‘.eus’ domeinuaren aldeko apustua handitzen ari da

Euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da .eus. Euskara eta euskal kultura sustatu, eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea du helburu.

Ia bi urte dira .eus domeinua erabilgarri dagoela, eta, bi urte hauetan, 6.000 enpresa, hainbat erakunde eta norbanakok bat egin dute komunitatearekin domeinu izenak erregistratuz.

Gaur egun, .eus da Hego Euskal Herrian hazkundean dagoen Interneteko domeinu bakarra; gainerako domeinu guztiak (.com, .net, .es eta abar), batez beste, %7 jaisten ari dira, baina .eus-ek %18ko hazkundea izan du 2016ko lehen bederatzi hilabeteetan.

Lurralde guztietan eta sektore guztietan ari da gertatzen .eus domeinuaren hazkundea. Bizkaian, esate baterako, domeinu-izenen %30 enpresek erregistratu dituzte, %16 erakunde publikoek eta %20 euskararen eta kulturaren arloko erakundeek. Webgune askok egin du .eus domeinuaren aldeko jauzia; eta, horri esker eta webgune horien kalitateari esker, munduko 783 domeinu berriren artean egindako azterketan 4. postua lortu du .eus-ek kalitateari eta SEOri (Search Engine Optimization) dagokionez, hau da, bilaketa motorretan hobereneratzean.

Bizkaiko erakunde publiko nagusien .eus domeinuaren aldeko apustua garbia da. Bizkaiko Foru Aldundia eta Eudel elkartea adibide batzuk dira. Domeinua erabiltzeaz gain, erakunde horiek dei egin diete Bizkaiko enpresei, erakundeei eta abarri beren webguneetan .eus domeinua erabil dezaten.

6.000 .eus horiek asko eta askotarikoak dira, izaeran eta motibazioan. Izen handiko erakundeak daude komunitatean. Bizkaiko Foru Aldundia eta Eudel elkarteaz gain, Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilboko Udala, Athletic Club eta BERRIA egunkaria, besteak beste. Baita, enpresa handiak ere: hala nola Petronor, Gallastegi Harategiak eta Bidaguren Gozotegia saltokiak, Gaurko Abokatuak bulegoa, edota kulturaren munduko hainbat idazle eta musikari —Bernardo Atxaga, Kepa Junkera, Gatibu, Esne Beltza eta Petti—.

Azken batean, edonork atera diezaioke probetxua .eus domeinuari.

Batz Group kooperatiba igorreztarrarentzat, batz.eus webgunea baliabide bat da, “zuztarrak bertan eutsita eta adarrak mundura zabalik, gure hizkuntza eta kultura garatzeko”.

Gero eta gehiago dira webgunea duten merkatariak. Gili-Gili, Bilboko alde zaharreko arropa dendako arduraduna da Manoli Bengoetxea, eta .eus domeinupean dauka webgunea: “giligili.eus gara, euskaldunak garelako. Bizitzako arlo guztietan euskaraz bizi garenez .eus-ekin identifikatzen gara”.

Nabarnizen dagoen Nabarniz jatetxeko Lorena Zubizarretak nortasunarekin lotzen du jatetxenabarniz.eus helbidea: “Guk .eus izatea pentsatu dugu, gure jatetxearen markari nortasuna ematen diolako”.

Profesionalen arloan, Aiert Buruaga Durangoko arkitektoaren webgunea ab-ark.eus da: “Nire marka mundu digitalean kokatzeko eta euskararekin lotzeko, .eus naiz”.

ESKAINTZA BEREZIA

.eus domeinuak bi urte beteko ditu abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean eta Durangoko Azokaren erdian. Urtemuga hori ospatzeko, eskaintza berezia egingo da azaroaren 25etik abenduaren 6ra, eta domeinua 9,95 euroren truke erregistratu ahal izango da.

Gainerako domeinuak bezalaxe, .eus domeinu izenak enpresa erregistratzaileen bitartez eskuratzen dira. Aukeraketa errazteko, www.domeinuak.eus Interneteko helbidean begira daiteke aukeratutako izena eskuragarri dagoen. Baita enpresa erregistratzaileen eskaintzak ere. Domeinu izena erregistratzeko informazio guztia, berriz, helbide horretan lor daiteke.

Zalantzak izanez gero, Puntu Eus fundazioan atsegin handiz argitzen dituzte, eta lagundu ere egiten dute erabiltzaileak erraztasun guztiak izan ditzan. Telefonoz (943-08 50 51), posta elektronikoz (laguntza@omeinuak. eus) eta Whatsapp bidez (665-77 09 45).