Natalia Salazar Orbe
Haurrak kantari aritzen dira berbetan hasi baino lehen. Euren ahotsa baliatuta, erritmoak eta hizkuntza soinuak manipulatzeari ekiten diote, jolasean, oharkabean. Poesia, jolasak eta errepikapenak oso baliagarriak dira haientzat. Horiek lantzen dituztenek lehenago eta errazago ikasten dute hizkuntza. Alor horretan trebatuta dauden adituek hala diote: Bularretik Mintzora programa lantzen duen Galtzagorri elkarteak edo Azalerako Ipuinak irakasten dituen Saroa Bikandik, kasurako. Bi horiekin lanean ari da Abusuko Udal Liburutegia. Abusu, auzo irakurlea proiektuaren barruan jorratzen dituzte bataren eta bestearen programak, eta gaztetxoenen irakurzaletasuna bultzatzeko prozesuan auzoko eragile guztiak inplikatzeko lanean dihardute. Proiektu horri esker, Maria Moliner saria irabazi du liburutegiak, laugarren urtez.
Espainiako Kultura Ministerioak ematen du sari hori. 50.000 biztanletik beherako udalerrietako liburutegi publikoek soilik jaso dezakete. Umeen eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko egiten duten lana aitortzen die. Bizkaian beste sei liburutegik jaso dute: Basauri, Elorrio, Ermua, Gallarta, Muxika eta Zamudio herrietakoek, hain zuzen ere.
Amaren sabelean dagoenetik hasten dute Abusun umea literaturaren munduan murgiltzeko prozesua. Programa horretan parte hartzen dute anbulatorioak, eskolek, familiek eta liburutegiak. Hala azaldu du Gotzone Butron liburutegiko arduradunak: “Haurdun dagoela anbulatorioan bertan egiten dituen lehen bisitetan azaltzen diote amari zer-nolako garrantzia duten haur literaturak, umeari irakurtzeak, abesteak eta poesiak. Umearen garapen emozionalean zein gero hizkuntza garatzen hasten den unean oso garrantzitsuak dira”.
Itziar Zubizarreta da Bularretik Mintzora egitasmoaren sortzailea. “Haurra, oraindik jaio gabe badago ere, konturatu egiten da noiz hitz egiten den berarekin, eta helduen tonuak ulertzen ditu: jostatzen ari badira, serio badaude eta berarekin ari badira edo ez badira ari. Ahotsaren tonu horiek guztiak ulertu egiten ditu. Hala, oso txikia denetik hizkuntzak eta berarekin komunikatzeak garrantzi handia du haurraren enkaje afektiboan, sozialean eta intelektualean”.
Haur literaturak oso ezaugarri aproposak ditu komunikazio hori hobetzeko eta eraginkorrago egiteko: “Batez ere, erritmoaren presentzia du. Erritmo horiek bat datoz haurraren erritmo naturalarekin: alegia, biko erritmoarekin”. Mundu osoan erabiltzen da erritmo hori bera jolasetan eta kantuetan. “Sehaska kantuetan zein hitz jolas txikietan, esaterako: Honek arrautza ekarri, honek olioa… Erritmo eta frekuentzia jakin batzuk erabiltzen dituzte, eta frekuentzia horiek egokiak eta onak dira ikasteko”.
Erritmo horiek haurrengan patroi batzuk sortzen dituzte. “Eta, analogiaz, hizkuntza konposatzen laguntzen diete”. Horregatik erabili dira historiaurretik gaur egunera arte. “Sen horri jarraituz, gizakiak jolas eta kantu berak egiten ditu mundu osoan. Horiek denak oso eraginkorrak dira haurrentzat beren lehen harremanak eraikitzeko”.
Anbulatorioan egindako gomendioei jarraituta liburutegira jotzen duen gurasoen kopurua ez da oso handia. Hala aitortu du Butronek. “Bide hori oso zaila egiten ari zaigu”. Hala ere, badira hurrengo pauso hori ematen dutenak. Saroa Bikandi aurkitzen dute, orduan, Azalerako Ipuinak programa lantzeko. Ume jaioberrietatik hasi eta 3 urtera bitartekoen irakurzaletasuna bultzatzeko tresnak ahalbidetzen dizkie gurasoei.
“Adin horretan umeek elikatzeko beharra dute: janaria behar dute, baina maitasun eta ukitzeko beharra ere badute. Horiez guztiez gain, hizkuntzaren beharra ere badute. Guk haurrek daukaten egarri hori elikatzen badugu, ipuintxoak kontatzen badizkiegu, olerkiak abestu, jolastu… hazia jartzen ari gara, geroko irakurzaletasuna errazteko”.
Ahozkotasuna landuta bultzatzen du Bikandik txikienen irakurzaletasuna. “Hitz jokoak, onomatopeiak, errimak, erritmoak” eta antzekoak baliatzen ditu. Aldi berean, albumak edo liburuak erabiltzen ditu, “haur literatura txiki-txikitatik ezagut dezaten, apurka”.
Gurasoen parte hartzea nahitaezkoa da 45 minutu irauten duten saio horietan. “Helburua da gurasoak motibatzea ahozkotasuna eta haur literatura lantzeko prozesu horretan”. Haurrak horren txikiak izanik, masajeak ere tresna aproposa dira. Horien bitartez ipuinak kontatzen dizkiete, eta abestu edo jolastu egiten dute.
Liburu sinpleak aukeratzen ditu gurasoekin batera haurrak erakartzeko. “Adin tarte horretarako proposatzen direnak erabiltzen ditut: poemak dauzkatenak, hitz jolasak eta oso egitura zehatza eta erraza dutenak. Esaterako, gehikuntza egitura dutenak”. Oso eskema sinplea dute ipuin horiek. Arazo bat suertatzen da. Esaterako: animalia batek ilargia harrapatu nahi du, baina ezin du. Beste bati deitzen dio. Badator. Ahalegintzen da, baina horrek ere ez du lortzen. Beste bati deitzen dio, gero beste bati. Eta, azkenean, azkenak lortzen du harrapatzea. “Gehiketa egiturazkoak esaten zaie umeek badakitelako zer gertatuko den. Eta horrek segurtasuna ematen die. Bigarren pasarterako ulertua dute egitura”.
Gurasoek gozatzea
Garrantzitsuena da gurasoek gozatzea haurtxoei ipuinak kontatzen dizkieten bitartean. “Inportantea da kontatzen duten hori gustuko izatea”. Gurasoaren transmisio horrek eragin zuzena du-eta haurrarengan.
Sei urte daramatza Saroa Bikandik Azalerako Ipuinak programa lantzen. Urte horietan guztietan nabari du aldea dagoela gurasoek irakurzaletasuna landu duten umeengan eta hala egin ez dutenengan. “Euren hizkuntza elikatzen badugu, deskodetzen hasten direnean, alegia, irakurtzen hastea egokitzen zaienean, baliabideak izango dituzte; elikatua izango dute atal hori”. Beraz, erraz ulertuko dute irakurtzen dutena.
Horren haritik, umeengan identifikatuta dagoen arazo bati buruz mintzatu da: irakurtzen jakin bai, baina irakurritakoa ulertzea zail samarra egiten zaienen arazoa. “Kasu horietan, zakua ez dute izaten betea. Beraz, zailagoa gertatzen zaie”.
Azalerako Ipuinei ikastetxea, etxea eta liburutegia lotzen dituen jarduerak hartzen die lekukoa Abusun: Motxila Ibiltariak. Zamakola ikastetxeko eta Abusu ikastolako Haur Hezkuntzako ikasgela bakoitzean motxila txiki bat dute. Astero, ikaskide batek hartzen du haren ardura, eta gurasoekin batera liburutegira joaten da, gustuko duen liburu bat aukeratzera. Bizpahiru egunetan etxean irakurri eta aztertzen du umeak, familiarekin batera. Ostean, ikasgelara eraman behar du. Astebetez egongo da han, liburu gonbidatu bezala. Denbora hori bukatuta, beste ikaskide batek itzuliko du liburutegira, eta prozesu berari emango dio jarraipena.
Bularretik Mintzora egitasmoaren barruan dago programa, eta, horren bidez, irakurketa ohiturak lantzen dituzte. Euskaraz egindako 300 libururen zerrenda bat bermatzen du, batetik. “Bestalde, bermatzen dugu ikastetxeetan astero liburu on bat sartzen dela kontatzeko, begiratzeko, komentatzeko edo besterako. Eta haur horien etxeetan ere, bi hilean behin, liburu on bat sartzen da”. Hala azaldu du Zubizarretak. Butronek ere “oso positiboa” deritzo. “Familiaren inplikazioa oso garrantzitsua da adin horretan. Eta horrek jende asko eta familia berri asko erakarri ditu liburutegira”.
Bikandik ere 8 urtera arteko irakurzaletasuna lantzen du Abusun, Liburuen Poltsa irakurketa klubaren bitartez. Beste era batera egiten du berak lanketa hori. “Formatua aldatzen da. Liburu bakoitzetik adierazpen plastiko bat ateratzen dugu”. Alegia, eskulantxo bat egiten dute Bikandik irakurritako ipuinaren inguruan.
Dagoen bibliografia askotarikoa ezagutzeko modu bat ere bada. Izan ere, familia bakoitzak hilean liburuz betetako poltsa bat eramaten du etxera. “Bueltan ekartzen dutenean, irakurritakoari buruz hitz egiten dugu”. Hala, familiek beti izango dute libururen bat umeei irakurtzeko. “Gainerakoan, hankamotz gaude. Helburua da baliabide asko izatea”.
Programa batean eta bestean lantzen dituen zenbait libururen berri eman du. Azalerako Ipuinak atalean, Ilargia, Txomin txitatxoa eta Esku jokoak gomendatu ditu, besteak beste. Liburu Poltsari dagokionez, Igeritz, Ez da munduan min handiagoa ematen duenik eta Kezkaxumelak aipatu ditu.
Bularretik Mintzora egitasmoak irakurzaletasuna bultzatzeko saiakeroi buruzko datu kualitatibo eta kuantitatiboak bildu ditu. Lehenengoei buruzko ondorioak laster kaleratuko dituzte. Egitasmoak hizkuntzaren ulermen estrategietan eta garapen emozionalean duen eragina aztertu dute.
Abusu Sarean
Liburutegia ez ezik, auzo guztia eta bertako eragile guztiak inplikatu nahi dituzte Abusun. Butronek argi du: “Irakurzaletasuna sustatzeko lan hori ez dugu utzi nahi soilik liburutegiaren eta ikastetxeen eskuetan”. Besteak beste, kartelak egin dituzte. Horietan, auzoko bizilagunak irakurtzen ageri dira, Abusu “auzo irakurle bat” den adierazgarri.
Asmoa argia da: “Gainerakoan haurrek edo gazteek jasotzen duten mezua da ikastetxeetan eta liburutegian agintzen dietela irakurtzeko. Guk zabaldu nahi duguna da irakurtzea sekulakoa dela”.