Ainhoa Larrabe Arnaiz
Elkartu, hausnartu, kontzientzia hartu, sareak sortu… Esaldi bakarrean, eremu politiko eta sozialean emakumeen parte hartzea indartzea. Horiek dira, besteak beste, emakumeen ahalduntze eskolen helburu nagusiak. Bizkaian gero eta luzeagoa da andreen jabekuntza eskolak egiten dituzten udalerrien zerrenda. Arratia gehitu zaio zerrenda horri aurten. Estreinakoz egingo dituzte jabekuntza eskolak eskualdean. Eta datozen urteetan norabide berean lanean jarraitzeko konpromisoa ere hartu dute eskualdeko udalek eta mankomunitateak. Erakundeek ez ezik, inguruko emakumeen elkarteak eta mugimendu feministak ere bat egin dute egitasmoarekin.
Adibide bat da Arratiakoa. Jabekuntza eskolen zerrendara gehitu den Bizkaiko azken eskualdea. Andreen partaidetza publikoa “sendoagoa” izatea nahi dute arratiarrek, eta emakumeak gizartea “eraldatzeko” eragile aktiboak izan daitezen hausnartuko dute jabekuntza eskoletan.
Autorretratu eta sorkuntza artistikorako tailerrak, ekonomia feministari buruzko solasaldiak, norbere baitan duen umea onartzeko tailerrak, maitasun erromantikoari buruzko mahai inguruak, jendaurrean hitz egiteko baliabideei buruzko mintegiak edota zahartzaroaz aritzeko hitzaldiak… Asko dira ahalduntze eskoletan lantzen diren gaiak, eta asko dira eduki horiek lantzeko metodologiak ere. Emakumeen formazioa eta parte hartze politiko eta soziala bultzatzeko tresnak lantzen dira horietan guztietan.
Baina hortik harago doan ikuspegia ere azaldu du Leire Groven Basauriko Marienea emakumeen etxeko kideak. “Guretzat onuragarria zer den identifikatzeko tresnak eta baliabideak ditugu emakumeok. Eta, kasu askotan, hainbat gauza deseraiki ere egin behar ditugu. Sinestarazi digute bizi behar izan ditugulako izan ditugula hainbat bizipen. Emakume izatearen rolagatik soilik. Pentsamolde hori guztia deseraikitzea ere beharrezkoa da. Eta hori lortzen da jabekuntza eskoletan, besteak beste. Ikuspegi bat deseraiki eta errealitatea bestelako ikuspegi batetik eraikitzeko gaitasunak jasotzen ditugu”. Horregatik dio identifikaziorako toki “pribilegiatuak” direla andreen jabekuntza eskolak. “Badira hainbat errealitate herriko gainontzeko zerbitzuei ihes egiten dietenak, eta horiek aztertzeko baliagarriak dira jabekuntza eskolak. Espazio propio bat aurkitzen dute emakumeek bertan, eta garrantzitsua da hori”.
Basauriko esperientzia gertutik ezagutzen du Grovenek. Marienea emakumeen etxeko kidea da bera. 2012an ireki zuten etxea, eta Marienearen aitzindari izan zen Basauriko Jabekuntza Eskola; 2003an sortu zen arren, Marienean kokatu arte ez zuen leku propiorik izan. Emakumeen ahalduntze eredu hori bultzatu duten herrien artean, aitzindari izan da Hego Uribeko herria.
Gaur egun udaleko berdintasun politikatik bultzatzen dira ahalduntze eskolak, gehienetan. Baina kalean eta mugimendu feministan errotu zen filosofia hori. Basauriko kale eta plazak izan ziren horren eszenatoki nagusiak. Eta mugimendu feminista izan zen subjektua. Hala azaldu du Marieneako kideak. Basauriko mugimendu feminista eta andre elkarteak elkartu, eta hainbat egitasmo abiatu zituzten. “Udal politiketan zeuden gabeziak bete zituen mugimendu feministak. Planifikazio familiarrerako zerbitzua eta emakumeentzako informazio zentroa, tartean”. Gaur egun udalek eskaintzen duten zerbitzua, orduko andre elkarteetan antolatutako emakume mediku, legelari eta norbanakoek kudeatu zituzten.
Mugimenduaren txinparta
Kalean piztu zen jabekuntza eskolen lehen txinparta, hortaz. Eta nolabait, izen hori eman gabe ere, emakumeen jabetze eskolen filosofia hori errotzen ari ziren Basauriko emakume horiek guztiak beren jardunarekin. Herri mugimenduen ahotsa udalera sartzea lortu zuten 2000. urtean, eta mugarria izan zen urrats hori. Udalean Berdintasun Saila martxan jartzearekin batera, forma eman zioten Basauriko Jabekuntza Eskolari. “Politika publikoetan emakumeen partaidetza sozio-politikoa bermatzeko egin beharreko urratsen inguruan hausnartzen hasi ziren orduan. Eta hortik sortu zen jabekuntza eskolen ideia. Latinoamerikatik hartu zuten filosofia. Bertako jabekuntza eskolek nola funtzionatzen zuten aztertu zuten Basauriko hainbat emakumek”.
2003an egin zituzten lehen eskolak. Eta norbanako gisa eta kolektiboki hausnartzeko balio dutela azaldu du Marieneako kideak. “Prozesu indibidualak lantzeko eta behar propioak garatzeko espazioak dira. Eta hori guztia guztiz lotuta dago emakumeek betetzen ditugun rolekin, edo historikoki emakumeek jaso ditugun rol horiekin. Horregatik, interes estrategikoen alde lan egitea ere bada jabekuntza eskolen beste lan bat. Kolektiboki, parte hartze erreala bultzatzea dute helburu; eta batez ere erabaki prozesuetan eta esparruetan andren parte hartzea handitzea. Jabekuntza pertsonalean, kolektiboan eta politikoan aurrera egiteko baliabideak jaso eta emakumeen aktibazioa bilatzeko espazioa da”.
Bizkaian ez ezik, Euskal Herri osoan aitzindaria da Basauriko eskola. Jaio eta urtebetera jarri ziren martxan Ermuan eta Getxon. Eta Ondarroan gero. Hiru udalak elkartu eta Bizkaiko jabekuntza eskolen sarea sortu zuten handik gutxira. “Sarea ez zen kasualitatez sortu. Mugimendu feministako kideak ziren lau udaletako teknikariak eta filosofia hori oinarrizkoa izan zen sarea sortzeko. Ordutik, proiektuak martxan jarri eta sistematizatu egin dira, jabekuntza eskolen inpaktua jasotzea errazten duelako horrek. Ondorioak oso baikorrak dira”.
Eskoletatik sortutakoak
Ikusi ere egin daitezke ondorio horietako asko. Horren adibide dira Basauriko jabekuntza eskolatik sortu diren elkarteak. Hiru aipatu ditu Grovenek: Las Kapritxosas pailazo taldea, Basfemband banda feminista eta Saharako emakumeen elkartasun taldea den Hemengo eta hango emakumeak. “Badaude talde autonomoak ere. Juridikoki elkarte gisa antolatuta ez dauden arren lan egiten dutenak”. Txalaparta taldea eta literatura kluba dira horietako batzuk.
Zure ondoan elkartean ere geldialdia egin du Grovenek. Genero indarkeriaren biktimek osatzen dute. “Errealitate latzak dituzte atzean. Andre horien nahia beti da emakume gehiagok egoera bera ez bizitzea edo beste emakume batzuei laguntzea. Elkartu eta detekzio lana egiten dute emakumeek”. Herritarren erreferentzia bihurtu dira elkarteko kideak. Eta beraiengana jotzen dute laguntza eske askok. “Ez dira erakundeetatik sortzen, ez eta herri mugimendutik. Baina oinarrizkoa den funtzio bat betetzen ari dira”.
Norabide horretan, gizarte mugimenduen eta erakundeen jarduna eta espazioak errespetatzeko beharraz aritu da Groven. “Erakundeak gizartearen erritmoetara egokitu behar dira, eta ez alderantziz. Marienea emakumeen etxeak edo jabekuntza eskolek ezin dute gizarte mugimendua ito edo ahuldu. Presio gune eta aldarrikapenerako espaziok dira mugimenduak. Gauza batzuetan erakundeen eskutik doaz, baina beste batzuetan ez. Garrantzitsuena adostasuna bilatzea da, betiere bakoitzak duen papera aintzat hartuta”. Marienea etxeak ahalbidetu du bi eragileen arteko koordinazio hori.
Erreferente bihurtu dira Basauri, Ermua, Ondarroa eta Getxokoak. Eta pixkanaka ahalduntze eskolak antolatu dituzte Bizkaiko beste hainbat herritan ere: Berrizen, Abadiñon, Elorrion, Durangon… Erandio eta Sopelara ere hedatu dira eskolak. Arratian, aurtengo ikasturtean jarri dituzte martxan. Mankomunitatetik bideratu dute proposamena. Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanuriko udalek eta eskualdean dauden andra talde zein norbanakoek hartu dute parte prozesuan.
Abiapuntua, ezarrita
Urte hasierarekin batera ekin zioten Arratian egitasmoari. Eskualdeko udal guztietako ordezkariak elkartu, eta jabekuntza eskolak egiteko proposamena egin zien Miren Urresti orduko berdintasun teknikariak. Adostasun zabala izan zuen egitasmoak eta berehala jarri ziren martxan, Xabier Pastorren arabera. Urrestiren tokia hartu du orain Pastorrek, eta bera izango da aurrerantzean eskualdeko jabekuntza eskolen koordinazioan arituko dena. Udalekin egotearekin batera, eskualdean dauden emakume taldeengana eraman zuten proposamena. Elkarlanean prestatu dituzte eskolak. “Mankomunitateak laguntza teknikoa ematen du. Udalek, baliabide ekonomikoak bermatzen dituzte eta baita eskolak egiteko espazio fisikoak ere. Andre talde eta norbanakoek eskolen egitaraua prestatzen lagunduko dute, eta parte hartzaile zuzenak ere izango dira”.
Pastorrek azaldu du urtarriletik hona topaketak egin dituztela hilero, jabekuntza eskolen helburuez aritzeko. Emakumeen formazioari buruz eta herrian eragile aktibo izateko andrek behar dituzten baliabideei buruz aritu dira topaketa horietan. Eta ikasturte honetako egitaraua ere prestatu dute: hamaika ikastaro, hitzaldi bat eta bi aurkezpen egingo dituzte guztira. Ondoren, ikasturte bukaera jai batekin ospatuko dute. Abiapuntua ezarri dute eskualdean.