrikapenak.
Lehen “hazia” zen, hortaz, Eusko Irakastola Nagusia. Gerra frontea gertu zegoen, eta unibertsitatea sortzeko dekretuak berak zioen ezinezkoa zela “obra erabat perfektua” egitea. 1937ko urtarrilaren 3an hasi ziren eskolak. Ehundik gora ikaslek eman zuten izena, eta, haien artean, %7 ziren emakume. Fakultatean txertatu zen Basurtuko Ospitaleko Erizaintza eskola ere —ordura arte Valladoliden menpe zegoena—, beste 276 ikaslerekin. Euskararen derrigortasunari buruzko eztabaida ere izan zen, eta Osakintza Euskara hautazko ikasgaia baino ez zen ezarri. Jose Zinkunegi izan zen irakaslea.
Hazia jarri bai, baina kimatzeko denborarik ez. Bilboko zubiak eraistearekin batera itxi zuten unibertsitatea. Hiriburua hartu zuten frankistek; eta pentsamoldearen inbasioari ekin zioten berehala. Basurtuko ospitaleko unibertsitateari ateak ixtearekin batera, iluntasunera eraman zuten euskara eta euskal kulturaren zantzua zuen edozer. Estatu berria eraikitzera iritsi ziren faxistak, eta argi utzi zuten hori lehen momentutik.
Unibertsitatea ireki eta hamar hilabetera, hala azaldu zuen Javier Lauzurika gotzainak, Bilboko institutuak irekitzeko ekitaldian, 1937ko urrian: “Espainiako elizan eta aberrian, maitatasun guztiak bildu behar dira. Espainia diodanean, Eliza esaten dut […]. Espainia maitatzea da handiena maitatzea, gorenena. Eta, gaitzestea, aldiz, sakratuena gaitzestea da […]. Ikasleok: maitatu ezazue Espainia eta Jainkoa maitatuko duzue. Espainiak zoriontasuna emango dizue lurrean, eta Jainkoak, zeruaren erreinuan, gloria”. Horra ordutik aurrera frankismoan hazi eta heziko ziren belaunaldien heziketaren oinarria.
Eskolak, “nazionalak”
Arma eraginkorra da hezkuntza; are gehiago, gizarte berri bat eraiki eta kultura bat deseraiki nahi denean. Batasuna oinarrizko zutabea zen erregimen frankistarentzat; zentzu guztietan: lurralde batasuna, hizkuntza batasuna, kultura batasuna… Batasun horretan, oztopoa ziren euskara eta euskalduntasunarekin zerikusia izan zezakeen edozein zantzu; kulturatik hasi, eta ikurretara. Eta oztopoa desagerrarazteko bide bat izan zen hezkuntza sistema; akulturazio prozesurako zutabea. Ordura arte udal eskolak edo probintzia eskolak izandakoak “nazional” bihurtu ziren, ideologia berri baten haztegi.
Pedro Sainz Rodriguez Hezkuntza ministroak Bilbon egindako hitzartzean mandatua jarri zion euskal gizarteari: “Guk mundu berri bat aurkitu behar dugu, eta guk izango ditugu gure inperioaren uztarripean jaioko diren nazioak, eta herri horiei eman behar diegu, gure erlijio eta kulturarekin batera, gure hizkuntza. Gaztelania da gure inperioaren arma”.
Listo, makineria martxan zen. Eta, aurrerantzean, aginte publikoak aginduko zuen euskaraz noiz egin eta nola erabili ahalko zen. Erabakia hartua zuen: bizitza publikotik atera behar zen hizkuntza; eskolatik, kaletik eta elizatik. Euskararen auzia ere politikoa zen, eta ez linguistikoa.
Batasuna gorde behar bazen, katakonbetara eraman behar zen euskara, “separatismoa” eragiten zuelako. Eta batasuna “sakratua” zen. Frankok esana: “Eskualde bakoitzaren izaera errespetatuko da. Baina kalterik eragin gabe batasun nazionalari, zeina erabatekoa nahi dugun, hizkuntza bakarrarekin: gaztelaniarekin; eta nortasun bakarrarekin: espainolarekin”. Ez euskara, eta ez euskaldun. Hilerrietara ere iritsi zen debekua. 1937ko martxoan, beren menpeko herriei hilerrietan ziren ikur nazionalista eta marxistak kentzeko agindua bidali zieten Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariek.
Kanpaina ideologikoa abiatu zuen Falangeak 1937an: “Espainola bazara, hitz egin ezazu espainolez”. Norabide berean, dekretuak kaleratzen hasi zen gobernua ere. 1938ko maiatzean, Antolakuntza eta Ekintza Sindikaleko Ministerioak debekatu egin zuen gaztelania ez zen hizkuntza erabiltzea “tituluetan, elkarte izenetan, araudietan eta aipatutako ministerioaren menpeko erakundeen batzar eta bilera deialdietan”. Urte berean, erlijio ekintzetan euskararen erabilera debekatu zuen Bilboko elizbarrutiaren agintari zen Gasteizko apezpikuak.
Debekuekin batera iritsi ziren zigorrak ere. Algortako Mariano Torres bikarioa altxamendu militarra baino lehen predikuak euskaraz egiteagatik atxilotu zuten. Sondikan, Ines Jauregi eta Pilar Urrutia gazteei isuna eta 34 eguneko espetxea ezarri zieten trenean euskaraz ari zirelako. 1937ko azaroan, Crescencia Merino atxilotu zuten Bilbon, jantzietan ikurrinaren koloreak konbinatzeagatik. Eta, Areatzan, Jose Ignacio Gorostiza atxilotu zuen Guardia Zibilak 1965ean, gerrikoan ikurrinaren koloreak eramateagatik.
Zentsura nagusi
Agintarien artean euskaraz hitz egiteko debekua zabaldu ahala zabaldu ziren salaketa publikoak ere. Aski ezaguna da eskoletako “eraztunaren jokoa” ere; nola jartzen zioten euskaraz egiten zuenari, haurrak beren artean salatzera behartuz, eta nola zigortzen zuten egunaren amaieran eraztuna zeramana.
Zentsurari ateak ireki zizkion Irakaskuntza eta Kultura Ministerioak, bere menpeko batzorde garbitzaileak martxan jarriz. Honako ideia hauek jasotzen zituzten argitalpenak erre eta bahitzeko agindu zuen batzordeak: “Ordenaren aurkako ideiak, moralaren aurkako kontzeptuak, marxismoaren propaganda dutenak, gure armada aintzagarriari errespeturik ez diotenak, Espainiako batasunari erasotzen diotenak, erlijio katolikoa arbuiatzen dutenak eta gure gurutzada nazionalaren oinarrien eta helburuen aurka egiten dutenak”. Irakasleak, idazleak, kazetariak, musikariak… “arriskutsuak” ziren erregimen berrirako, eta horien lanak ere aztertu zituen garbiketa batzordeak. Resureccion Maria Azkue euskaltzainburu lekeitiarra, adibidez, nazionalistatzat hartu zuen batzordeak, karlista ezaguna zen arren.
Euskararen aurkako neurrien zerrendak ez zuen bukaerarik. Jon zirenek Juan izan behar zuten, eta Mikel zirenek, Miguel. Justizia Ministerioak esana: “Separatismoak eta marxismoak erregistro zibilean egindako anomalien aurrean, gaztelania ez den hizkuntza ala dialekto batean eginiko izen erregistroak baliogabetzea eta legez kanporatzea”.
Egunkariak jomuga
Iritzi publikoa astintzen zuten hedabideek. Eta estatuaren esku geratu zen horien kontrola ere. 1938an, Prentsa Legearen bidez, errepublikanoen aldeko hedabideak zigortu zituen. 36ko gerra aurretik zortzi egunkari zeuden Bizkaian: Euzkadi, El Liberal, El Noticiero Bilbaíno, El Pueblo Vasco, La Gaceta del Norte, Tierra Vasca, La tarde, El Nervión eta Excelsior. Gaceta del Norte errespetatu zuen Frankismoak, eta El Correo Español izena jarri zion El Pueblo Vasco egunkariari. Gainontzekoak desegin egin zituen erregimenak. Eta bere araberako hedabidea eraiki zuen: Hierro, egunkari falangista. Uztailaren 5ean argitaratu zuen egunkari frankistak lehen zenbakia, Bilbo mendean hartu eta hiru astera. Euzkadi egunkariaren egoitza eta makinak erabili zituzten hasieran, eta El Liberal-ekoak gero.
Hedabideak ere estatuaren esku geratu ziren frankismoan, hortaz. Errepublika garaikoak itxi, eta erregimenaren eraikuntza ideologia eraikitzeko oinarrizko tresna izan ziren. Norabide horretan kokatzen dira No-do famatuak ere —Albistegia eta dokumentalak—. Espainiako eta nazioarteko egoerari buruzko erreportaje laburrak ziren No-doak. Baina oinarrian beti zegoen erregimenaren propaganda ideologikoa egitea. Euskaldunak espainiar “zintzo” gisa aurkezten zituzten erreportajeetan.
Erregimen frankistak hasieratik jarri zuen martxan euskara eta, oro har, euskal kultura desagertzeko makineria. Orduko esanek eta gertakarien oihartzun mutuek gorreria eragiten dute oraindik.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
berria.eus/oroiteria