Natalia Salazar Orbe
Herritarrek euren etorkizunari eta egunerokoari buruz erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak ez du etenik. Batetik bestera ehuntzen ari dira oihartzun hori. Beste bederatzi herrik iragarri dute datorren urtean egingo dutela galdeketa: Abadiñok eta Zornotzak, Durangaldean; eta Uribe Butroen, ondoko beste zazpiek: Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Gatika, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungiak.
Horiek dira galdeketarako data 2017an ezarri duten azkenak. Hala ere, aurretik ere herri gehiagok iragarria zuten datorren urtean gauzatuko zutela euren erabakitzeko eskubidea. Barrika, Bermeo, Busturia, Durango, Elorrio, Larrabetzu, Lemoiz, Orozko, Sopela eta Urduliz dira horietako batzuk. Iragarpenez gain, azken egunetan Gure Esku Dago dinamikarekin lotuta hainbat jarduera egin dituzte batean eta bestean. Baita dagoeneko galdeketa egina duten herrietan ere.
Atzerako kontaketa martxan hasi dute Abadiñon. Joan den asteko ostegunean erabaki zuen bertako Gure Esku Dago taldeak datorren urterako galdeketari baietza ematea. 28 abaiñoztar elkartu ziren bertan, eta 27ren babesa jaso zuen proposamenak.
Batzar hura lehen mugarria izan zen. Baina beste batzuk etorriko dira. Lau ezarri dituzte adostutako kronograma edo egutegian; horietako bakoitza herri batzar bat izango da. Azarotik aurrera sinadurak biltzen hasiko dira. Horretarako, besteak beste, postuak jarriko dituzte kalean.
Argi dute herri galdeketaren prozesua aurrera eramateko beharrezkoa dela ahalik eta talde zabalenaren ekarpena. Hori lortzeko, laguntzeko edo parte hartzeko prest daudenei dei egin diete. Helbide elektroniko bat jarri dute erabiltzaileentzako eskuragai: abadinogureeskudago@gmail. com. Sare sozialetan ere badituzte profilak.
Galdeketan parte hartzeko eskubidea askatasunaren ikur gisa defendatu du talde eragileak: “Erabakitzeko eskubideak ez du baldintzatzen erabakia bera: erabakia hartzeko jartzen du bidea, bakoitzak ibili dezan nahi duen aldera”.
Aitzindaria izan zen Arrankudiaga-Zollo Bizkaian. Nafarroako Etxarri-Aranatzen atzetik, bigarrena izan zen Euskal Herrian galdeketa egiten. 2014ko azaroan egin zuten, horretarako propio sortu zuten Ados plataformak sustatuta. Erabakitzeko eskubidea praktikan jarri zutenetik bi urte betetzear direnean, plataformak aurkeztutako bost puntuko mozioa onartu berri du udalak, aho batez. Hala, kontsultari legitimotasuna eta izaera historikoa aitortu dizkiote. Etxarri-Aranatzekin senidetzeko prozesua hasiko dute. Udalbatzak parte hartuko du galdeketaren urteurrena ospatzeko antolatu diren ekitaldietan eta plaka oroigarriari estalkia kentzeko jardueran. Azaroaren 6an egingo dituzte bi ekitaldiok. Gure Esku Dago dinamikarekin lotuta hartzen diren erabakien berri bandoen bidez jakinaraziko du udalak. Azkenik, Etxarri-Aranatzekiko senidetzea iragartzeko seinaleak jarriko ditu udalak herrian.
Dimoztarrak dira galdeketa gertuen dutenak. Azaroaren 27rako dute deituta. Motoreak erabat berotuta badituzte ere, ari dira ekitaldi eta jarduera gehiago egiten. Joan den domekan, esaterako, Francoren diktaduraren ostean herrian izandako alkate eta zinegotziak elkartu zituzten, eta Euskal Herriarentzat erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten.
Aldarrikapen hori hiru arrazoietan oinarritu dute: “Euskaldunok nazio bat osatzen dugu. Euskal Herriak historian zehar izan dituen eskubideak berreskuratzea gura dugu. Eta Euskal Herriaren burujabetasuna gura dugu”.
Gogora ekarri zuten historian zehar hainbat aldiz Euskal Herriarentzako burujabetasunaren defentsa egin izan dutela herriko ordezkariek: “Batzuetan herri mailan, eta beste batzuetan, garaian garaiko erakundeetan”. Besteak beste, 1936ko azaroaren 23an Dimako Udalak Espainiako Errepublikako Gobernuari eskatu zion 1839ko urriaren 25eko lege dekretoa bertan behera utz zezan, lege horrek burujabetasunaren adierazle ziren foruak murrizten dituelako. “Legeak gure herriaren berezko askatasuna deusezten du, eta horrexegatik egiten da protesta, behin eta berriro, oraindik indarrean dagoen lege horren kontra”.
Uribe Butroeko hainbat herri buru-belarri ari dira eurenetan herri galdeketa antolatzeko prozesuak garatzen. Eskualde osoko batzorde sustatzailearen aurkezpena egin zuten domekan, Gatikan. Alkar Hartuta elkarteak sustatuta, 2017ko udaberrian gauzatuko dute erabakitzeko eskubidea ondoko herriek: Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Gatika, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungiak. Oraingoz, lehenengo urratsa jarri dute martxan. Sinadura bilketa bat abiatu dute. Horrek bermatuko du herri galdeketa. Abenduaren 18ra arte izango da sinatzeko aukera.
Hurrengo pausoa, galdera zehaztea izango da. “Parte hartze, hausnarketa eta adostasun prozesu batetik jaioko da galdera hori”, zehaztu zuten txalapartak lagunduta eta jai giroan egin zuten agerraldian. Galdera aukeratuta, galdeketaren data zehaztuko dute. “Prozesu honetan parte hartzaile kopurua izango da gure galdeketa bermatuko duena, eta horretan ahalegin eta indar handia jarri beharko ditugu”.
Zenbait herri aurrerago doaz prozesuan, eta beste batzuk, hastapenetan daude. Tarteko bidean legoke Zornotza, beste askoren antzera. Galdeketa egiteko erabakia hartua du. Eta datorren urtean du helmuga. Abadiñon legez, joan den asteko ostegunean hartu zuten, “harrotasunez”, euren herrian prozesu hori martxan jartzeko “ohorea”.
Prozesu horrek “zabala, gardena eta anitza” izan behar du. Horretarako, herriko sektore guztiei parte hartzeko deia luzatu diete: indar politiko eta gizarte eragile guztiak gonbidatu dituzte. Baita hezkuntza, emakume, kirol, kultura, euskara, ekologia, gazteri, lan arlo edota hirugarren adinekoei ere, besteak beste. Hainbat deialdi publiko egingo dituzte, hala nahi duenak, proiektu horretan “modu aktiboan” parte har dezan.
Beraz, hormak eta harresiak maite ez dituzten herritarrak lanean ari dira kostaldetik hasi eta barrualdeko herrietaraino. Mugarik jarri behar ez zaien urek libre beheratzen jarrai dezaten egin ahalak egingo dituzte, milaka urtez egin legez.