Natalia Salazar Orbe
Bide bazterretan bizikletan joaten diren txirrindularien babesik eza eta arriskua nabariak dira. Hainbat istripuk utzi dute agerian. Txirrindulariak aurreratzeko orduan zuhurtzia handiz jokatu behar da, segurtasun tarteak errespetatuz. Legeak ere hala dio: metro eta erdiko distantzia utzi behar da ibilgailutik txirrindulariarekiko. Bi gurpilen gainean babesteko inongo elementurik gabe doan pertsonaren osotasuna bermatzeko neurri horrek zentzuzkoa badirudi ere, asko dira betetzen ez dutenak. Eta hainbat harrapaketa gertatzen dira urtero. Istripu horiek saihesteko, Marra Gorria ekimena ezartzeko eskaera egin diote Batzar Nagusiek aldundiari. Aho batez onartu dute eskaera.
Neurri hori ezartzeak ez du lan handirik eskatzen. Bidean marra gorri bat margotu besterik ez da egin behar ibilgailu motordunek bizikleta bat aurreratzeko orduan errespetatu behar duten distantzia markatzeko.
Erandioko Txirrindulari Elkarteak aurkeztu zuen ekimena joan den maiatzaren 13an Batzar Nagusietan, Herritarrekiko Harremanetarako batzordean. Alderdiek arauz besteko proposamena egin zezaten zen elkartearen helburua. Eta hala egin dute. PPk izan ezik, gainerako taldeek sinatu zuten proposamena. Azkenean, aho batez onartu zuten denek, joan den astean.
Sei hilabeteko epean txosten juridikoa egin dezala eskatu diote Batzar Nagusiek aldundiari, neurria Bizkaiko errepideetan ezartzea bideragarria den ebatz dezan. Era berean, erakunde horrek argitu egin beharko du Marra Gorria ekimenak talkarik egiten duen arlo horretan dauden bestelako arauekin. Hala, aplikatu ahal izateko izan daitezkeen zailtasunak eta trabak aztertuko dituzte; teknikoak zein legeari dagozkionak.
EH Bilduk ohar bidez nabarmendu duenez, ibilgailu motordunen eta txirrindularien arteko bizikidetza hobetzea da ekimen horren asmorik garrantzitsuena.
Urte askotako eskaera
Erandioko Txirrindulari Elkartea 1999az geroztik ari da eskaera hori egiten. Urte hartan Erandioko txirrindulari bat hil zen bizikletan zebilela, auto batek harrapatuta. Orduz geroztik ari dira eskatzen erandioztarrak errepideen bazterbidetik 1,5 metrora marra gorria margo dezaten.
Inbertsio txiki bat besterik eskatzen ez duen neurri horri esker auto gidariak kontzientziatu egingo direla sinetsita daude. Baita txirrindularien segurtasuna bermatuko dela ere. Era horretan, batzuen eta besteen arteko elkarbizitza hobetu eta errespetua bermatzeko neurri baliagarri bihur daiteke.